Aste bat barne hasiko dira Lapurdiko hiriburuko bestak. Astebete falta da, eta herria jadanik erabat aldatua da jende uholdea aterpetzeko uztailaren 15etik 19ra: hesiak, bide mozketak, karpak... Baionako guneak bestetako itxura hartzen ari dira poliki-poliki; herriko etxeak antolatutako guneetan, baina baita beste elkarte, ostatu eta talde batzuek ondutako lekuetan ere. Horien artean anitzek besta «alternatiboak» antolatzen dituzte. Batzuek urtero, Zizpa gaztetxekoek Patxa plazan bezala, adibidez. Beste batzuek lehen urtea izanen dute. Antolatzaileek erran dutenez, besta alternatiboak euskararen «arnasgune», zuzeneko musikari «lehentasuna» emateko gune, eta segurtasun aldetik «sanoago» izanen dira.
Hainbat dira besta ofizialen kontrako korrontea hartzen duten guneak. Duela bi aste, Züzülü Baiona ttipiko tabernak sare sozialetan gune alternatiboen mapa bat zabaldu zuen. Baiona Ttipian horiek dira bildu dituztenak: Txalaparta, Patxa Plaza, Epaiska, Züzülü, Laborarien Txokoa. Inguruko auzoetan, horiek: Baionako ikastolen Karrikaldia, Biltxoko, Or Konpon eta, lehen aldiz, Gure Irratiaren gunea Montaut plazan, eta Mugimendu Sozialistaren Txosna Gorria Poterne parkean.
Uztaritzeko estudioetatik atera, eta lehen aldiz haiena eginen dute Montaut plaza Gure Irratikoek, uztailaren 17tik 19ra. Iaz, Patxondo txosnakoek haien lokala prestatu zieten egun batez erabil zezaten, irratiak dituen arazo ekonomikoei aurre egiten laguntzeko. Aurten, berriz, beste gune bat lortu dute, eta, oraingoan, hiru egunez baliatuko dute Montaut plaza. Erabakia azken momentuan iritsi zaie; beraz, oraindik lanean ari dira bestak prestatzeko, Arantxa Idieder kazetariak azaldu duenez. Bi helbururekin datoz plaza horretara: batetik, helburu ekonomiko dutela, eta, bestetik, euskarari lekua egiteko xedea dutela: «Ez da sekreturik, Baionako gune bat gehiago sortu dugu euskaraz bizi ahal izan dadin besten garaian. Bai baitakigu besta horietan, nahiz Lapurdiko herria izan, euskara eta Euskal Herriari lotuak diren elementuak desagertzen ari direla; beraz, ezinbestekoa iruditzen zaigu leku bat gehiago egitea euskararentzat, euskaldunentzat. Leku ttipi horretatik zerbait eginen dugu».
Gunea egun osoan martxan izanen da, 09:30etik 20:00etara: gosaria, larrain dantza, musikariak, Dizkobolo txaranga, karaoke saioak... «Iazko esperientziak erakutsi eta ekarri diguna da entzuleria gurutzatzeko parada badela, haiekin elkartzeko, hitz egiteko, ezagutza trukatzeko... Egunez izanki, giro goxoa eta lasaia izanen da». Halere, badakite haien gunea ez dela jendearen ohituretan sartua; beraz, badakite jendea ez dela «saldoan» jinen, baina espero dute prestatu dituzten animazioek publikoa erakarriko dutela. Oraindik laguntzaile xerka ari dira janari eta ostatu txandak segurtatzeko.
Mugimendu sozialistari
La Poterne parkeak ere bizi berria izanen du besten garaian, lehen aldiz Txosna Gorria izanen baita bertan. Ipar Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak lortu duen gunea da, uztailaren 17tik 19ra. Unai Perez Mugimendu Sozialistako kideak esplikatu du ez dela aurtengo afera, baizik eta azken urteetako «bataila» bat. Hain zuzen, Baionako Herriko Etxearekin hainbat urtez saiatu dira txosna gune bat lortzen besten garaian, baina «nekeza» izan zaie. Aurten, azkenean, lortu dute beren gunea.
Horiek ere bi helburu nagusirekin jinen dira hiriburuko bestetara: «Mugimendu politiko gisa, gure arrazoietako bat ekonomikoa da. Behar dugu finantzamendu iturri bat». Bestetik, Baionako bestetan igaten ari den bortizkeriaren kontra joateko gune bat proposatu nahi dute: «Ez da berria, gizarte kapitalistaren bortizkeria denetan da, baita Baionako bestetan ere, izan indarkeria matxista, faxismoa ala arrazakeria. Aldarrikapen faxista gero eta gehiago entzuten eta ikusten dira: kantuak, oihuak, pegatinak, jestuak... Bortizkeria horren kontra nahi ditugu sortu gune alternatiboagoak, seguruagoak, zapalkuntzarik gabeko perspektiba batean direnak. Leku seguruagoa aipatu dudalarik ez du erran nahi uste dugula gure guneetan ezin dela erasorik gertatu, baina erasoak gertatzen baldin badira erantzuna emanen zaiela, eta kudeatuko direla. Denendako toki segurua izateko antolatuko dugula, alegia».
«Ez da berria, gizarte kapitalistaren bortizkeria denetan da, baita Baionako bestetan ere, izan indarkeria matxista, faxismoa, arrazakeria. Aldarrikapen faxista gero eta gehiago entzuten eta ikusten dira: kantuak, ohiak, pegatinak, jestuak... Bortizkeria horren kontra nahi ditugu sortu gune alternatiboagoak»
UNAI PEREZ Mugimendu Sozialistako kidea
«Orori eskuragarria» izan daitekeen gunea proposatzen entseatuko dira mugimendukoak, hala nola prezioen aldetik. Alde batetik, Poterne gunera sartzeko ez da eskumuturrekorik behar —azken urteetan hamabost euroan erosten da eskumuturrekoa Baionako gune gehienetan sartzeko—. Eta, bestetik, jatekoa eta edatea ahalik eta prezio apalenean emanen dute. Hiru egunetan hainbat animazio izanen dira: euskara iniziazioak, bertso aperitifa, bazkaria, dantza ikusgarria Ibawa taldearen Gaua emanaldiarekin... Kontzertu programazio zabala prestatu dute, gainera: Kospeitar orkestra, DJ Uzkuluz, DJ Infernu, AKts, Panda Valium... Uztailaren 18an, Gazte Eguna eginen dute, bazkariarekin, eta ondotik Molkky eta Toka txapelketekin. 20:00etatik goiti, kontzertuak izanen dira, Akeer, Mirotz, Jackie Blvck eta Akiam, eta DJ Estellekin.
Betiko Patxa
Badira ere urteetan zehar ber gune alternatiboa atxikitzen dutenak. Baionako Zizpa gaztetxea, kasurako, Patxa plazan egonkortua da besten bost egunetarako. Aurtengo berrikuntza plazaren eraldaketan datza, Patxoki gune historikoaren eraikina bota baitute eta plaza berritzeko obrak abiatuak. Halere, besten denboran plaza erabiltzeko moduan izanen da.
Baionako bestak sistema batean oinarrituak direla uste du Oihan Bouzigues Zizpa gaztetxeko kideak, eta Zizpakoek proposatzen dutenak «beste bide» bat hartzen duela. Patxako gunea herrikoia, euskalduna eta transfeminista dela esplikatu du, eta lehentasuna zuzeneko musika eta animazioei ematen dietela. «Gure egitaraua jendearen beharretan oinarritzen dugu: musika euskalduna proposatzen dugu, giro sano eta segurtasun maila goxoarekin. Familientzat ere programazioa prestatzen dugu, eta pertsona oro ongi etorria da».
«Erran behar da azken urteetan erreferentzialtasun gero eta handiagoa duela proposatzen dugun besta ereduak. Askotan, giro aski lasai eta onean egoten da Patxa plaza. Jendeak eskertzen du anitz horrelako gune bat izatea, herritik herriarentzako besta eredu bat eraikitzen baitugu», kontatu du Eneka Barnetxe Borda Zizpako kideak. Azken urteetan gune alternatiboen loratzea «begi onez» ikusten du, Baionako besten eredu kapitalista eta kontsumistari aurre egiteko eta beste eredu bat proposatzeko izaten baitira. «Baionako herritarrek eta euskaldunek Baionan lekua hartzeko balio dute gune horiek, gure balioak zabaltzeko».
«Gure egitaraua jendearen beharretan oinarritzen dugu: musika euskalduna proposatzen dugu, giro sano eta segurtasun maila goxoarekin. Familientzat ere programazioa prestatzen dugu, eta pertsona oro ongi etorria da»
OIHAN BOUZIGUES Zizpa Gaztetxeko kidea
Programazio zabala prestatu dute Zizpakoek ere: Barrrk, Ameba, Sua eta Frigo taldeek joko dute irekitze gaualdian. Bigarren egunean, kirol erakustaldia ere izanen da Gaia elkartearekin, eta, arratsean, Eraldatzen, Bisaiak, Mizelium eta Zeze. Ostiralean, arratsalde hasieran bertso saioa izanen da; gero, Somak, Sheep'n'beer, Sons of kentucky, RTZ, Kalume, dantzaldia Patxi eta konpainiarekin, Aramu, White Carters, Txoriburu, eta Le Coupe Gorge. Azken egunean Kanboko ziganteak, Nat eta Watson eta Moira Krank ikusten ahalko dira.
Patxokik ostegunetik iganderako egitaraua prestatu du, Patxa plazan karpa ezarririk: Su Lamina, Hirukote, Voisins Vigilants, Punttu Kakotx, Wrek, Zezette & Pouzik's, Les Freres Mapogo + ip, Skiz, Twins Stoners, Bosler & Fordson, Gasolina eta Amaia Yaniz arituko dira, besteak beste. Patxondo asteazken, ostegun, ostiral eta igandean irekia izanen dute, eta kontzertuak hauek izanen dira: Sarkabul, Coldstress, La Basu, Patxaranga, eta Baffes ou Torgnoles.
Züzülün, goizero gosaria proposatuko dute. Musika programazioa ostiralean hasiko da, Pussy Miel, Zetkin eta DJ Üzkülüz taldeekin. Biharamunean, Boesler & Fordson, Silitia eta Kalume ariko dira, eta igandean, Patxaranga eta Kalabazan.
Erasoen kontrako protokoloak
«Badugu protokolo bat Patxa plazan, Baionako beste leku anitzetan erabiltzen eta aplikatzen ez dena. Baina Patxan beharrezkoa zaigu. Protokolo oso eta osatua proposatzen dugu edozein eraso kudeatu ahal izateko eta erantzun bat emateko gai izateko. Laguntzaile eta txandak egiten dituzten denak jakinean dira protokoloaz, lanketak eramaten ditugu eta denen arteko erantzun bat emateko sortutako protokoloa da», kontatu du Barnetxek.
Horrez gain, aurten ere, Ipar Euskal Herriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak erasoen kontrako protokoloa ondu du, eta babesgune bat ezarri du: Akelarre kafetegia, Pontrique karrikan. Horretarako, uztailaren 4an eta 9an, laguntzaileen formakuntzak eginen dituzte, Indarkeria matxistari aurre egiteko, karrikak hartzeko momentua da! leloarekin.