Migrazio bidean hiltzen direnak eta migranteen bizirauteko baldintzak ez ahazteko helburuarekin antolatu dute Hazparneko Irakurketa Klubak (HAIK) eta Bidekoekin elkarteak ekitaldia: irakurketa musikatu eta kantatua eginen dute. Azaroaren 28an Hazparneko Haritz Barne zinema gelan izanen da, 20:30ean, eta 29an Baionako Biltxokon, 19:00etan. Txomin Hegi eta Jeanine Urruti izanen dira irakurleak, eta Pantxix Bidartek kantatuko eta musika joko du; HAIK taldeko kideak dira hirurak. Eric Fottorinoren Eguneko arrantza da irakurriko duten liburua, Itxaro Bordak iaz euskaratu zuena. Urtero ekitaldi bat antolatzen dute HAIK eta Bidekoekin taldeek elkarlanean —migranteen laguntzeko Etorkinekin-Diakite federazioko taldea da Bidekoekin—. Hegik erran du «jendea sentsibilizatu» nahi dutela migrazioaren inguruan.Â
Bi pertsonaiaren arteko elkarrizketa da Eguneko arrantza ipuinaren oinarria; horregatik izanen dira bi irakurle. Hegik kontatu du duela kasik 50 urte hasi zela antzerkian Urrutirekin Hazparneko Haritz barnen —geroztik, antzerkilari ibilbide oparoa egina dute—, eta «hunkigarria» zaio Hegiri berriz harekin aritu ahal izatea. Protagonistetariko bat arrantzalea da, eta bestea arrain erosle bat. «Biziki azkar abiatzen da irakurketa, sorpresa handia eragiten du. Sarkasmo eta ironia handiz idatzia du testua Fottorinok, eta uste dut gure axolagabekeria harrotzeko oihu bat dela, maluruski gai hori ez baita agortzen», erran du. Argi utzi du, halere, ez dela «batere moralizatzailea» eta ez duela «nehor epaitzen».
Lehen aldia da irakurketa publiko bat antolatzen duela HAIK taldeak, baina aspalditik horren egiteko gogoa zuten. Hegik, preseski, Fottorinoren liburua irakurri berri zuen Itxaro Bordak «maisuki» egindako itzulpenarekin; pentsatu zuen egokia izan zitekeela ariketa horretarako, eta, gainera, gaia ikusirik Bidekoekin elkartearekin partaidetzan egiteko egokia zitzaien. Taldeko kide den Bidart musikaria denez, nahiko naturalki etorri zitzaien musikatzeko gogoa. «Liburua bera batzuetan gogorra da, eta publikoarendako jasangarria izateko kantu batzuekin eta musika giroarekin tartekatuko dugu irakurketa. Lan izugarri interesgarria egiten ari da Pantxix dena moldatzeko», zehaztu du Hegik. Testuaren «garraztasunari halako distantzia bat edo hats bat» emateko tresna izanen da musika. Â
Lan pedagogikoa
Oraingoz, bi emanaldi eginen dituzte publiko zabalari begira, biak datorren astean. Baina Hazparneko bi ikastetxetako 80 bat ikasleren aitzinean ere —laugarren eta bigarren mailakoekin, zehazki— emanaldi bat eginen dute heldu den ostiral arratsaldean. Hegik aldez aitzinetik landuko du gaia ikasleekin, irakurketa musikatuari begira «preparatuak izan daitezen». Euskara irakaslearekin batean prestatu dute proiektua, eta uste du ikasleendako franko interesgarria dela, gai anitz jorratzeko parada ematen baitu.