162 hautagaik erantzun dute instituzio bilakaerari buruz

Batera-k galdera egin die estatus bereziko lurralde elkargo baten alde diren ala ez. Galdetu du hautetsiek tokian-tokian gaia bultzatu eta hausnarketan parte har dezaten.

Batera plataformaren biltzar nagusia, iaz, Ezpeletan. PATXI BELTZAIZ
Batera plataformaren biltzar nagusia, iaz, Ezpeletan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko martxoaren 9a
16:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriko bozak iristen direnean, ohikoa bilakatua da tokian-tokian aurkezten diren hautagaiei gai ezberdinen inguruko galderak egitea. Hala egin du Batera plataformak aurten Ipar Euskal Herriko bilakaera instituzionalari buruz, eta 162 hautagaik erantzun diote mementoko. Ostiralean bukatuko da kanpaina ofizialki, eta egun horretan amaituko da galdetegia erantzuteko epea. Batera-ko kideak «satisfos» agertu dira jasotako erantzun kopuruarekin eta jaso duten harrerarekin. 

Funtsean, biziki galdetegi laburra da hautagaiei proposatutakoa. Ipar Euskal Herrian estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzeari buruzkoa da lehen galdera, hautagaiak aldekotasun maila adieraz dezan. Bigarrenak gaia landu eta gogoetan parte hartzea proposatzen du, hautetsi izanen diren lekuetan instituzio bilakaeraren alde eginez edo hausnarketa kolektiboetan parte hartuz proiektua sakontzeko. 

Otsail hasieran jakinarazi zuten Batera-ko kideek hautagaienganako lan hori abiatuko zutela. Izan ere, 2026-2032 agintaldia «erabakigarria» izanen dela iritzi diote. Bi helburu ditu desmartxak: instituzio bilakaeraren erronka lehen lerroan jartzea eta hautesleen boza bideratzea. Izan ere, Batera-k oroitarazi du «herritarren %62 bilakaera instituzional horren alde» direla, eta ondoko asteetan herriko bozetako hautagaiak gehiengo herritar horren ordezkari bilakatuko direla.

Azken hilabetean, plataformak bere ekinaldia aurkezteko lau bilkura publiko antolatu ditu: Angelun, Urruñan (Lapurdi), Lartzabalen (Nafarroa Beherea) eta Maulen. Horien bidez, hautagaiekin eta herritarrekin zuzenean solastatzeko parada izan du, Ipar Euskal Herriko bilakaera instituzionalari buruz eta bilakaera horretan tokiko hautetsiek izan dezaketen rolari buruz.

Eskumen eta baliabide gehiago

Azaroaren 22an foroa antolatu zuen Batera-k instituzio berriari buruz gogoeta kolektiboa bultzatzeko. Hainbat hitzaldi izan ziren, eta talde txikitan ere eztabaidatu zuten. «Euskal Hirigune Elkargotik eraginkorrago, demokratikoago eta tokiko errealitateei hobeki egokitutako instituzio eredu berezi batera pasatzeko beharra argiki nabarmendu zen», haien hitzetan.

Ipar Euskal Herriko instituzio berriak handinahiagoa eta botere handiagokoa izan behar duela ere azpimarratu zuten parte hartzaileek. «Ezinbesteko hiru elementu nagusi eman ziren: eskumen gehiago behar dira, baliabide gehiago behar dira, eta ekintza publikoak lurraldeetatik eta herritarretatik hurbilago izan behar du».

Gaur egun, Lyon hiriguneko metropolia da Batera-ko kideek duten inspirazio iturrietako bat. Horretarako, Pirinio Atlantikoetako departamendua bitan zatitu, eta Euskal Hirigune Elkargoak haren eskumenak bereganatuko lituzke; Akitania Berria eskualdearen eskumen batzuk bereganatzea ere aukera bat izan liteke. Baina estatus bereziko lurralde elkargo bat lortzeko, Frantziako Asanblearen lege bat behar da. Ipar Euskal Herrian gehiengoa lortzeaz gain, han ere jokatuko da bataila. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA