Maider Behotegi EEPko lehendakaria galdekatu du Poliziak, prefetaren seinalamendu baten ondotik

Suprefeta eta prefeta EEPren barnean gatazka sortu nahian ari direla uste du Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordeak. Ipar Euskal Herriko parlamentariek Frantziako Barne ministroarengana joko dute.

Maider Behotegi, EEPren prentsaurreko batean, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Maider Behotegi, EEPren prentsaurreko batean, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Polizia Judizialeko komandante bat EEP Euskararen Erakunde Publikoaren bulegoetan agertu zen irailaren 16an, Pirinio Atlantikoetako prefetaren ohartarazpen bat jaso ondotik. Ekainaren 25ean EEPk egin zuen biltzar nagusian interes gatazka bat izan zela eta, Maider Behotegi lehendakaria eta Anita Lopepe Euskal Hirigune Elkargoko ordezkaria galdekatu zituzten egun batzuk geroago. «Nehoiz ikusi gabekoa da», salatu du Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak, eta, haren hitzetan, ez da adibide bakarra. «Suprefetaren eta prefetaren bidez, euskararen eta EEPren kontrako eraso antolatu bat bada. Euskararen gaia politizatu nahi dute, gatazka sortu, orain arte haren alde izan den kontsentsua hausteko», aztertu du. 

Izan dira publikoki agertu direnak, hala nola hainbat herriko etxetan euskararen aitortza ofizialaren alde hartutako deliberoei helegiteak ezarri izana, hautetsien euskarazko adierazpenak mugatzeko eta karriken euskarazko izenak debekatzeko. Eta aipa daiteke iazko abenduaren 3an prefetak Ipar Euskal Herriko hautetsiei bidalitako gutuna ere. Baina badira orain arte isilpean gelditu diren adibideak ere, hala nola Frantziako Estatuko ordezkariek EEPren barnean duten jarrera. Horiek argitara ematea erabaki du Kurutxarrik. «Gertatzen ari dena larria da». Beste iturri batek ere baieztatu dio BERRIAri azken hilabeteetan EEP barnean tonu aldaketa bat sentitu dutela. 

Adibidez, martxoan izan zuten biltzar nagusian, suprefetak zalantzan jarri zuen EEPren eta CNFPT Lurraldeetako Funtzio Publikoaren Frantziako Zentroaren arteko hitzarmena. 2013an hasi zuten lankidetza hori, funtzio publikoko langileak euskalduntzeko; urtero 40 eta 50 langile artean prestatzen dituzte.  Hiru urteko hitzarmenak dira, eta aurten berritu behar zuten. «Suprefetak erran zuen Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren arabera funtzio publikoan frantsesez egin behar dutela, eta, beraz, ez dutela zertan euskararik jakin», asaldatu da Kurutxarri. Azkenean, apirilean prefetak gibel egin zuen, eta hitzarmen berria izanen da.  

Jaurlaritza, «atzerriko potentzia»

Ekainean eman zuten ondoko kolpea; Eusko Jaurlaritza jarri zuten jo puntuan. Iazko abenduan, erabaki zuten EEPko partaide bakoitzak 100.000 euroko ekarpen gehigarria eginen ziola aurrekontuari; Jaurlaritzak ere bere ekarpena hala emendatzea erabaki zuen. Bada, suprefetak Atzerri Ministerioarekin harremanean sartzeko eskatu zien EEPko partaideei. «Argudiatu zuen atzerriko potentzia baten finantzaketa zela, eta argitu behar zela zer interes zeuden gibelean», esplikatu du Kurutxarrik. 2007an adostu zuten EEP eta Jaurlaritza elkarlanean aritzea; ordutik, lau urte guziez berritu dute. EEPko administrariek ez zuten ontzat eman estatuaren ordezkariaren eskaera.

Bilkura berean, EEPko partaideek aztergai izan zuten eragile nagusiei diru laguntza emendatzea, horien artean Seaskari. Bada, erabaki hori gai zerrendatik kentzeko eskatu zuen prefeturak, argudiatuta informazio gehiago behar zela. «Erran zuen ez ginela prest, lausoegi zela diru hori zertarako zen, nora joanen zen...». Behotegik deliberoa atxikitzea erabaki zuen, eta aitzina egin; estatuko hiru ordezkariek kontra bozkatu zuten. 

Bozketa horren ondorioa da interes gatazkaren ohartarazpena. Izan ere, martxoko hauteskundeen ondotik, Anita Lopepe da Euskal Hirigune Elkargoko ordezkarietako bat EEPn, Antton Etxeberri Seaskako lehendakariordearen bikotekidea. «Normalean kasu ematen dugu interes gatazkako kasurik ez izateko. Dagokion pertsona atera, eta beste batek bozkatzen du haren ordez. Anitak lehen bilkura zuen EEPn, ez ginen ohartu», esplikatu du Kurutxarrik. «Baina aski zen abisatzea, eta deliberoa berriz bozkatuko genuen. Horren ordez ohartarazpena egin, eta Polizia Judiziala bidali dute. Zergatik judizializatu?», gaitzetsi du. Aferak ez du segidarik izan. Deliberoa erretiratu zuten, eta joan den ostegunean egin zuten biltzar nagusian berriz bozkatu: emaitza bera izan zen, eta elkargoko beste hautetsi batek bozkatu zuen Lopeperen ordez. 

Deia Barne ministroari

Azken bi urteetan gatazka handiak izan dituzte EEPko partaideen artean; ez dira adostu erakundearen hitzarmen sortzailea berritzeko eta aurrekontua emendatzeko eztabaidetan. «Orain su eten batean gara, eta denen artean bloke bakarra osatzen dugu estatuaren aitzinean», baieztatu du. Lehenago ere hala gertatu da, Frantziako Estatuak kontra egin izan dienean EEPn hartutako erabakiei

Barne Ministerioaren gidaritzapean jarduten dute prefetak eta suprefetak, eta Frantziako egungo Barne ministroa ez da edozein: Laurent Nuñez Baionako suprefeta izan zen 2010etik 2012 arte. EEPko bilkuretan parte hartzen zuen, eta hautetsiekin harreman ona zuen, batek baino gehiagok kontatu izan duenez. Ipar Euskal Herriko parlamentariek ondoko asteetan harengana jotzeko asmoa dutela jakinarazi du Peio Dufau EH Baiko diputatuak. «Egoera gero eta larriagoa da, eta ikusten dugu hemen dugun elkarrizketatik ez dela konpontzen. Nik ez diot erranen ministroari zer egin behar duen; eskatuko diogu estatuaren posizioa aldatu dezala».

Baina instituzioetan ez ezik, karrikan ere jokatzen da afera, Kurutxarri eta Dufauren iritziz. Euskal Konfederazioak azaroaren 21eko Baionan antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu dute biek. «Garrantzitsua da manifestazio horretan jende anitz izan dadin, estatuaren aitzinean bloke bat osatzeko», erran du Kurutxarrik. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (5)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA