Beldurra. Arrisku baten aitzinean sentitzen den emozio natural eta sakona. Heriotza. Mina. Gaixotasuna. Iluntasuna. Porrota. Epaitua izatea. Bakardadea. Hainbat egoeraren beldur izan gaitezke. Beldur txikiak, beldur handiak. Beldur errealak edo gezurrezkoak.
Funtsean, bizi izaten ditugun beldurrak ez dira txarrak. Laztura sentitzen dugunez, adi egonen gara. Babesten gaituen bihozkada horrek bizirauten laguntzen digu. Zirrara horren entzuten ikastea ezinbestekoa da, haren onartzea premiazkoa da: haren gainditzeak aukera eskaintzen digu gaitasunak garatzeko. Arriskuak neurtzeko gai garenean, egoera zeharkatzeko bide bat sor genezake.
Halere, usu, beldurrek urratsak bideratzen dizkigute. Gure egunerokoa mugatzen digute. Horregatik, tresna perfektu eta borobila izan daiteke jendartea edozein lekutara eramateko. Nortasuna. Segurtasunik eza. Ezegonkortasun ekonomikoa. Prekaritatea. Aldaketa soziala. Etorkizuneko ziurgabetasuna. Beldurra ez da beti bidelagun onena izanen, batez ere elkartasuna ez dugularik zaintzen.
Azken aste hauetan bizi izan ditugun manifestazioak gero eta bortitzagoak bilakatu dira. Beldurragatik, jende asko ez da ausartzen kalera joatera. Makilakadak, atxiloketak, negar gasak... Sufrimendu fisikotik ihes egin nahi dugu. Geure burua salbatzeko nahian etxean egon, eta ez dute deus egiteko beharrik izanen botereari eusteko. Gazte batzuek diote: «Beldur naizelako jaisten naiz kalera». Gu baino argiagoak dira.