Prefeturak euskararen aitortzea ukatu dio Baionari

Herriko kontseiluak uztailaren 23an bozkatu zuen euskara eta okzitaniera «Baionako lurraldeko hizkuntza» gisa aitortzea. Prefeturak Auzitegi Administratibora jotzea erabaki du.

Baionako herriko etxea, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Baionako herriko etxea, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Baiona
2026ko uztailaren 30a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saran euskararen aitortzea debekatu zuen Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak. Eta fitexko alde egin aitzin, Baionan ere euskararen ukatzea erabaki du. Baionako herriko kontseiluak uztailaren 23an bozkatu zuen euskara eta okzitaniera «Baionako lurraldeko hizkuntza» gisa aitortzea, baina Saran (Lapurdi) bezala, prefetura aitortzaren aurka jarri da berehala, eta auzitegi administratibora jotzea erabaki du.

Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluak frantsesa baizik ez du onartzen; hura da hizkuntza ofizial bakarra, eta legez ez da posible beste ezein hizkuntzari ofizialtasuna ematea. «Ofizialki aitortzea», beraz, keinu sinboliko bat besterik ez da, hizkuntza biziarazteko borondate politikoa eta engaiamendua adierazteko xedea duena. Baina, antza, berriz ere gehiegizkoa iruditu zaio prefetari. Alta, 2018tik Euskal Hirigune Elkargoak 'ofizialki' aitortuak ditu euskara eta okzitaniera, lege bermerik gabe.

Euskal Konfederazioak Sarako kasua irmoki salatu zuen orduan, uztailaren 27an. Herriko hautetsiek egindako hautua goraipatu zuen konfederazioak, Ipar Euskal Herriko herriko bozen kanpainan euskararen alde eginiko proposamen zerrendaren harira. Orduan, hizkuntza politikarako barometroa aurkeztu zuen Euskal Konfederazioak, eta hauteskundeetan aurkezturiko 38 zerrenda prest agertu ziren euskararen aldeko neurri konkretu horien hartzeko.

Euskararen aurkako erasoei aurre egiteko eta euskararen koofizialtasuna ozenago aldarrikatzeko, Euskal Konfederazioak karrikara ateratzeko deia egin du: azaroaren 21ean, Baionan. Manifestaldian euskaltzaleak, euskalgintzako eragileak eta kultur eragileak batu nahi dituzte, euskarak merezi dituen hizkuntza eskubideak ukan ditzan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA