Baionako Artotekafe gune soziala arriskuan da

Sos bilketa bat abiatuko dute urtea finitu ahal izateko, eta gerora begirako buxet bat egin ahal izateko. Egungo herriko etxearen «utzikeria» salatu dute.

Sukaldaritza tailer bat, otsailaren 15ean, Baionako Artotekafen. NAHIA GARAT
Sukaldaritza tailer bat, otsailaren 15ean, Baionako Artotekafen. NAHIA GARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baiona iparraldeko Santa Gurutze auzoko ZUP bizitegi sozialeko eraikin handien artean da Artotekafe: ostatua eta jatetxea ditu, baina ororen gainetik, auzoko herritarrendako bilgune sozial bat da. Urte frankoz eraman du proiektua Fabien Noguek, auzoko Graines de Liberte elkartearekin batean. Hainbat ekinaldi soziokultural antolatzen dituzte urte guzian: Zuper Fete besta, 6’4 Sons hip-hop festibala, sukaldaritza tailerrak... Baina alde guzietatik jin zaizkie finantzaketa murrizketak, lanpostu batzuk galdu dituzte, eta hesteko arriskuan dira orain: deus egin ezean, uztailean hetsiko dute lekua. Herritarren sostenguari esker, 2026. urtea finitu ahal izateko sos biltze bat egitea deliberatu dute; Noguek argi du ez dela nahikoa izanen, baina geroari buruz esperantza pixka bat ukaiteko balioko die, bederen. Herritarrak izenpe biltzen hasi dira, bestalde, eta laurehun bilduak dituzte jadanik. Sosa biltzeko kanpaina abiatu dute aste honetan: 35.000 euro behar dituzte aurtengo buxeta hetsi ahal izateko. 

«Ez hesten entseatzen gara, baina estatutik hartzen ditugu diru laguntzen hiru laurdenak, eta azkarki apaldu dira: bai lan kontratu lagunduak eta zerbitzu zibikoak, baita diru laguntzak ere. ZUP auzoko ekonomia arras delikatua da, eta, beraz, enpleguak ere bai. Kate osoa eraisten ari da», salatu du Artotekaferen eramaileak. Egoera aldatzen ez bada, behartuak izanen dira uztailean hestera, eta, horrekin batean, egun ari diren hiru langileak langabezian geldituko dira. Baina auzoko herritarrendako asaldagarria da halako leku bat galtzea: «Lotura soziala bermatzen dugu leku honen bidez, gazteei jarduerak proposatzen dizkiegu, eta auzoaren bizi soziala bultatzen dugu. Azken hamar urteetan eraman dugun lana sekulako garaipena izan da: auzoko energia guziak batzen diren lekua da hau».   

Instituzioak, geldirik

«Bestelako funtzionamendu bat» atzeman nahirik ari dira orain, eta, laguntzaile gehiagoren engaiamenduari esker, lekua biziaraztea lortu dute azken hilabeteetan. «Baina gauzak egiazki mugiarazteko, ezinbestekoa da dinamika kolektibo bat izatea», trenkatu du. Salatu du zailtasunetan izanik ere Baionako Herriko Etxeak ez dituela laguntzen, eta «utzikeriaz» ari dela. Izan ere, Santa Gurutzeko auzoan etxebizitza sozialak dira gehienak, eta prekaritatea handiagoa da hiriko beste auzoetan baino. «Erronka politiko handiak badira gure auzoan, lehentasunezko hirialdea da; prekaritate handia da, eta politika publiko azkarrak ezinbestekoak dira», Nogueren arabera. Alta, uste du egungo gehiengoarekin «lan oro trabatua» izan dela. 

Fabien Nogué
Fabien Nogue, Artotekaferen eramailea. NAHIA GARAT

Nolanahi ere, jatorrian arazo «politikoak» direla uste du, eta Artotekaferen egoera testuinguru orokorrago baten barnean sartu du: «Oro har gizarte eredu kezkagarri batera buruz ari gara, eta ondorioak sentitzen ditugu, are gehiago langile auzoetan, prekaritatea handia baita halako tokietan». Iruditzen zaio politikariek auzo horiei maiz «aurreiritziekin eta estigmatizatuz» begiratzen dietela, eta horrek lan kolektibo oro oztopatzen duela.

Bestalde, kezka erakutsi du Pirinio Atlantikoetako Departamenduak egitura sozialetan egin dituen murrizketengatik eta eramaten dituen politika sozialengatik. Erraterako, Atherbea egituraren bidez kudeatzen du arlo soziala, eta Noguek esplikatu du ZUP auzoan ziren karrikako hezitzaileek zailtasun ikaragarriak zituztela lana egoki egiteko: «Departamenduaren sistemaren ondorioz, Atherbeak eskatzen die beren lanari buruz orenez oreneko bilan bat egiteko, datuak zuzenean sartuz agenda batera. Zuzendaritza jazartzen zitzaien, eta geldialdian dira», esplikatu du. Horrek bazterketa soziala areagotzen du, azaldu duenez, eta Artotekafe bezalako lekuak atxikitzea «ezinbestekoa» zaio horregatik ere.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.