Claudine Hegiaphal

Bakardadeak

2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxeko atea ixtean, oinetakoak egozten ditut, edozein lekutan. Kanpoko mundua atarian uzten dut, hor, zintzilika. Denbora nirea da, hemen, orain. Maite dudana jan nezake. Ordulariari so egin gabe. Arnasari lotu arte.

Sukaldean, nire ahotsaren oihartzunak talka egiten du murruetan. Soinuaren dantza. Huts alaia. Belarrietara itzultzen zaidanean, arrotz iruditzen zait. Irria. Etxe hau handiegia da, baina maite dut. Hautatu dut. Bakartasunak badu hegazti baten airea: hegoak luzatu, hegaldatu. Galderarik gabekoa da isiltasuna.

Hitz egiteko unean, ohartzen naiz. Bi katilu atera eta, bata armairura sartzen dut. Etxeko gauzek badute memoria berezia. Aulkiak badaki norbaiten zamari eusteko egina dela. Mahaiak sentitzen du kafea hozten ari dela. Bakardadeak hutsaren irri beltzak bezala durundatzen du.

Leihoak gaua erakusten dit: doinurik gabeko erantzuna. Kanpoan, argiak. Banan-banan, urruneko etxeetan. Beste bizitza batzuk, beste mahai batzuk, beste sukaldeetan. Atarrian dilindan utzi nuen munduari habia sortu nahi nioke. Nire aulkiak partekatuko nituzke. Hutsaren hotz latzetik ihes egin nahi nuke.

Orduan, pantaila pizten dut. Beste mundu batera irekitzen den beste leihoa. Ikusten dudana ez da samurra. Bortizkeria. Iluna. Poliziaren esku izan diren gazte horiek ere bakardadea sentitu behar dute. Baita haien familiek ere. Bada garaia aldatzeko. Hemen, orain.

Ateak zabal, munduari lot. Sostengu osoa iraultzaile bakoitzari, eta bi pott.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA