Mauleko auzapeza eta PCFko kidea

Louis Labadot: «Biziki lasai nago, interes komunaren alde lan egin dugulako»

Labadotek adierazi du finantza egoera zaila izanik ere proiektuak aitzina eraman dituztela. Irmo erantzun dio jasotako kritika orori: «Hautesleek emanen dute epaia».

Louis Labadot, Mauleko herriko etxe aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Louis Labadot. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Maule
2026ko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mauleko herriko etxera sartu, eta eskuinean den lehenengo gela da Louis Labadot auzapezarena (Maule, 1943). «Anitz aipatzen da nire adina, baina nire zerrendakideentzat ez da arazo bat». Bulego gibelean jarririk, ahoan bilorik gabe mintzatu da, behin baino gehiagotan umorera joz. PCF Frantziako Alderdi Komunistako kideak harro adierazi du «Euskal Herriko auzapez komunista bakarra» dela. 

Zuk zeuk aipatu duzu zure adina. 

Niretzat onik nahi ez duten batzuek sinetsarazi nahi dute elbarritasun bat litzatekeela, baina nire kideek uste dute kognitiboki gai naizela zerrendaburu izateko. Ikusiko dugu zer dioen sufragio unibertsalaren filtroak. Egia da agintaldi zaila izan dela, baina etorkizunera begiratu nahi dut. Lan anitz egin dugu, baldintza zailetan, eta, beharbada, ez dugu erreleboaz gogoetatzeko tarterik hartu; baina gogoeta egon, bada. Hala ere, argi izan dadila: ez naiz bozetara aurkeztuko hamabost egunera dimisioa aurkezteko. Ezta pentsatu ere! Ez dut hautesleak tronpatzeko asmorik: martxoaren 22an Mauleko auzapez izateko aurkezten naiz. 

Zer ekarri duzu sei urtez?

Ez genuen erabat ezagutzen herriaren finantza egoeraren errealitate objektiboa. 2020ko apirilean 91.418,33 euro zeuden Mauleko finantza publikoetako diruzaintzan. Ez da anitz gurea bezalako herri batentzat; funtzionamendurako buxeta eskas genuen, 38 langile-eta baititugu. Hauteskunde kanpainan erran genuen gauza anitz egin behar zirela, eta, iritsi ginenean, ohartu ginen zailtasunak bazirela. Baina, kirolari biziki atxikiak garenez, funtsezko promes bat egin nuen: agintaldi hasieratik Mauleko futbol taldeari zelai sintetiko berri bat emanen geniola, 300 lizentziatu baititu. Finantza publikoen arduradunek berehala erran ziguten zuhurtziaz aritzeko, baina batzuetan ez naiz zuhurra. Hitzeman genuen; beraz, batailatu genuen, eta mintzatu ginen estatuko zerbitzuekin, eskualdearekin, hirigune elkargoarekin. Eta zazpi hilabetera, milioi bat euroko zelai bat ezarri genuen. Bankuekin negoziatu genuen, eta indarrez mailegu bat lortu genuen 550.000 eurokoa. Gure engaiamendua atxikitzea lortu genuen. 

Maule gaineko plaza ere berritu zenuten. 

Bizitza osoan militatu dut Mauleko auzo zahar horretan, gure hiria kulturalki eta ekonomikoki aberastera heldu ziren ainara baten biloba bainaiz. Auzo horrek konfiantza eman zigun elektoralki, eta bazuen freskatze baten beharra. Bigarren mailako herritar gisa kontsideratzen diren auzo horretako biztanleei bazen hogei urte erraten zitzaiela plaza hori berrituko zutela. Operazioa abiatu genuelarik, kezkak izan genituen, anbizio handiko proiektua baitzen: 1.600.000 euro. Baina orain proiektua bukatua da. Hori izan da gure agintaldiaren marka: hitzemandakoa beteko dugu. 

Mauleko herriko kontseilua, 2025ko martxoan. GUILLAUME FAUVEAU
Mauleko herriko kontseilua, 2025ko martxoan. GUILLAUME FAUVEAU
Kontuen Auzitegiak txostena egin zuen Mauleko finantza egoerari buruz. 

Herriko kontseiluan aipatu nuen: Agerriaren defizita 4,5 milioi ingurukoa zen 2020an; tokiko ekonomia mistoko enpresaren %52 herriarenak dira. Kontuen Auzitegiak egin dizkigun gomendioak lantzen ari gara. Baina atal batean ez dut politikoki gibel eginen: langileen lan denbora. Departamenduan azken menderaezina naiz urtean 1.607 ordu ordez 1.189 aplikatzen dituena, arras modu normalean langileei oporrak eskaintzen baitizkiegu. Gainerakoan, finantza zerbitzuekin harremana izan dugu, eta ahal bezain ongi kontuan hartu ditugu gomendioak. 

Zorpetze tasa 22 urtekoa da. 12 urtetik aitzina alarma gorriak piztu ohi dira. 

Egoera kezkagarria da, segur. Erranen dute herriko finantzak nolanahizka xahutu ditudala. Bi aukera zeuden: bulego eder honetan sartu eta plazari so gelditu, bizitza ekonomiko eta sozialeko turbulentzietatik bazter —ez da arras gure ikuspegia—; edo emandako hitza betetzea, zailtasunak zailtasun. Arazorik gabe hartu ditugu maileguak, eta orain arte itzuli behar dugun diru guzia itzultzen dugu. Egia da 22 urteko zorpetze tasa kezkagarria dela, baina segitzen dugu. Eta etorkizunean ere ahal duguna eginen dugu. Hautesleek beren iritzia emanen dute martxoaren 15ean; hautetsontzien epaiaren zain nago. 

«Egia da 22 urteko zorpetze tasa kezkagarria dela, baina segitzen dugu. Eta etorkizunean ere ahal duguna eginen dugu»

Elkegaraik dio hautetsien sariak apalduz gutxienez 180.000 euro aurreztuko liratekeela. Auzapezaren saria 2.400etik 800era apaldu nahi du; axuantena 935etik 650era. Hainbesteko saria behar duzu erretretan izanik?

Nire erretreta nik irabazi nuen; 2312 euro eskuratzen ditut hilabetero, 37 urtez herri honen interesen alde lan egin baitut irakasle gisa. Eta kito! Hautetsien sariak legeak finkatzen ditu, eta, azkenaldian, talde parlamentario guziek eskatu dute sari horiek emendatzeko. Mauleko auzapezak izan beharko luke legeak finkatutako saria ez duen bakarra? Berrogaineko auzapezak 1.048 euroko saria du 120 biztanleko herrian; Maulen 3.000 biztanle dira, egizu kalkulua biztanleka. 

Herriaren finantza egoerak sortzen du galdera. 

Hautetsien sarien istorio hori badu sei urte entzuten dugula; sei urte. Funtsean hori da agintaldi osoan Elkegaraik egin duen lan guzia: hautetsien saria kritikatzea. Ausartu da, gainera, erraten Mauleko herriaz baliatu naizela alderdi komunista aberasteko. Horretan kasu! Nire sariaren parte handi bat alderdiari ematen diot, baina hori nire afera da. Alderdi bateko kide naiz, eta alderdiaren estatutuak errespetatzen ditut, hautetsi komunista orok bezala. Denek dakite, eta ez du inor harritzen. Eldarnio bat banu eta hilabetero 940 edo mila euro emanen banizkio nire zaldiari edo Elizari, dramatikoa litzateke niretzat; izan ere, horrek erran nahiko luke burua galdu dudala; baina ez da gertatuko. Nire diruarekin nahi dudana egiten dut. Baina erratea alderdi komunista aberasteko ari naizela, larria litzateke irrigarria ez balitz. Zalantzan jartzen ditu nire zintzotasuna eta zuzentasuna. Biziki lasai nago, interes komunaren alde lan egin dugulako. 

«Nire auzapez sariaren parte handi bat alderdi komunistari ematen diot. Nire diruarekin nahi dudana egiten dut»

Zein dira hurrengo agintaldirako pistak kontuak orekatzeko?

Aipatzen dugularik eskola publikoa berritzea, ari gara aztertzen zer finantzamendu bide izan daitekeen. Eta horrela idatzi dugu programan. Ez dut deus ikastolaren kontra, baina joan den aldian ikastolan izan nintzen, Erronkariko ibarreko gure lagunak etorri baitziren, eta ikusi nuen eskola publikoak ez duen kalitatea duela landaredi aldetik eta kirol ekipamenduetan. Errepublikako husar zahar bat naiz, eta irakasle izan nintzen; beraz, uste dut gogoeta behar dela. Eginen dugu. Eta ez bada posible, erranen dugu. Hori da arduraz jokatzea. Batzuek uste badute hobeki egin lezaketela, erran diezadatela nola. Zeren proposatzen dute 1.200 ikusleko ikusgarri gela bat, 800 aparkalekurekin. Zenbakiak jarri beharko dira; Maulek ezin du halakorik bere gain hartu. Ez dut burdin elerik, beti erran dut zer egin nahi nuen. Eta entseatu naiz erraten nuen hori egiten. 50 urteko bizitza militantea Mauleko auzapez izatera iristeko; erran nahi du zinez maite dudala hiri hau. 

Zer lehentasun dituzu berriz hautatua bazara?

Lehenik, jendea ongi bizi dadila hiri honetan. Erran digute ez garela aski interesatu etxebizitzaz; kritika inutila, badirelako bizitegi ez sanoak. Jabeak akuilatu ditzakegu obrak egitera; lortzea besterik da. Programa bat abiatu dugu, eta gauzak aitzinatuko dira. Baditugu beste proiektu batzuk ere bizitegi gehiago sortzeko. Saldo naturala negatiboa da Maulen: 380 heriotza izan ditugu eta 112 sortze. Hala ere biztanleria emendatu da: 2954tik 2973ra. Ez dira beti gazteak; badira erretretadunak ere, dirudienez Maulen ongi bizi baita. 

Louis Labadot, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Louis Labadot, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Zer leku dago euskararentzat Maulen?

Momentu batean erran zen Louis Labadot jakobino bat delako...

Ez da hala?

Nehondik ere ez! Louis Labadot euskararen ehorzlea zela... Biziki atxikia natzaio. Ez dut hizkuntza hori ikasteko xantzarik izan, nire etxean espainola mintzo zelako. Euskara eskolan ez zen mintzo. Aita postaria zen Mendikotan, eta hitz batzuk bazekizkien. Baina nik ez dut sekula kontakturik izan euskararekin. 1999an klase batzuk hartu nituen, neure buruari erran bainion hizkuntza hau ikasi behar nuela. Eta Jean Lougarotek bere axuanta izatea proposatu zidan... Beraz, abandonatu nuen, baina gauza anitz ulertzen ditut. Emaztea Urdiñarbekoa da, euskalduna, baina eskolan zigortzen zuten, eta apezekin euskaraz mintzatu behar zen; ez zituen maitatu ez Errepublikako eskola ez apezak. Gure hiru haurrei transmititzen ahalko zien, baina errefusatu zuen. Domaia da, horrela porroskatzen baita hizkuntza bat, hiztunik ez bada. Ni osoki ados naiz nire ekarpena egiteko euskarari eta euskal kulturari. 

Zer egin dezake herriko etxeak?

Ikastolari diruketa handia ematen diogu; ez gara behartuak, baina egiten dugu. Baditugu bospasei agente euskara klaseak hartzen dituztenak. Formakuntza profesionalaren barnean klaseak ordaintzen dizkiegu, ezin dut bestela egin. Ikusgarrietan anitz euskaraz dira. Ez da inolako arazorik; publizitatea normaltasunez egiten dugu. 

«Maulen zailtasun handiak izan dira ospitalearekin. Baionan edo Pauen izan gaitezen, ez dit inporta»

Batzuek nahi lukete Mauleko ospitalea Baionari lotua izan dadin. Zuberoako poloan ikerketa bat egitearen kontra agertu zinen. Zergatik?

Begira, uste dut osasuna ez dela merkantzia bat, eta estatuaren eskumena izan beharko luke. Komuniston iritziaren kontra asmatu zituzten ARS Eskualdeko osasun agentziak eta lurraldeetako ospitale elkargoak; zinez gauza txarra da osasun publikoari begira. Baina horixe daukagu, eta, halere, egiten dugu, Euskal Elkargoarekin bezala; Notre legearen kontra nintzen, baina horixe daukagu, eta egiten dugu. Maulen zailtasun handiak izan dira ospitalearekin. Zuzendariari eskatu nion finantza oreka batera iristeko, eta hala gaude orain. Beraz, Baionan edo Pauen izan gaitezen, ez dit inporta. Gaur egun Paueko ospitalearekin lan egiten dugu, eta zuzeneko harremana dut zuzendariarekin. Ikerketa bat eskatua izan zen Paueri edo Baionakoari lotu aztertzeko. Ez diot neholako interesik ikusten. 

Zergatik?

Zer aldatzen du Paue edo Baiona hautatzeak? Oraingoz, manera harmoniatsuan ari gara lanean. Eta halako ikerketa batean langileei ere galdetu behar zaie ea zer dioten. Nik galdera egin diet, eta erantzuna badut: gauza bakarra nahi dute, ospitaleak pazienteen intereserako lan egin dezan. Baiona zergatik ez, baina horren gibelean ikuspegi identitario eta dogmatiko bat dagoelarik, nik ez dut bat egiten. Ez da besterik. Gorroto ditut populismoa eta nazionalismoa, edozein izanik ere.

Frantses nazionalista anitz bada PCFn ere. 

Ni beti borrokatu naiz nazionalismoaren kontra. Gainera, Baionari lotzearen ikerketa hori ez da sekula egina izan. Ez dakit zer egiten duen elkargoak horri buruz. Baina bada hiru urte bozkatu zela, eta ez da ezer mugitu. Beraz, beharbada elkargoaren buru diren eskuineko jende horiek ere ez ditu interesatzen. Galdera egin beharko litzaieke.

«Zuberoako polora aurkeztu nintzen, baina EH Baikoek nahiago izan zuten Baranthol macronista hautatu»

Justuki, zer leku ikusten diozu Mauleri elkargoan?

Elkargoaren kontra nintzen, baina hor dago. Batzuek erranen dute kontraerran bat dela, baina buxeta bozkatu nuen, herrietako laguntzak finkatu zituelako eta arazorik gabe eskuratu ditugu Maulen behar genituen laguntzak gure ekipamenduentzat. Kontraerran politiko guzien gainetik, harreman humano kalitatezkoak ditut elkargoko buruekin. Errespetua diot Etxegarairi, eta politikoki denaren kontra borrokatzen naiz, baina uste dut defendatzen ditudan ideia politikoen gainetik errespetatzen nauela. Hori da lurraldearen intereserako lan egitea; nik gure hiri txikiaren intereserako lan egiten dut.

Elkargoan sentsibilitate guzietakoek badituzte ardurak, komunistok izan ezik. Zuberoako polora aurkeztu nintzen, baina EH Baikoek nahiago izan zuten Baranthol macronista hautatu. Funtsean, hobe da, niretzat bozkatu bazuten gaur egun dudan baino lan gehiago izanen bainuen. Txintxoa izanen naiz; biziki maite ditut, haiek maite nauten bezainbat. Erran nahi nieke eskertzen ditudala niretzat egin duten guziagatik [irriz hasi da]. Hori da nire umore puntua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA