Nahia Sasko

Bakoitzak bere berdea

2026ko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda osoa pasatu dugu beldurtuak bezain bero. Sei berote handi, alerta gorri amaigabeak, eta aurtengoa sekula berriz ezagutuko ez dugun udarik «freskoena» zelako oihartzunarekin.

Oroitzen ditugu 30 gradupetik jausten ez ziren gauak, loa lapurtzen ziguten izerdi litroak, egun osoa leihoak hetsirik egon beharreko aste luze horiek, baita zuriketak kanpoan hogei minutuz xukatzen zireneko egunak.

Orain, oroitzapenak baldin badira ere, aski luzaz iraun duen katastrofea da hau, ondoko uda iritsi artean ahantzi ezinak diren egunak izateko.

Beroaren sentsaziotik harago, paisaiaren aldaketak ere nabarmendu dira gure begien aitzinean. Zenbat aldiz eguneroko bideetatik autoz pasatzean zeharkatu ditugu kasik hosto gorriz jositako arbola korridoreak? Zenbat aldiz bi alertaren artean mendira joan eta aitzineko urteetako berde dirdiratsuak kolore horiari lekua utzi ziola ohartu?

Justuki, ez gara bakarrak Euskal Herrian beroan itoa uda pasatu dugunak, batzuk gehiago ito direla ere erran dezakegu. Iraileko lehen astean kanpoko lagun batzuk etorri ziren etxera astea pasatzera. Urte batez ikusi gabe, eta ukan genituen lehen elkarrizketak, udako klimaren inguruan izan ziren. Horietako batzuek erran zidaten, harriturik eta agian esperantzaz: «Zein berdeak diren hemengo mendiak eta inguruak! Gure eskualdeetan dena gorritu eta idortu zaigu». Eta hor ohartu nintzen bakoitza entseatzen dela bere inguruko berdearen ñabarduren arabera ondorioak ze heinetaraino larriak izan diren neurtzen. Alta, denetan, berdeak bere berdetik galdu du aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA