Auzitegi Administratiboak Euskal Konfederazioaren aldarrikapena onartzea leporatu die Baionako eta Sarako herriko etxeei

Uztailean euskara sinbolikoki aitortu zuten Baionako eta Sarako auzapezek, eta, prefetak salatu ondotik, Auzitegi Administratibora deitu dituzte gaur goizean. Euskararen «koofizialtasun moduko bat gordetzea» leporatu die lehendakariak.

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, uztailaren 11ko audientzia aipatzeko prentsaurrekoan. PATXI BELTZAIZ
Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, uztailaren 11ko audientzia aipatzeko prentsaurrekoan. PATXI BELTZAIZ
Baiona
2026ko abuztuaren 11
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen koofizialtasunak beldurtu ditu Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta eta Jean Claude Pauzies Paueko (Okzitania) Auzitegi Administratiboko lehendakaria. Edo behintzat, horren harira ireki dute Baionako eta Sarako (Lapurdi) herriko etxeen aurkako auzia. Bi herrietako auzapezak deitu dituzte gaur auzitegira, euskara aitortzeagatik. Uztailaren 2an, Sarako hautetsiek euskara ofizialki aitortu zuten herriko hizkuntza gisara, frantsesaren ondoan. Baionako herriko kontseiluak uztailaren 23an bozkatu zuen euskara eta okzitaniera «Baionako lurraldeko hizkuntza» gisa aitortzea. Baina Saran zein Baionan, prefeturak aitortzaren aurka egin zuen berehala, eta Auzitegi Administratibora jotzea erabaki, delibero horiek atzera botatzeko. Auzitegi Administratiboak susmoa du herriko etxe horiek euskararen koofizialtasun moduko bat gorde dutela eta bat egin dutela Euskal Konfederazioaren aldarrikapenekin.

«Errealitateaz baino, beldurrez ari dira, uste dutelako koofizialtasuna nahi dugula. Zilegiak sentitzen gara, gure aitortzak sinbolikoak direlako eta ez dutelako arriskuan jartzen Frantziako zuzenbide estatua», ondorioztatu du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak, gaur arratsaldean inprobisaturiko agerraldi batean. Goizeko audientziaren tirabirak azaldu ditu. Etxegarairen hitzetan, auzitegiko lehendakariak Euskal Konfederazioaren aldarrikapen politiko eta militanteak nahasi ditu Baionako eta Sarako herrien deliberoekin. Bakoitza autonomoa dela argitu du, eta Baionan, esaterako, herriko kontseilu osoak aho batez hautatu zutela erran du auzapezak. «Kontsentsuzko» erabakia izan zela justifikatu du, eta erran euskararen aitortza alderdi politiko guziek babestu zutela; zehaztu duenez, besteak beste, Baionako RN Batasun Nazionaleko eskuin muturreko hautetsiak ere alde egin zuen. 

«Errealitateaz baino, beldurrez ari dira, uste dutelako koofizialtasuna nahi dugula. Zilegiak sentitzen gara, gure aitortzak sinbolikoak direlako eta ez dutelako arriskuan jartzen Frantziako zuzenbide estatua»

JEAN ETXEGARAI Baionako auzapeza

Bestalde, Etxegaraik, Sarako auzapez Esteban Barneixekin egindako elkarlana azpimarratu du: bi herriek abokatu berak hartu zituzten, eta haien defentsak ildo beretik eraman nahi zituzten. Patrice Spinosi Frantziako Estatu Kontseiluko eta kasazio auzitegiko abokatuak du dosierra landu, baina audientziara joan ezinik, Pierre Cambot Paueko abokatuak du defentsa segurtatu. Horrez gain, Alain Lamassoure politikari frantsesak bere lekukotasuna kontatzeaz poztu da Etxegarai. Lamassourek 1992ko Frantziako Konstituzioko eztabaidetan parte hartu zuen, eta, esperientzia aintzat hartuta, justifikatu du bi herrietako deliberoak ondarearen aitortzari lotuak direla. Oroitarazi du Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluak frantsesa baizik ez duela onartzen Frantziako Estatuan; hura dela hizkuntza ofizial bakarra, eta legez ez dela posible beste ezein hizkuntzari ofizialtasuna ematea. Baina Saran eta Baionan, haien aitortzak sinbolikoak direnez, ez dute «frantsesa hizkuntza ofizial bakarra izatea zalantzan jartzen».

Erabakia «laster» jakingo dutela uste du Baionako auzapezak, hemendik aste batera. Erantzun positibo baten zain egonen dira auzapezak. Anartean, Auzitegi Administratiboak Baionako eta Sarako herriko etxeen deliberoak ezeztatzen baditu, Etxegaraik argi du kasazio auzitegira jotzeko prest direla. «Baionako auzapez gisa demokratikoki eta zuzenki bozkatu naute, nire programan euskararen defentsa bazegoelako, besteak beste. Nire engaiamenduak baizik ez ditut errespetatzen, eta euskararen defentsan segituko dut», berretsi du auzapezak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA