Arantxa Idieder

Arrazoia eta haserrea

2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Manu Larcenet frantses marrazkilaria entzun berri dut irratian. 60 urtera heltzen ari den artista hori kexu da helduen kontra. Kexu da duela hamar urte arte ez zekielako bipolarra zela. Alta, ttipia zelarik erraiten zuen ez zela ontsa, baina nehork ez zuen entzuten. «Haurra zarelarik, ez dituzu hitz egokiak, baina arrazoi nuen. Ez nituen helduak entzun behar».

Ez dakite zertarako blokatzen duten lizeoa. Ez dira aski antolatuak. Ez dira politizatuak. Haien aldarrikapenek ez dute zentzurik. Entzun dituzu esaldi horiek gazteen mobilizazioak kritikatzeko? Agian zuk ere erran duzu, edo pentsatu duzu holakorik. Galdera ez da ongi ala gaizki ari diren. Galdera izan behar litzateke zergatik hala ari diren. Zer kontatzen digu haien ekintzak haien inguruneaz, bizitzen duten bortizkeria sozialaz? Geroa inoiz baino ilunagoa duen belaunaldi batek nola erran behar dio entzun nahi ez duen helduari kezkatua dela, haserre dela? Helduak bere esperientzia jarriko du aitzinean —ez bada esperientzia etsitua—, gogoeta arrazoindua, arrazionala izango baitu, jakitunaren rolean jarrita. Ondoan jarri ordez, sustengatu ordez, ustez jakintzarik ez duenari gaina hartu nahiko dio, posizio horrek dakarren mespretxuarekin. Eta jakitunaren postura, usu, boteredunarekin doa.

Nola hitz egin behar zaio Frantziak duen gobernuari? Hamar urtez zerbitzu publikoak desegiteko politika aplikatu duelarik, ideologia kontserbadoreak garatzen uzten dituenak, lurra sutan joaiten uzten duena, eta dena pribilegiatuen zerbitzuko pentsatzen duelarik... Hau da bortizkeria. Eta bere hitzak atzeman ditu, azpikoen galdeei erantzuteko: indar errepresiboak.

Aita hil behar da. Nietzscheren ustez, zeure buruaren nagusi izateko, kuraia hartu eta eraiki zaituena suntsitu behar duzu, hots, ezinbestean Aita hil behar duzu, obeditzeari utzi, biziberritzen eta sortzen hasteko. Jakitun batek erran badu...

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA