Euskal Herriko marrazkilarien bilgune izanen da Ezpeletenia otsailaren 27an. Marrazkirri berriz abiatu zutenetik hirugarren aldia izanen du: Amaia Karrere eta Iñaki Martiarena izanen dira marrazkilari gonbidatuak, eta Onintza Enbeita, Elixabet Etxandi eta Nahia Etxeberri Lopepe izanen dira bertsolariak. Erraterako, horixe du berezi gaualdiak: bi arte mota nahasiko dira, eta bost artistak arituko dira inprobisatzen, bakoitza bere arloan. Horrez gain, nahi duen marrazkilari orok aukera izanen du marrazkia igortzeko. Obrekin, erakusketa bat eginen dute, eta hilabete batez izanen da ikusgai Larzabaleko ostatuan. Marrazkiak egiteko aurtengo gaia zera da: «Jo!». Euskaraz adiera anitz ditu aditz horrek, eta horregatik hautatu dutela zehaztu du Asisko Urmeneta marrazkilari eta antolatzaileak, «bakoitzak nahi duen gisara sor dezan».
Bereziak zaizkio halako egitasmoak Karrere marrazkilari gazteari: «Performantzia horrek interesatzen nau. Beti bakarrik marrazten dut, eta publikoarekin dudan harremana liburuaren edo orriaren bidezkoa da. Baina hor, inprobisazioaren bidez, zuzenean jendearekin komunikazio berezi bat plantan ezartzen da. Estresagarria da pixka bat, baina uste dut ariketa bera interesgarria eta irrigarria dela», erran du. Marraztuz inprobisatzeko usaiarik ez du sobera, baina antzerki inprobisazioan aritua da, eta horrek lagunduko duela uste du. Ideia «fite» pentsatzea da gakoa, eta ideia hori ahal bezain zalu marrazkitan agerraraztea, bertsolarien erritmoari segi.

Teknikoki, beraz, usaiako estilotik «anitz aldatzen» duen ariketa zaio. «Handi marraztu behar da, fite, zehatz eta segidan. Xehetasun guti behar dira, eta ideiak du garrantzi gehien. Minutu bakarrean egin behar duzu marrazkia!», erran du. Izan ere, bertsolariekin batean beharko dute marraztu marrazkilariek, haiekin batera inprobisatuz.
Sareak ehuntzeko
Hiru urte ditu Marrazkirriren formula berriak, baina lehenagotik datoz haren erroak: «Haize Berri elkartearen inguruan hasi ziren Marrazkirri antolatzen, Oztibarren; neguari hozka bat kentzea zen ideia, umorearen bidez jendea elkartzeko», esplikatu du Urmenetak. Euskal Herri osoan «egiten ez den jarduera» dela erran du, eta, hamabost bat urteko eten bat izan badu ere, «duela hiru urte zonbia berraktibatu» zuten, Oztibarren Ezpeleteniaren gisako kulturgune bat ukaitea baliaturik. Hastapenetik ideia partiarazi zuten bi marrazkilari izan dira, Asisko Urmenetarekin batean, Marrazkirri berriz abiarazteko ekimena hartu dutenetan: Piarres Erdozaintzi eta Alain Pessans; eta teknikari lanetan, Xuburu.
Aurtengo aldian ere, artisten arteko «sinbiosia» ikustea berantetsia du Urmenetak. «Karrere ibilbidea egitekoa duen marrazkilaria da, Martiarenak ibilbide oparoa du; estilo desberdinak dituzte, baina biek umorea. Bertsolarietan ere jatorri, adin eta esperientzia desberdinetakoak izanen dira. Alde horretatik, aniztasun handia izanen da, eta segur irri anitz eginen dugula», segurtatu du. Iaz atera zuen lehen komiki liburua Karrerek, eta Marrazkirrin parte hartzeko deitu izanarekin «kontent» agertu da bera: «Aitortza bat da, azkenean, eta konfiantza egiten didaten froga», erran du, hunkiturik.
Halako topaketek, bestalde, marrazkilariak beren artean saretzeko balio dute. Karrererentzat, inportanteak dira: «Goxo da ikustea ez garela bakarrik. Usu, gure marrazkiak egiten ditugunean bakarrik ari gara. Ni aski bakartia naiz, baina jendea ikusteko beharra ere badut. Gisa horretako ekinaldiak ene orekaren parte direla erranen nuke». Marrazkilarien arteko harremanak egiteko balio dio, gainera: «Gure artean saretzeko parada da, Euskal Herri osoko artistak heldu direlako». Urmenetak baieztatu du erakusketa osatuko duten parte hartzaile guzien arteko trukatze bat gertatzen dela gaualdian.
Baldintzarik ez da erakusketan parte hartzeko: «Jo!» gaia errespetatzea da bakarra, eta ahalaz A3 edo A4 formatuan ekartzea marrazkia. Berez, gaur bukatzen da marrazkiak itzultzeko epea, baina Urmenetak segurtatu du malgutasunez jokatuko dutela, eta egunean bertan itzultzeko aukera ere izanen dela. Afarirako erreserbatzea gomendatu dute antolatzaileek (06 37-13-17-47).