Gogoan dut, 14 urtetan, burasoekin negoziatu ondoan, lagun batekin Heletarako bidea hartu izana festibalera joateko. Pentze handira doi-doia arribatu ginen zirku karparen pean zen kontzertua bururatu zenean. Pareko oholtzatik, Manu Chaoren gitarristak lehen notak jo eta berehala, jendea lasterka ibili zen aitzineko lekuak atxikitzeko. Laguna eta ni zur eta lur egon ginen, ez naiz segur neurtzen genuen taldearen fama; guretzat, gaualdia jadanik lortua zen: burasorik gabe ginen.
Ondoko urtean, lau lagunekin Euskal Herria Zuzenean festibalean laguntzaile izan ginen. Orotarik egin genuen: lomo xerrak erre —gure eriak aldi berean—, auto zirkulazioa kudeatu Heletako nik dakita zein puntatan, igande goizean pentzea garbitu latex eskularruekin zigarreta muturrak banan-banan harrapatuz —artetik atzemandako ttantto batzuk sakelan gorde—.
Ordutik, ber taldetxoarekin, urtero laguntzaile eman ginen: komunetan papera gehitu Donostiako piratekin kantuz, zirkulazio txanda gau ilunez walkie-talkiearekin komunikatzen, ttantto banaketa rush mementoan... Muntaketan eta desmuntaketan ere laketu ginen: adin eta xoko ezberdinetako gazteok helburu bera gogoan, barra-barra karpa eta ostatu muntatzen, palet higitzen, zintak ematen, kalaka eta irri gozoekin.
Ttantto postu finkoa egin ondoan, komisio batean engaiatu ginen: eguneko programazioko taldean. Ez zen batere gure arloa, egia erran, baina zerendako ez? Taldean, aditua zen jendea bazen eta bilkuraz bilkura, gauzak ikasi genituen, baita ardurak hartu ere. Komisioz aldaturik, brigada berdera engaiatu ginen ondotik.
Duela urte batzuk, lekualdaketa bat aipatzen zenean, Amikuzen plantatzeko eginahalak egin genituen, ametsa egia bilakatu arte. Orduan, festibalaren parte teknikoa (azpiegitura, plano egitea, material atzematea...) segitzeko xantza ukan nuen.
30 urteko ibilbidea ospatzen du festibalak. Zenbat gaztek egin dute festibala? Zenbat gazte egin da festibalean? Hor, barneko ikuspegia partekatua zaizue.
Interesgarria litzateke kontsumitzera hurbiltzen diren gazte belaunaldiei galdegitea zein den beren bizipena. Zerendako ez dira engaiatzen antolaketan? Zergatik hurbiltzen dira, edo ez?
Analisiak gako batzuk emanen lituzke EHZko laguntzaileen profilen panorama zabaltzea kausitzeko.
30 urteren buruan, agian, festibalak kolektiboan ikasteko, ardurak hartzeko eta euskaldun komunitatea osatzeko tresna izaten segituko du.