Irailaren 26an eta 27an, euskal gudarien aldeko ekitaldiak eginen dira hainbat eskualdetan, Lapurdiko kostan eta Oztibarren, tarteko. Iaz, lehen aldiz, Gudari Eguna antolatu zuten Oztibarreko herritarrek Izuran, Latsaga gazteluan. Eskualdeko hainbat herritar elkartu ziren; izan ere, ohartu ziren, nahiz presoen aldeko borrokak mantentzen ziren bazkariak edo kontzertuak eginez, gai horren presentzia haien herrietan galtzen ari zela. «Ohitura emeki galtzen ari da, alta, oraindik badira preso politikoak, iheslariak eta deportatuak. Eta horrez gain, presondegitik askatuak direnek egoera txarretan bizi behar dute, eta guk hori guztia sustengatu behar dugu», azaldu du Mirentxu Arberetxe Oztibarreko herritarrak. Horregatik, aurten ere, irailaren 26an, beste izen batekin bada ere, presoen aldeko eguna antolatu dute.
Iaz gudarien omenez antolatu zuten, eta aurten preso, iheslari eta deportatuak omenduko dituzte Oztibarren. «Funtsean, iaz omendu genituen iraganean herriaren alde borrokatu zirenak, eta haien esker lortuak izan diren garaipenak. Eta horiek herri zapalduen alde eta estatu kapitalisten kontra borrokatzeko grina transmititu baitigute. Beraz, atzoko borroken zilegitasuna, eta gaur egun segitzen direnak ere bai». Memoria lan bat dela esplikatu du, estatuek interes bat dutelako hemengo memoria ezabatzeko eta ukatzen entseatzeko; Itsasuko murruaren adibidea eman du.
10:00etan hitzaldia izanen da; Frantziako eta Espainiako estatuek oraindik zapaltzen dituzten hainbat herritako herritarren lekukotasunak emanen dituzte: Katalunia, Kanaky, Galizia, Bretainia, eta Palestinaren kolonizazioan Frantziak duen konplizitateaz ere arituko dira. Elkarteen gunea, bazkaria eta martxa bat izanen da arratsalde hasieran. Ondotik, bertsoz lagundutako pilota partida plazan. Eta gauean kontzertuak izanen dira, Mexikortxo Band, Xiberoots, Lee Kore, Disbauxa, Arti 2.0 eta Txarraska Sound System.
Gudari Eguna bereganatu nahian
Beste ekitaldi bat izanen da Ziburun: Jardun koordinakundeak antolatu Gudari Eguna. Intzara Mendinueta Lazkoz Jarduneko militantearen aburuz, Euskal Herria «asimilatze» prozesu «sakon» batean murgildua da, eta horrekin batera Gudari Egunak ondorioak pairatzen ditu. Alde batetik, «gudari» hitzaren eta Gudari Egunaren bilakaera azaldu du: «Batetik, hitz horren esanahia desitxuratu edo edukiz hustua izaten da, itxurakeria eta oportunismo politiko gisa erabilia izan delako. Bestetik, uste dugu egunaren eta hitzaren esanahia ez dela bakarri frankismoaren garaietara mugatzen». Horrela segitu du: «Etsaiaren begietara, Espainiako eta Frantziako estatu kapitalisten begietara, onargarria den diskurtso publikoa sostengatzeko bidea mugatu da azken urte hauetan, Gudari Egunaren jardunaren eta gudari hitzaren harira».
Horregatik, eguna gudariek egin borroka «defendatzeko» eta haien ideien «zilegitasuna» aldarrikatzeko antolatzen dute, eta azpimarratu du aldarri horiek ez direla egun bakar batean soilik defendatu behar. «Gudarien bidea eta haien borrokatzeko zilegitasuna aldarrikatzeaz gain, funtsezkoa da argi uztea haien borroka gurea egiten dugula eta oso garrantzitsua dela oraindik ere Euskal Herriaren askatasun nazional eta sozialaren alde borrokatzea», xehatu du militanteak. Egun hori Euskal Herri langilearen «esku geratzea» nahiko lukete, eta borroka «praktikan» jartzea.Â
Lehen aldia izanen da Jardunek Gudari Eguna Lapurdin eginen duela, eta bereziki lehen aldia izanen da Ipar Euskal Herriko hiru probintzietatik batean iraganen dela. Mendinuetak kontatu duenez, Ipar Euskal Herriko hiru probintzia «ahaztuenetan» egitea ezinbestekoa da Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzeko, eta haien aldarriak ahalik eta Euskal Herriko eremu zabalenetara zabaltzeko.
Baina argi du edozein lekutan eginez ere militanteek errepresioa pairatuko dutela: «Bai Espainiako bai Frantziako estatuei kilimak egiten dizkion ekintza edo jardun politikoaren aurrean, guk argi dugu errepresioa jasanen dugula. Euskal langilea gero eta antolatuagoa den heinean, eta konfrontazioak gero eta handiagoak diren heinean, errepresio geroz eta gogorragoa jasango dugu». Irailaren 27an, 12:30ean eginen dute ekitaldia, Ziburuko plazan.