Baigorriko (Behe Nafarroa) auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariorde gisa mintzatu da Antton Kurutxarri Paueko Administrazio Auzitegi aitzinean. Estatuko ordezkarien jarrera deitoratu du.
Inportantea zen elkarrekin agertzea Pauen?
Bai, biziki inportantea zen. Erakusten dugu izan herri handi ala herri ttipi, edozein kolore politikotakoak, denak hor garela auzi beraren aitzinean, delibero bat hartu baitugu euskararen alde. Eta hori harrigarria da. Harrigarria da, elkarrizketarik ez baitugu izan prefeturarekin. Ez ditugu ikusi, ez gara mintzatu, ez ditugu elekatu. Eta auzitan eman gaituzte, bozkatu dugularik duela zortzi urte Euskal Elkargoak bozkatu zuen testu berbera. Eta ematen dizkiote xede batzuk gure deliberoari, ikaragarriak direnak, kasik, frantses populua zatitu nahi bagenu bezala. Ez da gauza ttipia!
Alta ikusten dugu zortzi urteren ondotik zer gertatu den Euskal Elkargoak bozkatu duenaren ondorioz. Deus ere ez. Duela 22 urte Bretainiak bozkatu zuen hitz berberekin gauza bera. Zer gertatu da Bretainian? Hor bada dramatizatze borondate bat, eta euskara auzitan emateko gogo bat. Biziki tristea iruditzen zait.
Prefetari dei egin diozue elkarrizketarako.
Nahi genuke mahai baten inguruan jarri. Nahi genioke esplikatu prefetari zer den lurralde hau, norat jin den, zer den euskara, ze inportantzia duen. Nahi diogu ere oroitarazi kidea dela EEPn, eta idazten duelarik «politika linguistikoa gai guziz identitarioa da», kasik lanjerosa balitz bezala; galdera da: baina zer egin dute Estatuko ordezkariek kasik hogei urtez EEPn?
Ez, euskara ondasun amankomun bat da, denentzat. Eta euskara ez da iritzi bat, hizkuntza bat da. Eta hori dena nahi diogu esplikatu prefetari.
Ofizialki aitortu zenuten euskara zuen herrietako hizkuntza dela. Zein zentzu du adierazpen horrek?
Duen zentzua da jende guztien aitzinean engaiatzen garela eginahal guztiak egitera euskara berpizteko, laguntzeko, gure herrian. Eta hori nahi genuen ofizialki denen aintzinan adierazi, solemnitate osoz, bozka batekin. Baina egoten da xede bat bezala. Gero herrien gain da neurriak hartzea. Eta horretan da eztaibada. Zer egiten dugu ondotik? Elkargoaren engaiamendua sinbolikoa zen, eta ondotik eraman ditugu hainbat politika publiko. Baina euskara ez da koofiziala bilakatu Elkargoan.
«Delibero hori hartu behar da egiazki denarentzat: deklarazio ofizial bat, engaiamendu publiko bat, gure hizkuntzaren alde. Gure gain hartzen dugu gure hizkuntzaren berpiztea»
Denetarik erran du suprefetak. Aipatu du separatismoaren legea, erran du Elkargoaren deliberoan ez zela agertzen ofizial hitza, jurisprudentzia sor dezakeela...
Nolanahikoak dira baliatzen dituen elementuak, herri batek Frantziako Konstituzioari buru egiten ahalko balio bezala. Iduri du Baigorriko hemeretzi hautetsiek bozkatzen dutelarik aho batez zalantzan ematen dutela konstituzionalisten lana Parisen. Ez dute fitsik ikustekorik gure delibero ttipiak eta Frantziako Konstituzioak. Ez dugu konstituzioa aldatzen ahal. Surrealista da entzuten duguna. Delibero hori hartu behar da egiazki denarentzat: deklarazio ofizial bat, engaiamendu publiko bat, gure hizkuntzaren alde. Baitakigu herriek badutela eginbehar handi bat horretan; gure eskuetan da. Gure gain hartzen dugu gure hizkuntzaren berpiztea.
Bada gaur egun, justuki, konstituzioa aldatzeko xede bat, koofizialtasunera iristeko helburuarekin. Delibero horien bidez ere bada manera bat horren aldeko borondate bat erakusteko?
Alabaina. Politika egiten dugu, eta hori leporatua zaigu. Baina koofizialtasuna galdegitea beste urrats bat da, Frantziako Parlamentuan eta Kongresuan bozkatzen dute. Arrunt beste prozesu bat da,
Estatua euskararen kontrako jarrera batean da. Nola erantzun horri?
Erantzun alaia eta positiboa eman behar dugu. Nahi ditugu gauzak hobetu, nahi dugu gure hizkuntzaren egoera hobetu. Espero dut ondoko ekintzak izanen direla koloretsuak, alaiak, adin guztietako jendearekin, eta bai, karrikak beteko ditugula euskararen alde. Gauza ederra da. Hasteko, ni azaroaren 21ean Baionan izanen naiz, eta espero dut kolore guztietako hautetsiak eta herritarrak bilduko direla. Atxikimendu biziki zabala bada euskararen alde. Jendea positiboa da euskararekin. Estatuak erakusten du jarrera biziki negatibo bat.