Ipar Euskal Herriko hautetsi talde zabal batek Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetari idatzi dio, eta jakinarazi diote «arrangura handia» sentitzen dutela euskararen arloan Frantziako Estatuko zerbitzuek azkenaldian bultzatu dituzten hainbat prozedura eta esku hartzeri buruz. Sinatzaileen artean dira Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak eta Frederique Espagnac senataria, Departamenduko eta Eskualdeko hainbat hautetsi, eta 87 auzapez; hala nola, Jean Rene Etxegarai Baionakoa, Jean François Hirigoien Donibane Lohizunekoa, Isabelle Pargade Hazparnekoa, Peio Etxeleku Kanbokoa, Kotte Ezenarro Hendaiakoa edo Maider Behotegi Bardozekoa —EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria ere bada—. Hautetsien ordezkaritza batekin bilkura egin dezala eskatu diote prefetari, «euskara babestu eta garatzeko elkarlanean» aritu daitezen.
Ikusi gehiago
Azken hilabeteetan, euskara ofizialki aitortzeko deliberoak hartu dituzten hainbat herriko kontseilutan. Baina horien kontra helegiteak jarri ditu prefeturak hamabost kasutan. Paueko Administrazio Auzitegiak prefeturaren alde egin du orain arte; ostegun honetan, Bordeleko Administrazio Dei Auzitegiaren aitzinean iraganen dira Baionako eta Sarako herriko etxeak. Hautetsiek adierazi helegite horiek «ezin ulertuak» zaizkiela jaso dituzten hautetsiei. Kezka iturri dira ere Hendaiako eta Beskoitze herriko etxeetako barne araudiaren kontra eta Gamarteko euskara planaren kontra jarritako helegiteak. Hiriuretan aipatzen zuten autetsiek herriko kontseiluetako bilkuretan euskaraz egiteko aukera, frantsesezko itzulpenarekin. Ez du ontzat eman prefetak, bere iritziz frantsesa ezin baita izan itzulpenerako hizkuntza.
Prefetaren misioa da erakunde publikoek hartzen dituzten erabakiaren legezkotasunaren kontrola; Frantziako esparru konstituzionala errespetatzea dagokio, eta horrek dio frantsesa dela Errepublikako hizkuntza. Horretaz «osoki kontziente» badira ere, hautetsiek oroitarazi nahi izan diote tokian toki herriek hartu abiatu dituzten desmartxen helburua dela euskara babestu eta transmititzea, «gure lurraldeko ondarearen osagaia».
Oroitarazi dute ere UNESCOk hizkuntza «zaurgarritzat duela euskara, eta horrek haien arrangura indartzen duela. «2021eko inkesta soziolinguistikoaren emaitzek erakusten dute euskararen egoeraren hauskortasuna, eta haren transmisioa eta erabileraren aldeko indarrak segitzeko beharra. Testuinguru horretan, tokiko erakundeen ekintza funtsezkoa iruditzen zaigu, Estatua eta bere partaideenaren osagarri».
Hautetsiek elkarrizketa izateko prest dagoela adierazi du berriki prefetak. Hala, bilkura bat antolatzeko eskatu diote, auzapezak, parlamentariak eta beste hautetsiak bilduko lituzkeen ordezkaritza batekin. «Halako topaketa batek bakoitzaren posizioak hobeki ulertzea ahalbidetuko luke, gaizki ulertzeak baztertu, eta bakoitzak dituen konpetentziak eta esparru juridikoa errespetatuz, euskara babestu eta garatzeko elkarlan eraikitzaile baterako bideak bilatzeko».