Iban Hiriart Urrutiren (Kanbo, 1993) kolore gustukoenak gorria eta zuria dirateke. Kanboko kamiseta jantzirik hasi zen errugbian, gaztetan Miarritzera joan aitzin. Maila profesionalera ez zen heldu orduan, eta Donibane Lohizunera mugitzea erabaki zuen. 2023an, Akizeko (Okzitania) talde profesionalak aukera eman zion Pro D2 Frantziako bigarren mailan lehiatzeko. Ordezkoa izan behar zuenak frogatu zuen gai zela kategoria horretan jokatzeko, harik eta Miarritzek etxera itzultzeko galdetu zion arte. Proposamena onartu, eta aurtengo denboraldia bikainki hasi du Hiriart Urrutik, kamiseta zuri-gorria beztiturik.
Ttipitan horrelako ibilbidea egitea zenuen amets?
Ttipitan bai; gazte anitz bezala, errugbia ikusten genuelarik telebistan, haiek bezala aritu nahi genuen. Niretzat amets bat zen preseski Miarritzen aritzea, sostengatzen dudan taldea baita. Gaztetan ohartu nintzen maila bereziki gora zela, eta ni ez nintzela besteak baino hobea. Beraz, aski fite baztertu nuen amets hori, eta jokatzen segitu, ahal bezain ona izateko gogoz, baina ez baitezpada profesionala izateko helburuarekin.
30 urtetan bilakatu zinen profesional, jakinik zenbat aldaketa ekartzen dituen horrek.
Lehenik Akizera joan nintzen sei hilabete. Lana ez nuen utzi: baimen berezi bat hartu nuen horretarako. Niretzat, maila ote nuenetz ikustea zen helburua, gehienbat. Ahal bezainbat gozatu nahi nuen, ahal bezainbat ikasi, eta hainbeste idealizatzen dugun mundu profesional hori deskubritu. Azkenean ongi joan da, eta orain badu lau urte mundu horren barnean naizela.
«Egun, kluba berriz egituratzen ari da, bigarren mailan. Baina uste dut bide onetik doala, eta biziki uros naiz Miarritzerentzat ari naizelako»
Jadanik kirolaren munduan lan egiten zenuen, irakasle eta hezitzaile gisa.
Ttipidanik maite dut kirola, eta horretan egin nituen ikasketak. Kirola egiteaz gain, maite dut kirol guzietatik ikastea, irakastea. Pixkanaka egin nuen bidea Iparraldeko Pilota Batzordean, hezitzaile izan arte. Plazer hartzen nuen errugbitik ateratzean beste mundu batean sartuz, beste kirol batean.
Maiz ibilbide profesionala laburra izaten da zure arloan; etorkizunean errugbian segitu nahi zenuke?
Egun, errugbi trebatzaile izateko formakuntzak ere egiten ari naiz. Oraino ez dakit baliatuko ditudan eta zertara noan zehazki; beharbada amaturrekin ariko naiz, beharbada profesionalekin. Bestalde, oraindik badut pilota batzordeko lanpostua, eta aukera hori atxikitzen dut. Anartean, saiatzen naiz azken urte hauek ahalik eta gehien gozatzen.
BOko taldea kanpotik sostengatzen zenuen. Orain, barnetik ari zara; zer aldatzen da?
Gaztetan, jarraitzailea nintzelarik, ez ziren oraingo mailan. Beste mundu batean ziren: kristoren taldea zuten, Top14 Frantziako lehen mailan txapeldunak ziren, Europan azkarki lehiatzen ziren... Egun, kluba berriz egituratzen ari da, bigarren mailan. Baina uste dut bide onetik doala, eta biziki uros naiz Miarritzerentzat ari naizelako. Gainera, biziki harro naiz Euskal Herriko gazte andana batekin aritzeaz. Publikoak preziatzen du hemengo jokalarien ikustea. Espero dut taldeak bide horretatik segituko duela, ahal bezainbat euskaldun izateko taldean.
«Publikoak preziatzen du hemengo jokalarien ikustea. Espero dut taldeak bide horretatik segituko duela, ahal bezainbat euskaldun izateko taldean»
Jokalarien artean euskaraz ari zarete?
Kerman Aurrekoetxearekin eta Ekain Imaz Agirrerekin euskaraz ari gara naturalki, Hego Euskal Herrikoak baitira. Iparraldekoekin zailago da; batzuek pixka bat ulertzen dute, baina ez da baitezpada haien ama hizkuntza.
Denboraldia ongi hasi duzue, eta laugarren postuan zarete sailkapenean. Helburu zehatzik baduzue?
Gure lehendakariak aipatu zuen sailkapeneko lehen sei postuetan izatea, edo horietara hurbiltzea, sailkatzeko borrokan izateko. Gero, gure artean ez dugu deus finkatu, azken bi denboraldiak zailak izan baitira, eta argi baitugu denboraldiak biziki luzeak direla. Denetarik gertatzen ahal da anartean: beste 25 partida gelditzen zaizkigu jokatzeko. Kontuak berantago eginen ditugu.