Prefeturak atzera bota du Sarako Herriko Etxeak euskarari egindako aitortza

Uztailaren 2an euskara ofizialki aitortu zuten herriko hizkuntza gisara, frantsesaren ondoan. Euskal Konfederazioak babes osoa adierazi die Sarako Herriko Etxeko hautetsiei.

Euskararen koofizialtasunaren aldeko protesta bat, Baionan. NICOLAS MOLLO
Euskararen koofizialtasunaren aldeko protesta bat, Baionan. NICOLAS MOLLO
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko uztailaren 24a
18:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak kargua utzi aitzin Ipar Euskal Herriari helarazitako azken mezua izan daiteke. Frantziako Estatuko ordezkari horrek ez du ontzat jo Sarako (Lapurdi) herriak euskarari aitortza ofiziala egin izana. Uztailaren 2an hartu zuten erabakia herriko kontseiluan: euskara ofizialki aitortu zuten herriko hizkuntza gisara, frantsesaren ondoan. Baina, Kazeta.eus agerkariak jakinarazi duenez, prefeturak gibelera bota du erabaki hori. 

Herriko bozetako kanpainan, Euskal Konfederazioak euskararen aldeko engaiamenduak har zitzatela eskatu zien tokian-tokian aurkeztu ziren hautagaiei. Hogei neurriko zerrenda bat argitaratu zuen erakunde horrek, gerora herriko etxeen hizkuntza politikaren segipena egiteko xedearekin. Barometro horren barruan proposatu zuten herriko etxeek euskara ofizialki aitortzea. Funtsean, hori da 2018an Euskal Hirigune Elkargoak erabili zuen formula.

Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluak frantsesa baizik ez du onartzen Frantziako Estatuan; hura da hizkuntza ofizial bakarra, eta legez ez da posible beste ezein hizkuntzari ofizialtasuna ematea. 2014an Uztaritzeko (Lapurdi) Herriko Etxea entseatu zen horretan, baina prefeturak helegitea jarri zuen erabakiaren kontra. «Ofizialki aitortzea», beraz, keinu sinboliko bat besterik ez da, hizkuntza biziarazteko borondate politikoa eta engaiamendua adierazteko xedea duena. Baina, antza, hori ere gehiegizkoa iruditu zaio prefetari. 

Ostegun arratsean, gisa bereko erabaki bat hartu zuen Baionako Herriko Etxeak, eta «ofizialki» aitortu zituen euskara eta gaskoia Baionako hizkuntza gisara. Baliteke ondoko asteetan halako beste delibero batzuk ere izatea. 

Girierrek abuztuaren 24an utziko du kargua; hortik aitzina, Simon Fetetek izanen du Frantziako Estatua ordezkatzeko ardura. Orduan ikusiko da euskararen aitortza ofizial horien kontrako bidea Girierren azken kolpea izan den, ala estatuak zinezko bataila bat abiatzeko borondatea duen. 

Euskal Konfederazioaren sustengua

Euskal Konfederazioak babes osoa eman die Sarako Herriko Etxeko hautetsiei baita uztailaren 23an antzeko deliberoa hartu duten Baionako Herriko Etxekoei. Bestalde, deitu ditu herriko bozen kanpainan engaiamendu hori hartu zuten hautagaiak hitza betetzera, «Prefetari gustatzen ez zaion arren». Ondoren, deia luzatu die Ipar Euskal Herriko 158 herriko kontseiluei antzeko deliberoak har ditzaten. Eta bukatzeko, azaroaren 21ean Baionako karriketan Euskal Konfederazioak antolatutako manifestaldian parte hartzeko deia luzatu die euskaltzale guztiei, euskalgintzako eragileei eta kultur eragileei, euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko eta euskarekiko atxikimendua erakusteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA