Elena Kasiriain

Beroa

2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bero da!

Uda honetan behin baino gehiagotan gertatu zait lan egun baten ondotik etxera arribatu eta kanpo leiho guziak hetsiak izan arren bero itogarria sumatzea. Hasperenka, leiho guziak irekitzen hasi eta aire korrontea sortzen entseatzen nintzen. Dutxa bat hartzen nuen gorputza freskatzen zelako ilusioarekin.

Behin afari hotza gozatzen ari nintzen artean euli bat hasi zitzaidan inguruka. Zainak airatzen hasi zitzaizkidan. Pazientzia agortzen ari zitzaidan. Istant bat berantago, gauainara bat nabaritu nuen buru gainetik pasatzen. A ze sustoa! Lasterka kadiratik zutitu eta ganberan sartu nintzen borta zanpatuz. Ezin dut. Atea berriz ireki, artetik begiratu eta bat ez, bi gauainara hor zebiltzala ohartu nintzen! Kuraia hartu, lasterka argia itzali eta berriz itzuli, eguneko misioa lortua. Atea hetsirik lo eginen dut, aire gutiagorekin. Leihoa irekirik bederen. «Mzzz», hara! Beste bisitari bat. Ezin lo hartu. Hatza hanketan. «Zenbat xixta izanen ditut bihar goizean? Kremarik ez dut gehiago! Farmaziatik pasatu beharko dut».

Beroak gure ezintasunen eremuetara eramaten gaitu. Barneko munstroak borrokatzera kondenatzen gaitu, gure beldurrak errepasatzera. Gauainara, eltxo edo euliekin bizi gaitezke? Bisitari horiek kontrolatu nahi baditut eta etxetik kanpo uxatu, beroa pasatu beharko dut. Heldu den urteko klimatizazio sistema instalatzea aukera bat da erosotasun pixka bat lortzeko edo… inguruko bizidunak dominatzen segitzeko? Gizakiaren boterearen aroa bukatu ote da?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA