Aurten ere badute zer lortu abertzaleek

Ezkerreko abertzaleak bilduko dituzten 30 zerrenda inguru izanen dira Ipar Euskal Herrian. Auzapez berriak izanen dituzte hainbat herritan.

EH Bairen mintegia herriko bozei buruz, iazko martxoan. BERRIA
EH Bairen mintegia herriko bozei buruz, iazko martxoan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko otsailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herria osatzen duten 158 herriak borborka hasiak dira herriko bozak hurbildu ahala. Heldu den martxoaren 15ean eta 22an hautatuko dituzte herriko kontseilu eta auzapez berriak, eta herri bakoitzak Euskal Hirigune Elkargora bidaliko duen ordezkaritza ere izendatuko dute.

Duela sei urte, ezkerreko abertzaleek bultzatutako zerrenda zabalak gailendu ziren hainbat herritan, eta ordutik hamabost herritan dago ezkerreko auzapez abertzale bat. Hego Lapurdin izan ziren lorpen horietako gehienak. Aurten ere badute zer lortu abertzaleek: 2020an irabazitakoa atxiki eta herriko etxe gehiago lortzea izanen da erronka. Oraingoz eskuratutako informazioen arabera, ezkerreko abertzaleak bilduko dituzten 30 zerrenda inguru izanen direla aurreikusten da.

Ondoko asteetan, hauteskunde kanpainaren jarraipen berezia eginen du BERRIAk, erreportajeak, elkarrizketak eta ingurune anitzetako hainbat pertsonaren iritziak argitaratuta. Hainbat herritako lehiak ere nabarmenduko dira, haien dimentsioagatik, bilakaeragatik edo bereziki gatazkatsuak izanen direlako; hala nola Baiona, Maule, Donibane Garazi, Kanbo, Ziburu, Urruña, Itsasu, Donapaleu, Azkaine, Hendaia, Miarritze, Donibane Lohizune eta Hazparne.

Beste hainbat herritan ere izanen dira interesguneak.

ANGELU

 

Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak airez aire irabazi zuen 2020ko bozetan. Lehen itzulian gailendu zen, hautesleen %67,22ren babesa lortuta. Ez dirudi aurten ere zailtasun gehiegi izanen duenik herriko etxeko tronuan segitzeko.

Ezkerreko bi zerrenda izanen ditu parean. Lehena Frantziako ezkerreko sektore ezberdinek osatua, Mahaut Fanchini ekologista buru; PS Alderdi Sozialistako eta PCF Alderdi Komunistako kideak ere izanen ditu berekin. Bigarrena, ezkerreko abertzaleek bultzatutako Hemen Angelu zerrenda; 2014an aurkeztu ziren, baina duela sei urte ez zuten kausitu zerrenda osatzen. Oraindik ez dute izendatu nor izanen den zerrendaburua.

Aurten ere Olive lehen itzulian gailenduko balitz, ezkerreko abertzaleek hautetsi pare bat eskuratzeko aukera izan lezakete.

AHETZE

 

Iazko urtarrilean sorpresa eragin zuten Ahetzeko (Lapurdi) abertzaleek, auzapezaren dimisioaren ondotik antolatu zituzten hauteskunde aitzinatuak irabazi baitzituzten. Ramuntxo Labat da ordutik herriko auzapeza.

Urtebetera, berriz lehiatu beharko dira. Hiru zerrenda aurkeztu ziren 2025ean, horietarik bi Philippe Elissalde auzapez ohiaren gehiengo zatitutik eratorriak; printzipioz bi baizik ez dira izanen heldu den martxoan. Labaten parean Ramuntxo Goihetx aurkeztuko da.

Kostaldetik hurbil den 2.000 biztanleko herri txiki hartan garrantzi handia dute hirigintza gaiek, baita mugikortasunak ere. Urtebetez aitzinarazten entseatu diren dosierrak defendatu ditu Labatek; talde berriaren ekintza falta eta diru xahutzeak deitoratu ditu Goihetxek.

Bi hautagaitza horiek baizik ez badira, lehen itzulian erabakiko da auzapezaren izena.

ARBONA

 

Auzapez berria izanen dute Arbonan (Lapurdi), 18 urteko agintaldiaren ondotik Marie-Jose Miallocq auzapezak kargura berriz ez aurkeztea erabaki baitu. Oposizioarekin izan dituen harreman gatazkatsuek markatu dituzte PS inguruan kokatua den emaztearen azken agintaldiak. Hirigintzan hartu izan dituen hainbat erabakiren irregulartasuna salatu izan dute behin eta berriz, eta auzitara ere jo izan dute, besteak beste, eskola publikoa eraikitzeko lurren kutsadura argitzea eskatzeko. Gaur egun futbol zelaian dagoen lurretan eraikuntzak egiteko proiektuak ere iskanbila bat baino gehiago sortu ditu.

2020ko bozen emaitzak ere auzitegietan bukatu zuen, auzapezak salatu baitzuen Hats Berri ezkerreko abertzaleek bultzatutako oposizioko taldearen zerrenda baliogabea zela, ez zutelako zehaztu Zigor Goiaskoetxeak espainiar nazionalitatea duela. 2021ean berriz egin behar izan zituzten bozak, eta Miallocq nagusitu zen beste behin ere.

Aurten ere Hats Berri taldea aurkeztuko da bozetan, eta Jacqueline Peigneguy ere lehian sartu da ―axuanta zen Miallocqen gehiengoan―. Beste zerrenda bat ere izanen da, hirugarrena, Guillaume Fourquetek eramana; Miallocqen gehiengoan hautetsi izandakoa da hura.

BESKOITZE

 

Fabienne Aiensa auzapez ohiak ikastolaren kontra abiatutako gurutzadak beste hauteskunde deialdi bat ekarri zuen Beskoitzera (Lapurdi) 2024ko ekainean. Hiru zerrenda sartu ziren lehian, eta Pascal Jocou auzapez izendatzearen alde egin zuten herritar gehienek.

Bi urte beranduago, ikastola ez da gehiago eztabaidagai, eta Seaskak eskuratuak ditu ikastolari eraikin sendo bat emateko lurrak eta eraikitzeko baimena.

Ez da, haatik, eztabaidarik eskas herrian; horien artean nagusiena 160 etxebizitza eraikitzeko 5,4 hektareako lur zati batean ezarri duten antolamendu hitzartuko eremua. Proiektuaren dimentsioa eta herrian eragin ditzakeen kalteak jarri ditu auzitan herritar talde batek.

Hiru zerrenda aurkeztuko dira: Jocou bera kargua atxikitzen entseatuko da; Theo Salomonek abertzaleak biltzen dituen zerrenda luzea gidatuko du; eta berriki lehian sartu den Catherine Errekartek ere eskatuko du herritarren babesa.

BOKALE

Bokale komunista izan da historikoki, eta orain hautu zabala ukanen dute herriko hautesleek, ezkerra zatikaturik aurkeztuko baita beste behin ere. 2014tik auzapez duten Francis Gonzalez berriz aurkeztekoa zen 2025eko urte hondarrean, baina geroztik hiru zerrenda eratuak izan dira oposizioan.

Ezkerrean bi zerrenda izanen dira: Mathieu Horn izan da lehena bozetara aurkezten, ezker abertzaleko jendea ere bilduko duen ezkerreko zerrenda zabalaren buru gisa; bigarrena Frantziako Alderdi Komunistako Helene Etxenikek gidatuko du.

Guy Boulanger ere aurkeztu da, eta zerrenda «apolitiko eta herritarra» gidatuko du, orain arteko gehiengoan ibiltzen zen Monia Evene-Mateorekin batera.

EZPELETA

 

Auzapez berria izanen dute Ezpeletan ere, Jean-Marie Iputxa ez baita aurkeztuko. Haren ordez, orain arte bigarren axuant izan dena ezarri dute gaur egungo gehiengoaren zerrendaburu gisa, Virginie Arhancet, alegia.

Parean Panpi Dirassar buru duen zerrenda izanen du. Etiketarik gabeko zerrenda aurkeztuko badu ere, ezkerreko mugimendu abertzaleko kide ezaguna da.

HIRIBURU

 

2001ean hautatu zuten lehen aldiz Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez, eta karguari eutsi dio ordutik. EH Baiko kideak etiketarik gabeko zerrenda bat osatu izan du orain arte, eta ez du oposiziorik izan azken agintaldietan.

Aurten ere lehiakiderik gabe aurkeztuko da printzipioz. Haatik, bozen hirugarren itzulian izanen du zeresana. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoaren osaketaren arabera, baliteke haren lehendakaritza hartzeko ezkerreko abertzaleen hautagai bilakatzea.

IZPURA

 

Frantxoa Maitiak ez du oraindik bere azken hitza erran. 73 urterekin politika instituzionalera itzultzea erabaki du PS Alderdi Sozialistako politikari ezagunak. 1983tik 2004ra Izpurako auzapez izan zena kargua berreskuratzen entseatuko da martxoan. Azken 40 urteetan Ipar Euskal Herriko politikagintzako kide nabarmena izan da Maitia. Auzapez izateaz gain, Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautetsi eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari ere izan zen urteetan zehar.

Azken urteetan Claude Barets izan da Izpurako auzapez, baina jakina da ez dela berriz aurkeztuko. Haren inguruko batzuk zerrenda osatzen ari omen dira hala ere.

UZTARITZE

 

Bruno Carrerek lekukoa pasatzea erabaki du Uztaritzen, eta Pierro Rouget izanen da ezkerreko abertzaleek bultzatutako zerrenda zabalaren buru heldu den martxoko bozetan. 2014an lortu zuten herriko etxea ezkerreko abertzaleek, eta ordutik agintean diraute.

Urtez urte, apaltzen joan da oposizioa. Duela sei urte hiru zerrendaren arteko lehia izan bazen ere, gaur-gaurkoz hautagaitza bakarra agertu da gehiengoko taldeari aurre egiteko. Bruno Cendres izanen du buru. 2020an, botoen %25,65 eskuratu zituen bigarren itzulian, eta lau eserleku izan ditu herriko kontseiluan.

SENPERE

 

Agintaldi mugitua izan dute Senperen. Dominique Idiart gailendu zen 2020an, baina haren kudeaketak tentsioak sortu zituen gehiengoa zuen taldean, eta 2022an bost hautetsik kargua utzi zuten. Aski fite, ezkerreko abertzaleak biltzen dituen Senpere Bai taldeko hautetsiek ere dimisioa eman zuten, eta, berehala, baita oposizioko beste zazpi hautetsik ere. Hauteskundeak berriz deitu behar izan zituzten.

2023ko otsailean Bernard Elhorga izendatu zuten auzapez, Senpere Bai taldeari ehun botoren aldea aterata.

Martxoko bozetan hiru bloke horiek aurkeztuko dira beste behin. Elhorga auzapez kargua atxikitzen entseatuko da, eta Christophe Jauregik eramanen du ezkerreko abertzaleak biltzen dituen zerrenda zabala. Idiartek berriz ez aurkeztea erabaki du; haren taldeko kide ohi Mariana Laugierek eramanen du herriko etxerako hautagaitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.