EHZn bakoitzak bere manera du ahalik eta hobekien iratzartzeko. Laguntzaileen harreran daude Xumai eta Ainhoa Gorostiaga anai-arrebak eguzki bete-betean, kontuarraren kontra, nolazpait haize kolpetxo bat hartzeko zain. Biek zailtasun handiak izan dituzte goizean goiz festibaleko erdigunera hubriltzeko. Hain zuzen ere, Xumai k segurtasun taldeko lan txanda goizeko seietan finitu du, eta, lo biziki guti eginik, eguzkiarengatik iratzarri da lo hartu bezain fite. «Eguzkiak aurpegian jo dit eta biziki bero egin du goiz-goizetik». Bere arrebak, aldiz, ontsa garatu ditu iratzartzeko teknikak, eta banaka zerrendatu ditu segitu beharreko aholkuak. «Dutxara joan behar da lehen-lehenik. Ondotik, ongi gosaldu behar da, baina kafe gehiegi edan gabe, tripa zaindu behar baita. Egunean zehar, aldiz, ura usu edan behar da. Horiek dira beroarekin bizirauteko baliatzen ditudan teknikak».
Hortik hurbil, «Hydratis bat bazenukete?» galdegin die Luma Hirigoienek komunikazio gelako kideei, ordenagailu beroen artean egosten hasiak direla. Bestondoa pasatzeko erremedioa uretan urtu eta edan ondoan, lasterka joan da bere ardura postura. Bestondoa burutik kentzea da bere teknika iraunkorrena «zutik» irauteko. «Atzoko besta zuharen gibelean utzi behar da eta psikologikoki beste zerbaitera pasatu behar da, bestela gurpil zoro bat da hau».
Herriko plazatik goitiagoko haurren txokoan daude Aiora Urbieta eta Kalima Obiang. Tixerta batzuk diseinatzen ari dira, margoak eskuetan. Ez dute lehen aldia EHZra etortzen direla. «Zestoatik gatoz gu, eta uste dut aurten hirugarren aldia dugula. Hona etortzen gara giroa ona eta sanoa delako, eta umeentzat aproposa den proposamena egiten duelako festibalak». Haiei ez zaie festibalariei edo antolatzaileei bezainbat kostatu iratzartzea. Gauean pentze nagusitik zetorren jende mozkorra aditu du Obiangek, baina ez dio horrek loa trabatu. «Ama trabatuagoa zen gau honetan, baina nik ondo lo egin dut» erran du irriz eta margoa eskuetan.
Bertsoaren itzalpean
Bertso saioan ere eztiki ireki dituzte begiak bertsozaleek. Abanikoak eskuetan, plaza ertzeko haritz ttipienpean itzalgunea ahal bezala atzeman dute frankok. 150 pertsona inguru bildu dira Haira Aizpurua, Miren Artetxe eta Ekhiñe Zapiain bertsolarien aitzinera. Lora Lazkano, Maiana Agerre eta Bastien Marianne musikariek akonpainatu dute saioa. Ekhi Erremundegi ari izan da gai emaile lanetan, eta, doinu eztiz, crescendo hasi dute saioa. Bertzeak bertze, festibalaren 30. urteurrenaren ospakizuna izan du hizpide Aizpurua Ibargaraik. «Auzolanean egiten da hau/ herriak badu axola/ Indar ta lana egiten dute/ badakite ongi nola/ geroan ere segi dezagun/ ta hartu honen kontrola/ haize berritan entzunen dugu/ kantuaren zirimola».

Saio bukaeran, bertsolariek publikoa dantza eman dute. Guantanamera doinuaz lagundurik, ez dute denbora anitz behar izan zutik emateko eta alde batetik bertzera mugitzeko. «Bertso zumba» klase bat izan dela bota du Artetxek. Ondotik, Zapiainek hartu du jendea dantzan emateko irakaslearen rola. «Mantso-mantso hasi gara/ gero igotzeari ekin/ euskaldun klasiko baten/ pausaje sinple honekin». Jendea txaloka eman ondoan, hauxe bota du, koreografia zailtzeko. «Orain eskuak horrela/ alderik alde aldendu/ ETSren kontzertutan/ ongi funtzionatzen du». Beroak azkar jotzen du leku guzietan, baina, bat-batean, kalejiran hasi dira bertsozale guziak: pausoak bata bertzeari kopiatuz ibili dira saltoka eta irriz.
EHZ dagoeneko iratzarri da, eta aste hondarra musikaren eta hainbat ikusgarriren doinuez lagundurik finituko da festibala.