Karrikak bete, euskararen garaia baita

Euskal Konfederazioak antolatu euskararen aldeko manifestazioa eginen dute azaroaren 21ean, 16:00etan, Baionan. Hainbat aldarri nagusi aterako dituzte karrikara: koofizialtasuna, konstituzio aldaketa eta hizkuntzen aldeko lege bat, besteak beste.

 Euskal Konfederazioaren prentsaurrekoa suprefeturaren aitzinean, iragan ekainean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Euskal Konfederazioaren prentsaurrekoa suprefeturaren aitzinean, iragan ekainean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
2026ko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen garaia da. Hori da Euskal Konfederazioak hautatu leloa azaroaren 21erako deitu duen manifestaldirako. Euskara gizartearen erdigunean berriz ematea dute xede nagusia, eta hori da karrikara eramanen duten aldarria. «Azken urteetan aski baztertua izan da euskararen gaia, eta berriz zentroan eman behar dugu, nahitaez. Gero eta kezka handiagoa sortzen ari da euskararekiko, bereziki inkesta soziolinguistikoek erakutsi dutenaren eraginez: euskararen transmisioa eteten ari da, eta euskara proportzionalki behera doa», azaldu du Ihintz Oliden Euskal Konfederazioko kideak. Inkesta soziolinguistikoek utzitako emaitza «kezkagarriak» ikusirik, «alarma pizteko» tenorea zela esplikatu du, jendeari kontzientzia harrarazteko, eta jendea «aktibatzeko».

Badira inkesta soziolinguistikoen datuak alde batetik, baina beste aldetik, Euskal Konfederaziokoek erran dute gaur egungo Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikak ezin dituela behar diren helburuak bete. «Euskal Konfederazioan ohartu ginen blokeatuak ginela hizkuntza politikari dagokionez, orain dela zenbait urte. Beraz, euskararen galtzea oztopatzeko bestelako hizkuntza politika bat behar dugu, gaur egungo hizkuntza politikarekin ezingo dugulako hori lortu», erran du Sebastien Castet Euskal Konfederazioko koordinatzaileak. Beste hizkuntza politika bat proposatuz, uste dute euskara egiazko «biziberritze» prozesu batean sartuko dutela. Lehen urrats gisa, hemendik 2050era, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %30 euskalduntzea proposatu zuten duela bi urte. Euskararen Erakunde Publikoko partaide guztiek eta instituzioek bere egin zuten helburu hori. «Baina horren guztiaren artean, inkestak argitan eman duen datu baikor bakarra da euskaldunon edo euskaltzaleen artean badela euskaraz bizitzeko grina. Eta hori seinale ona da».

«Zentzuzko» manifestaldia

Egoera ikusirik, horrelako manifestaldiak ezinbestekotzat jo dituzte antolatzaileek, egunerokoan euskaldunek dituzten oztopoak hausteko, eta azken hilabeteetan Frantziako Estatuak euskararen kontra duen jarrera «salatzeko» eta «borrokatzeko». Oztopoen artean hauek aipatu ditu Castetek: azterketak euskaraz pasatzeko debekua, Baionako Auzitegian auzipetuak diren euskaldun batzuei beren hizkuntzan hitz egiteko aukera errefusatzea, eta azken hilabeteetan prefetak duen jarrera, euskara herriaren hizkuntza bilakatuko dela bozkatu duten herriko etxeen kontra.

«Beraz, alde batetik ikusi dugu euskararen egoera larria zela, eta beste aldetik, hiztun gisa gure hizkuntza eskubideak ez direla errespetatuak», erran du koordinatzaileak. Horregatik, lau helburu nagusi proposatuko dituzte azaroaren 21eko manifestaldian. Euskararen koofizialtasuna, lehena: Ipar Euskal Herrian euskarak koofizialtasun estatusa lortzea nahi dute, frantsesaren ber heineko lekua izan dezan. Euskara eskubide gisa aitortua izan dadin nahi dute. Bigarrena, Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea nahi dute, ez dadin frantsesa izan errepublikan onartua eta baimendua den hizkuntza bakarra. Hirugarrena, hizkuntza gutxituen aldeko lege ausart bat bozkatzea nahi dute Frantziako Parlamentuan, euskarari lege babesa emateaz gain, eskubide jakin batzuk irabazteko. Eta azkena, Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika eraginkorra eskatzen dute, instituzioek euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan ezartzea nahi dute, norabide eta bide orri argi batekin, eta helburu zenbakituekin. Euskara biziberritzeko plan integral bat behar dela adierazi dute.

Ahalik eta manifestaldi «zabalena» eta «inklusiboena» izatea espero dute Euskal Konfederazioko kideek. «Planto egin nahi dugu, erakusteko elkarrekin, hemen, ez garela ados gertatzen ari denarekin!», esplikatu du Olidenek. Zabaltasuna eta inklusibotasuna betetzeko, atxikimendu kanpaina bat abiatu zuten udan, sareetan eta Interneten, elkarteengan eta norbanakoengan iristeko. Kanpaina horrek ematen dituen emaitzak positiboki ikusten dituzte. Oraingoz, berrehun bat elkarteren izenpea jaso dute, eta norbanakoen 1.400 bat. «Aspaldian ez zen horrelako atxikimendu kanpainarik egin, eta sostengu zabala lortu dugu, eta lortzen ari gara, oraindik segitzen baitu. Baina jende anitzengana joan gara, elkarteengana, eragileengana; baditugu zenbait hautetsi, tendentzia ezberdinetakoak, adibidez. Bost diputatuk sostengua eman digute, kontseilariek...».

Hasiera baten hasiera

«Azaroaren 21eko mobilizazioa ez da bukaera izanen, baizik eta gauzak aldatzeko mobilizazio azkarra. Ez da sei hilabete iraun duen kanpaina baten bukaera, baizik eta guretzat inportantea izanen den milaka eta milaka pertsonaren eskakizuna. Badakigu erabaki politikoak hartzen direla jendea mugitzen eta mobilizatzen bada», kontatu du Castetek. Espero dute atxikimendu zabal hori islatzea Baionako karriketan, erabaki politikoetan eragiten saiatzeko.

Etorkizunari begira, manifestaldiak ekarri ondorioen balorazioa eginen dutela erran dute, eta hasitako lanekin segitu. «Horren ondotik, pentsatzen dugu badela lan egiteko, gure lan ildoak hemen ditugu, eta azken horiek garatuz joan beharko dugu poliki-poliki. Eta erran behar da Euskal Konfederazioa egitura txikia dugula, eta euskalgintzakoak hor biltzen garela, baina norberak bere eguneroko lana badu, beraz, hori neurtu beharko dugu». Hori dela eta, euskaldunak sortzea dute helburu nagusia, eta lan guztiak ardatz horretatik abiatu beharko direla adierazi du Olidenek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA