Azkorria gasnategia, hogei urtez bertako hazkurri

Hogei urte dira Azkorria gasna kooperatibak ateak ireki zituela, Muskildin. Hasiera gorabeheratsua ukan ondotik, egun gasnategiak bere lekua eta izena errotzea lortu du. Urriaren 17an, urtemuga ospatuko dute, Azkorria gasnategian.

Azkorria gasnategia aste hasieran egin zuten prentsaurrekoan. PATXI BELTZAIZ
Ossau-Irati sor-markako gasnaren ibilbidea, 2023ko udan. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Muskildi
2026ko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1999. urtean loratu zen Azkorria kooperatiba sortzeko ideia. Zuberoa aldeko hainbat laborari bildu ziren, eta denek helburua argi zuten: gasnategi bat muntatzea, beren balioak ordezkatuko zituena. Alde batetik, kalitatezko gasna ekoitzi nahi zuten; beraz, Ossau-Irati sor-markaren araudia eta irizpideak errespetatuko lituzkeena. Beste aldetik, mendialdeko etxalde ttipien bizirautea segurtatzea nahi zuten. Ekaitz Mazusta Azkorriako zuzendariak kontatu du garai hartan gasnategi bakarra bazela Zuberoan, eta azken horrek ekoizpen moldeak talde handi bakar baten esku uzten zituela, eta laborariak ez barne hartuz. Horregatik, funtsezkoa zitzaien kooperatiba izanen zen egitura bat sortzea: «Ekoizle bat, boz bat. Azkorria laborari guztien esku izatea nahi zen. Nahi genuen laborari guztiak erabakien parte hartzaile aktibo izatea», erran du Mazustak.

2006an, beraz, gasnategia muntatu, eta lehen gasnak egiten hasi ziren, hiru langilerekin. Diru laguntzak, banketxeak, saretzea... Kooperatibaren hatsarreak garai «zailak» eta «gogorrak» izan ziren Mazustaren hitzetan, hainbat arrazoirengatik: «Dena sortzekoa zen, hastetik buru». Banketxeak «uzkur» agertu ziren Azkorria proiektuari begira, ekonomian zailtasunak sortuz. Horrez gain, betiere diru oztopoekin, garai hartako diru laguntzak erdiesteko baldintzak ez zituzten betetzen: «Duela hogei urte, diru laguntzak ez ziren egokituak Azkorria bezalako proiektu kolektibo ttipi bati. Errate baterako, diru laguntza publikoak eginak ziren milioi bat litro esne baino gehiago ekoizten zuten eragileentzat; guk, ordea, 300.000 litro egiten genituen. Horren aldetik, batailan izan ginen laguntzak lortzeko, edo, bederen, parte bat lortzeko».

Alde esperimentalak ere lana eman zien. Hasieran, saiakera anitz egin behar izan zituzten, gasna ekoizteko eta ontzeko parametroak egonkortzeko, eta ekoiztutakoa «pikoan» izateko. Baina traben eta gorabeheren gainetik pasatzea lortu zuten funtzionamendu kolektiboari esker. «Ororen inplikazioari esker, gainditzea lortu genuen. Parte hartze handia ukan zuten hainbat laguntzailek, eta horiek funtsezko aitzinamenduak ekarri zizkiguten. Laborariek berek lan parte handia egin zuten, bai gasnategiko eguneroko funtzionamenduan, baita ekonomiaren egonkortzean, usu banketxeen lana etxaldeek berek egiten baitute».

Kolektiboari lehentasuna

Abendutik uztailera, langileek ardi esnea ekoizten dute; zortzi hilabetez, beraz, gasnatzen dute. «Hori da gure lanaren parterik handiena». Ondotik, urte osoan, gasnak ontzen dituzte beren sotoetan, eta, azkenik, salmentak segurtatzen dituzte.

Hasieran hamazazpi ekoizle ziren; egun, berriz, hamasei, eta sei langile urte lanean ari direnak, eta hiru sasoilari lanetan. Azpimarra jarri du langileez gain badirela laguntzera jiten diren zazpi laguntzaile, tarteka laguntzera heldu direnak. Ekoizpenei begira, 600 mila litro ekoizten dituzte Azkorrian, esne guztia Ossau-Irati sor-markapean. 115 tona gasna ekoitziak dira, eta, hortik, 100 bat tona gasna ondu. 

Azkorria «martxa onean» eta «kinka positiboan» bada ere, etorkizuna aski lauso eta «erronkaz betea» ikusten du Mazustak. Sektore osoan aldarrikatzen den bezala, haiek ere lan tresna hobeen eskuratzea eta langileen baldintzen hobetzea espero dute, gastuak eta prezioak igaiten ari baitira, eta beti ez baita «erraza». Horrez gain, etxaldeen errelebo pasatzeak ere kezkatzen du Mazusta: «Erronka nagusia dugu etxaldeetako segida segurtatzea. Azkorria sortu zuten laborari gehienak erretretara hurbiltzen ari dira emeki-emeki. Beraz, gure helburua da etxalde horietan segida bat bermatzea, izan familiakoak edo kanpotik jinak. Nahiko genuke Azkorriako ibilmoldean parte hartze aktiboa izan dezaten belaunaldi berrietako gazteek».

Hogei urteko ibilbidea ospatzeko eta omentzeko, urriaren 17an, urtemuga eguna eginen dute Azkorriakoek, bidelagun, laguntzaile eta erosleak «eskertzeko». Eguna 09:00etan hasiko da, Azkorrian eginen duten merkatu ttipiarekin. Azkorrian diren hainbat ekoizpen ikusgai eta erosgai izanen dira bertan. 12:30etik goiti, zintzur bustitzea, eta apairua.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA