Kanbo: Marieneko gatazka, kudeaketaren sintoma

Hiru hautagaietatik bik bertan behera utzi nahi dute hiria tentsiopean jarri duen etxebizitza proiektua. Hiriart-Urrutik eta Etxelekuk bestelako kudeaketa bat defendatu dute, herritarren parte hartzea ardatz izanen duena.

Christian Deveze auzapeza, agorrilean, Kanboko herriko kontseiluan. PATXI BELTZAIZ
Christian Deveze auzapeza, agorrilean, Kanboko herriko kontseiluan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko martxoaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marieneko etxebizitza proiektuak aitzina egin ala ez. Besteak beste, hori izanen da jokoan Kanboko (Lapurdi) herriko bozetan  martxoaren 15ean eta 22an. Christian Deveze auzapeza izan da proiektuaren bultzatzaile nagusienetako bat 2009tik; hura geldiarazten entseatzea hitzeman dute haren parean aurkeztu direnek, hots, Argitxu Hiriart-Urrutik eta Peio Etxelekuk. Auzapezaren gobernantza modua salatu dute biek ala biek, eta etxebizitzak eskuragai ezartzeko bestelako bideak urratzera deitu. 

Devezek adierazi du bilana «biziki ona» dela, «COVID eritasunaren krisiak, Ukrainako gerlak eta Israelen eta Palestinaren arteko gatazkak gauzak zaildu eta proiektu batzuk gibelatu» badituzte ere. «Kanboko bizi kalitate bikaina babestu dugu». Orobat aipatu ditu turismoan, laborantzan eta kultur arloan egin dituenak. Modem alderdiko kide da Deveze, baina zerrenda zabalagoa aurkezturik atxiki nahi du auzapez kargua.

Hiriart-Urrutik 64 urte ditu, eta, kolegioetako erizain aritu ondotik, erretretan da egun. Nahi Dugun Herria ezkerreko zerrenda abertzale, ekologista eta feminista eramanen du. 2014an, botoen %28 lortu zituzten, eta 2020an, %47, 133 botoren aldearekin. Aurten ere «biziki tinko» izanen dela iragarri du. Etxeleku 2014tik da hautetsi; Devezeren taldean zen —2020 arte Vincent Bru zen auzapez—, baina, 2022an, gehiengotik ateratzea erabaki zuen, nagusiki Marieneko proiektuaren inguruan zituen desadostasunengatik; azken urteetan, bereziki Euskal Elkargoko hautetsi gisa agertu da. Enpresaburua eta EAJko kidea da, baina zerrenda herritarra osatu du.

94 etxebizitza egin nahi dituzte Marieneko lurretan, horietarik 45 bizitegi sozialak; Bouygues promotoreak eta Office 64 bizitegi sozialen eraikitzaileak bultzatzen dute proiektua. 3,8 hektareako laborantza lurrak 2009an bilakatu ziren eraikigarri. Francis Salagoitirenak dira lurrak; Baionako Aviron errugbi taldeko buru izan zen, Devezekin batera. Aurkakoek hainbat helegite aurkeztu dituzte azken urteetan administrazio auzitegian, hala nola tokiko hirigintza planaren kontra, eta eraikitze baimenaren kontra; azkenekoa Frantziako Kasazio Auzitegiaren erabakiaren beha da. Baionako Auzitegian ere hainbat epaiketa izan dira Marieneko proiektuari buru egiteko antolatu diren herri mugimenduetako kideen kontra.  

Hiriart-Urrutik oroitarazi du hasieratik aritu direla proiektuaren kontra, eta laborantzako lurrak babestera deitu du: «Ez dugu uzten ahal lur eder hori etxebizitzekin galtzen». Azken helegiteak aitzina eginen duelako esperantza atxikitzen badu ere, aitortu du ez dela «erraza izanen» egitasmoa bertan behera uztea. «Bouygues enpresarekin eta hirigintza zerbitzuekin elkartuko gara, ikusteko nola konpontzen ahal dugun», esplikatu du. «Duela hamabi urte, pentsatzen ahal zen hautetsiak ez zirela sentsibilizatuak. Orain, badakigu ez dela hori bidea; etxe zaharrak berritu behar dira».

«Seiehun bizitegi eskas dira; Marieneak 45 baizik ez lituzke emanen. Arazoa ez du proiektu horrek konponduko»

ARGITXU HIRIART-URRUTI Nahi Dugun Herria taldeko hautagaia

Kanboko herria urrun da SRU legeak finkatzen duen bizitegi sozialen kopurutik: etxeen %8 dira, eta, berez, %25 izan behar lukete; urtero 100.000 euro inguruko isuna ordaintzen du herriko etxeak horregatik. Euskal Elkargoak onartutako BTP bizitegien tokiko planean zehaztua da urtero 33 bizitegi sortu beharko lituzketela, baina gaur arte ez dute errespetatu baldintza hori. «Seiehun bizitegi eskas dira; Marieneak 45 baizik ez lituzke emanen. Arazoa ez du proiektu horrek konponduko». Haatik, Hiriart-Urrutik uste du badirela herrian beste aukera anitz bizitegiak eskuragai ezartzeko, izan lur publikoetan eraikiz, edo jadanik diren eraikinak berrantolatuz. «Hamar urtez ez da deusik egina izan». Alta, oroitarazi du Kanboko herritarren %75ek dutela aukera bizitegi sozial bat eskuratzeko. Etxelekuk ere errana du beste eremu batzuk badirela bizitegiak sortzeko, eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana bultzatzea proposatu du. 

«Bada gazte andana erro zaharrak Kanbon dituena, eta Kanbon bizi nahi duena; zergak hemen ordaintzen dituzte, baina ez dute etxebizitzarik lortzen. Ezin ditugu deserriratzen utzi»

CHRISTIAN DEVEZE Kanboko auzapeza

Devezen hitzetan, ezinezkoa da Marieneko proiektua bertan behera uztea.«Kalte ordain handiak izanen lirateke: sei milioi euro inguru kostako litzaioke herriari». Gainera, ukatu du laborantzarako lurrak direla: «Aspaldi galdu zuten bokazio hori». Onartu badu ere beste eremu batzuk badirela, adierazi du 2020an ez zituztela eskura. Funtsean, Marieneko proiektua ezinbestekotzat jo du etxebizitza arloan dituzten beharrak asebetetzeko. «Bada gazte andana erro zaharrak Kanbon dituena, eta Kanbon bizi nahi duena; zergak hemen ordaintzen dituzte, baina ez dute etxebizitzarik lortzen. Ezin ditugu deserriratzen utzi». 

Hiriart-Urrutik gehitu du «prekaritate handia» badela Kanbon. «Herritarren %12 pobreziaren mugatik behera bizi dira, hau da, 800 pertsona inguru». Erran du Gizarte Ekintzarako Udal Zerbitzuen bitartez «gauzak hobetzen» ahal direla. «Jendeak ez daki zer eskubide dituen; komunikatu behar da». Herriko etxearen mutualitatea lantzeko ideia ere aipatu du, herritarrei osasun babes egokiagoa bermatzeko. 

Auzoetako batzordeak

Herriko kontseiluan izan duten giroa gaitzetsi du Hiriart-Urrutik. «Marienekoaz aparte ere, biziki zaila izan da batzordeetan lan egitea; hastapenetik dena itxi dute, eta azken urteetan ez dira elkartu ere». Errobiko lurralde eremuan eta mugikortasun sindikatuan ere parte hartu duela nabarmendu du: «hautetsi lana egiteko aukera eman dit». Halaber, herritarren parte hartzea sustatzeko beharra azpimarratu du. «Auzoetako batzordeak bilduko ditugu proiektu handientzat, eta bilkurak eginen ditugu herritarrak mintza daitezen». 

Bai Etxelekuk eta bai Hiriart-Urrutik aipatu dute Deveze ez dela presente auzapez gisara. Ezkerreko abertzaleak jeltzalea ere kritikatu du, ironiaz: «Erretretan naiz, eta ez ditut hogei enpresa nire kargu; hor izaten ahal naiz jendea errezibitzeko. Herriko etxe bat ez da administrazio bat bakarrik: kudeaketa humano bat ere bada tartean». 

Devezek lehiakideen errana gezurtatu du. «Egia da badudala lan bat ondoan, baina orain, elkarrizketa egiten ari naizen honetan, herriko etxean naiz», baieztatu du telefonoan. Haren hitzetan, ez ditu herritarrak errezibitzen haren antolaketa ez delako «piramidala». «Gehienetan, hirigintzari loturiko arazoak dira; beraz, hirigintzaren ardura duen axuantaren esku uzten ditut». Etxelekuk hitzeman du oposizioari leku eginen diola, eta hainbat batzorderen bidez herritarren parte hartzea sustatuko duela. 

Euskara eta instituzioa

Bi euskara teknikari dituzte Kanbon, biak lanaldi erdian, eta Euskal Hirigune Elkargoarekin hobekuntza kontratua izenpetua dute hainbat langile euskalduntzeko. «Inork ez digu leporatzen ahal euskararen alde ez jardutea», erran du Devezek. Nabarmendu du herritar berri orori AEKren eskuorriak ematen dizkiotela, eta langileak eta hautetsiak euskara ikasteko lehen urratsak egitera bultzatu izan dituztela. «Mediatekan euskal fondo handia dugu, eta hitzaldi andana antolatzen ditugu itzulpenarekin. Gertakari anitz antolatzen ditugu euskararen inguruan, eta Korrikan ere parte hartzen dugu».

Hiriart Urrutik, bestalde, erran du hizkuntza politika «indartsu» bat behar dela, eta «euskararen aitortza ofiziala» egitera engaiatu da. «Euskarak presentzia behar du herrian eta karriketan; lanketa berezitu bat egin behar dugu saltegiekin». Aitzinkontu propio bat eta gaiaren ardura izanen duen axuant bat izanen direla erran du. Etxelekuk ere plan oso bat diseinatzeko borondatea agertu du. 

Instituzioari dagokionez, ezkerreko abertzaleek osoki bat egin dute Batera plataformaren eskaerarekin: estatus bereziko lurralde elkargo baten alde dira. «Autonomia handiagoa behar dugu, konpetentzia gehiago, eta sos gehiago, Ipar Euskal Herriaren beharrei erantzuteko». Etxelekuk uste du Euskal Elkargoaren diagnostikoa egin behar dela deus baino lehenago. 

Devezek ere «egokitzapenak egitea» hobetsi du «bulimiaz konpetentzia oro xurgatzearen» ordez. Horretarako, adituen ikuskatze bat eskatu du. Euskal Hirigune Elkargoa sortu aitzin haren kontrako helegitea jarri zutenen artean izan zen Deveze.  

DATUAK

  • Demografia. 6.715 biztanle zituen 2022an, Insee erakundearen arabera. 
  • Hautesle zerrenda. 5.100 inguruk dute bozkatzeko eskubidea.
  • Herriko kontseilua. 29 hautetsi.
  • Euskal Hirigune Elkargoa. 2 ordezkari.
  • 2020ko emaitza. Christian Deveze %53,04 (22 hautetsi); Argitxu Hiriart-Urruti %46,96 (7 hautetsi).
  • 2026ko hautagaiak. Christian Deveze, Argitxu Hiriart-Urruti eta Peio Etxeleku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.