Baionako Auzitegiak hilabeteko epea eman du Marieneko lurrak husteko

Aitzina doa etxebizitza proiektua: «okupatzaileek» lursailetik atera beharko dituzte ardiak, astoa eta zurezko borda . 94 etxebizitza egitea da plana, eta lurrak «okupatuak» zituzten iragan ekainetik hona, egitasmoari kontra egiteko.

Marieneko laborantzako lurrak defendatzeko ekintza bat, Kanbon, joan den urteko apirilean. PATXI BELZAIZ
Marieneko laborantzako lurrak defendatzeko ekintza bat, Kanbon, joan den urteko apirilean. PATXI BELZAIZ
Iratxe Muxika
2026ko irailaren 1a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraileko lehen eguna ailegatzearekin batera, erantzun bat eman die Baionako Auzitegiak Kanboko (Lapurdi) herritarrei: Marieneko lurrak husteko agindu die «okupatzaileei», eta hilabeteko epea eman horretarako. Hau da, ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko kideek ekainean jarritako ardi tropak, astoak eta zurezko bordak lursail horretatik atera beharko dituzte 30 egun iragan baino lehen.

Etxebizitza proiektua da Marienean egin nahi dutena; zehazki, 94 etxebizitza eraikitzea da plana, tartean 45 bizitegi sozial. Bouygues promotoreak eta Office 64 bizitegi sozialen eraikitzaileak bultzatzen dute proiektua, eta, haiekin batera, Christian Deveze Kanboko auzapez ohia izan da proiektuaren bultzatzaile nagusienetako bat 2009tik. Hain justu, urte horretan bilakatu ziren lur horiek eraikigarri, eta, geroztik, aurkakoek hainbat helegite aurkeztu dituzte administrazio auzitegian, hala nola tokiko hirigintza planaren kontra eta eraikitze baimenaren kontra.

Baionako Auzitegian ere hainbat epaiketa izan dira proiektuaren aurka egiteko antolatu diren herri mugimenduetako kideen kontra. Horietan azkena abuztuan izan zen: ELBko kide bat eta Lurzaindiko bertze bat epaitegira deitu zituzten, protesta ekintza bat egiteagatik. Lehentxeago, martxoan, herri mugimenduetako eragile batzuek salatu zuten produktu kimikoekin erre zituztela Kanboko sarreran dauden laborantzako lurrak, eta eraso hori «onartezina» zela. Agiri bateratu bat atera zuten ELBk, Lurzaindiak, Ostiak (Okupazio Sare Tematsua Irabazi Arte), CADE elkarte ekologistak eta Nahi Dugun Herria oposizioko taldeak: «Pribilegiatu zenbaiten diru gose ezin asea gogobetetzeko, laborantza lurrak pozoitu eta suntsitzeko eskubidea hartu dute hobendunek», idatzi zuten. 

Ekainetik okupatua dute lursaila osorik garbitzea, horixe eskatu die gaur Baionako Auzitegiak. Hala, kontu bakarra ondoriozta daiteke hortik abiatuta: etxebizitza proiektua aitzinera doala, kanboarren gehien-gehienek ezetza eman arren egitasmoari. Proiektu hura geldiarazten ahalegindu dira, erraterako, oposizioko Argitxu Hiriart-Urruti eta Peio Etxeleku —egungo auzapeza—. Etxebizitzak eskuragai jartzeko bertzelako bideak urratu nahi zituzten biek, eta martxoko herriko bozetan erran zuten elkarrekin lan eginen zutela Marienean etxebizitzak eraikitzeko egitasmoaren kontra.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA