Hizkuntza gutxituak saretzeko egitasmoa da Bihar, eta Plazara, Garabide, Soziolinguistika Klusterra eta Taupa mugimendua aritu dira elkarlanean proiektua gauzatzeko. Lanaren lehen fasea abiatua dute jadanik, eta irailean borobilduko dute, Bilbon, Irunen eta Hendaian eginen duten kongresuan. Hiztun komunitateek batak bestearengandik ikastea da helburua, eta hiru ardatz izanen ditu xedeak: munduko hizkuntza gutxituen egoeraren diagnostikoa egitea, azterketa horren emaitza Euskal Herrira ekarri eta euskaldunen bizipenekin konparatzea, eta lau eguneko kongresu bat egitea, proiektua borobiltzeko. Kongresuan mundu guziko hizkuntza gutxituetako eragileak bilduko dira mahai inguru, solasaldi eta egitasmo kulturalen inguruan. Bertan izena emateko epea irekia da.
Hizkuntza gutxituetako hiztunek beren hizkuntzari buruzko «diskurtsoak» zertan diren ikertzea izan da lehen urratsa, Plazara-ko kide Xan Airek esplikatu duenez. «Sentitzen genuen euskararen biziberritze prozesuan diskurtsoetan berrikuntza batzuk beharrezkoak zirela. Horretarako, munduko beste hizkuntza gutxituak zertan diren galdekatzea ere beharrezkoa ikusten genuen», erran du. Izan ere, diskurtsoetan «lausoaldi» bat bazela ikusten zuten euskararen inguruko hainbat eragilek, eta horregatik abiatu dute kontsulta. «Ikusi nahi genuen, bestalde, nola egiten ahal den biktima izatetik aktore izatera pasatzeko. Linguizidio bat jasan dugu, ukaezina da, eta horren ondorioak pairatzen ditugu oraindik ere. Baina euskarak badu zer ekarri munduari, eta horren inguruan gogoetatu nahi dugu, aktibo izanez».
Prozesuaren lehen fasean, munduko hizkuntza gutxituetako hiztunekin bildu ziren, galdetegi bat betearaziz, eta horren araberako lehen ondorioak ateratzen ari dira: «Anitz hiztunek nortasunarekin lotzen dute hizkuntza, eta beren nortasunaren tresna bat bezala ikusten dute. Badira beste batzuk hizkuntza beren ardatz oso bat bezala ikusten dutenak». Eta gogoeta horrek, justuki, munduaren ikuskerari buruzko galderak sortzen dituela uste du Airek. «Mundu zabalean kultur aniztasuna bada, eta horren gibelean den galdera, azkenean, zera da: zer mundutan bizi nahi dugu? Hiruzpalau hizkuntza soilik erabiliko dituen mundu batean ala hizkuntza aniztasuna bermatuko duen mundu batean?», galdegin du.
Eta galdera horiei erantzuteko, uste dute hizkuntza gutxituen erabilera «praktikoagoa» sustatzeko estrategiak behar direla. Preseski, xede horri erantzutea da Bihar egitasmoaren helburua, eta, bigarren fase honetan, Euskal Herrian hainbat arlotan jarduten duten eragileekin biltzen ari dira, loturak ehuntzeko asmoz: «Eragile ekologistekin, feministekin, arrazakeriaren kontrako elkarteekin, migranteez arduratzen diren elkarteekin eta beste zenbait arlotan ari diren eragileekin lan egin nahi genuke, loturak egiteko eta euskararen aldeko borroka eta haiek eramaten dituzten borrokak gurutzatu daitezkeela ikusten dugulako», erran du. Izan ere, gizartean «hizkuntzaren aldeko jarrerak» zabaldu behar direla argi dute, eta beste eragileekilako harremanak beharrezkoak zaizkie horretarako.
Kongresua, irailean
Gogoeta eta ikerketa horien erakusleiho izanen da gero irailean eginen duten kongresua. Irailaren 23tik 26ra egingo dute biltzar hori, Euskal Herriko hiru tokitan: Bilbon, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi). Kongresuak lau egun iraunen du. Bilbon eginen dute lehen saioa; bigarrena eta hirugarrena, berriz, Irunen; eta azkena, Hendaian. Lehen hiru egunetan, mahai inguruak, solasaldiak eta tailerrak izanen dira, mundu osotik etorritako hizkuntza gutxituetako eragile eta aktibistekin. Azken eguna Hendaian eginen dute, agerraldi publiko batekin, eta manifestu bat irakurriko dute hizkuntza anitzetan. Bestalde, arratsetan, publiko zabalarentzako jarduera kulturalak izanen dira —filmak, kontzertuak, dantzaldiak...—, hizkuntza gutxituen bidez munduaren zati bat «dastatu» ahal izateko.