Prefetak trenkatuko du Canon Françaisen «bankete» erreakzionarioa onartu ala debekatu

Canon Français eskuin muturrak diruztatutako enpresak «euskal banketea» antolatu nahi du azaroan Miarritzen. Horrelako ekintzetan irain arrazistak, homofoboak eta keinu naziak izan dira. Herriko etxearen «konplizitatea» salatu dute hainbatek.

Serge Blancoren lehen herriko kontseilua, aurtengo martxoaren 28an. PATXI BELTZAIZ
Serge Blancoren lehen herriko kontseilua, aurtengo martxoaren 28an. PATXI BELTZAIZ
Miarritze
2026ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontraste handia izanen da azaroan Miarritzeko Irati gelako ekitaldi zerrendan. Lehenik, 6tik 8ra, ohikoa den bezala, laborantza herrikoiaren aldeko Lurrama azoka iraganen da. Hortik gutira, azaroaren 28an, «euskal banketea» deituriko bazkaria egin nahi du Frantziako Canon Français enpresak. Ekintza horrek hainbat arazo dakartza, eta Ipar Euskal Herriko talde andana bat hura antolatzearen kontra agertu dira: debekatzea galdetzen dute. Miarritzeko Herriko Etxeak erran du prefetaren iritziei jarraikiko zaiela erabakitzeko ekinaldia debekatu ala ez. 

Canon Français zer den ulertzeko, batetik, oroitarazi behar da Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko miliardunak lotura ekonomikoa duela etxe horrekin. Sterinek Perikles plana aitzina eramatea: estrategia kontserbadore eta kristau horren xedea da 2027ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan eskuin muturra garaile izatea. Bestetik, Canon Françaisen beste ekintzek traba larriak sortu dituzte han eta hemen. Adibidez, Frantziako Caen herrian antolaturiko banketean, irain arrazistak eta homofoboak eta ikur naziak izan ziren, kazetari baten filmaketek erakusten dutenez. Gainera, banketearen ondotik hirian erasoak eta kalapitak izan zirela salatu dute hango dendariek eta ostalariek.

Frantziako Caen herrian antolaturiko banketean irain arrazistak eta homofoboak eta ikur naziak izan ziren, kazetari baten filmaketek erakusten dutenez. Banketearen ondotik hirian erasoak eta kalapitak izan zirela salatu dute hango dendariek eta ostalariek

Eta Caengoa ez da kasu bakana. Bretainiako Kemper herrian, Isabelle Assih auzapezak banketea ezeztatzea deliberatu ondotik, mehatxuak, irainak eta ohar arrazistak izan ziren haren aurka. Zerbitzatutako janariarekin ere polemika bizia sortu dute Canon Français enpresakoek. Nagusiki txerrikia izaten da otorduetan, eta, sare sozialetan zabaldu den bideo batean, parte hartzaile batzuek erraten dute dute txerrikiak «zenbaiti ihes eginarazteko» balio duela. Ez dute asumitzen nortaz ari diren, baina argi gelditzen da eraso islamofoboa eta antisemita dela. Orain arte, Frantziako Justiziak ez du zigortu aipaturiko istilu bakar bat ere.

Bestalde, Canon Françaisen webgunean idatzia denez, «Frantziako lurraldearen eta ondarearen omentzea» dute helburu. Haiek diotenez, horregatik eskualde bakoitzeko mozkinak eta ekoizleak hautatzen dituzte otordurako, baina mementoko ezin da jakin nor izanen diren Miarritzeko bazkariaren hornitzaileak. Hala ere, neurritasun ttipiko engaiamendu bat hartu dute: «Aurreikusten dugu kilo bat janari baino gehiago izanen dela bakoitzarentzat. Loriatuko gara».

Herriko etxearen ardura

Euskal Herrian banketea egiteko xedea iragarri bezain laster, erreakzio anitz izan dira. Sare sozialen bitartez, hainbat kolektibok eta taldek salatu dituzte bai Canon Français eta bai haren «euskal banketea». Polemikak bidea egin, eta Miarritzeko Herriko Etxeko kontseiluraino arribatu da eztabaida. Biarritz Berri-Nouvelle Vague izeneko oposizioko koalizioko kide Ana Ezkurrak alarma jo zuen ekainean. Serge Blanco auzapezak erantzun zion ekinaldi hori pribatua zela, eta «ordena publikoa trabatzeko arriskua» izango balitz baizik ez zuela ekitaldia debekatzen ahalko.

«Jendeak trabak sortu behar lituzke eta kexu dela erakutsi eskuin muturreko ekintza baten ezeztatzeko? Herriko etxeak posizio politiko bat hartu behar du Canon Françaisen aurka, Frantziako herri batzuetan egin duten bezala» 

BEÑAT JAUREGI Miarritzeko oposizioko hautetsia

Beñat Jauregi Biarritz Berri-Nouvelle Vague oposizioko zerrendako hautetsia da, eta, haren ustez, afera horretan herriko etxeak alderdi juridikoaz aparteko ardura hartu behar luke. «Jendeak trabak sortu behar lituzke eta kexu dela erakutsi eskuin muturreko ekintza baten ezeztatzeko? Herriko etxeak rol politikoa du horretan, eta posizio politiko bat hartu behar du Canon Françaisen aurka, Frantziako herri batzuetan egin duten bezala». Gehitu du banketearen desmartxa «inperialista» eta «baztertzailea» dela, Frantziaren «asimilazioa inposatu» nahi baitu. «Lurramaren bazkari herrikoia da benetan eginahala jende biltzen dituena. Canon Françaisekoek eskuin muturreko diskurtsoa hedatzen dute, eta sinetsarazi jende xumeari mintzatzen zaizkiola, nahiz eta 80 euroko bazkaria saltzen duten», oroitarazi du Jauregik, konparazioa eginik zenbait egun lehenago leku berean egitekoa den laborantza herrikoiaren azokarekin.

Bestalde, Christophe Abellano Dordeins oposizioko hautetsiak gutun ireki bat idatzi zion Jean-Baptiste Dussaussois-Larralde lehen axuantari, berriz ere adierazteko, legea goiti-beheiti, «ardura politiko bat» dela ekintza horri aurre egitea. Banketea debekatzeko urratsik ez denez izan,  Aurrera izeneko elkarte herritarraren lehendakari Karim Guerdanek urrats bat aitzina egitea deliberatu du hilabete hasieran, eta zuzenean prefetari idatzi. Prefetak duenez erabakitzen ekintza batek ordena publikoa trabatu dezakeen ala ez, Guerdanek Caengo istiluak oroitarazi dizkio. Ez du espresuki galdegin Canon Françaisen banketearen debekatzea, baina Miarritzeko hiria eta Frantziako Estatua akuilatu ditu «beren ardurak hartzera».

Geroztik, Blanco auzapezak prefetari galdegin dio kasuaren ikertzea. Izena eman nahi izan ez duen gehiengoko hautetsi batek Ipar Euskal Herriko Hitza-ri erran dio Miarritzeko Herriko Etxeak prefetaren iritziaren arabera jokatuko duela. Beste oharrik egin gabe, azpimarratu du herriko etxeak ez duela «ekintza debekatzeko dretxorik». Erabakia zuzenbide pribatuari dagokiola errepikatu du, argudiaturik turismo bulegoak dituela Irati gelaren alokatzeak kudeatzen, hiriak zuzenean horretan parte hartu gabe. «Mementoko trabarik ez» dela segurtatu du hautetsiak, besterik gabe.

Nolanahi ere, kontuan hartzekoa da Simon Fetetek ordezkatuko duela Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako egungo prefeta. Orain arte elkarrizketa eta galde guziak Girierrekin egin dira, baina agorrilaren 24tik goiti Fetet izanen denez haren postuan, prefeta berriak du Canon Françaiseren afera kudeatu beharko.

Oldarraldia

Ipar Euskal Herria Antifaxista taldeak jadanik apirilean salatu zuen banketearen antolatzea. Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, bestalde, txartzat jo zuen Sterin miliardunak finantzaturiko enpresa bat Euskal Herrian izatea. Baionako besten abiatzean, erraterako, Canon Françaisik ez zioen banderola bat eta Faxismoaren kontra klase batasuna zioten beste bat zabaldu zituzten jendeen artetik. 

Bestalde, Ipar Euskal Herriko 30 bat elkartek, sindikatuk eta kolektibok Miarritzeko Herriko Etxeari zuzenean idatzi diote hilabete hasieran, ekinaldia debeka dezala eskatzeko —tartean dira EH Bai, ELB, LAB, Ostia, Bizi, Alda eta Etorkinekin Diakite taldeak, besteak beste—. Orain, Canon Françaisen aurkako izenpe bilketa abiatu berri dute. «Lurraldearen eta tradizioen defentsaren aitzakian, itxuraz herrikoiak diren bankete horiek behin eta berriz izan dira egite arrazista eta sexisten agertoki», salatu dute agirian.

Azkenik, uztailaren 21ean, Ziliport kolektiboak banketeari buruzko agiri bat zabaldu zuen sare sozialetan. Hartan azaldu dute bazkariak «komunitate erreakzionarioa biltzea eta eskuin muturra normalizatzea» duela helburu. Halako ekintzek faxismoa, supremazismo zuria, islamofobia eta asimilazioa zabaltzeko xedea dutela ere erran dute, eta Miarritzeko Herriko Etxearen «konplizitatea» salatu.

Kritika horiek guziak izan direla ikusirik, Canon Français enpresako nagusiek beren argudioak plazaratu nahi izan dituzte Ici Pays Basque irratian. «Aski dugu polemika guziez, informazio guziak faltsuak baitira. Ez da ez trabarik ez salaketarik izan. Gure aurkako eraso politikoak dira», azaldu du Geraud de la Tour antolatzaileak. Keinu nazien justifikatzeko, erran du «kazetari infiltratu batek 4.000 pertsonaren artean zen eroa bilatu» zuela, eta salatu metodo hori ez dela «kazetaritza». Sterinekin duen lotura mintzagai harturik, De La Tourrek azaldu du eskuin muturreko miliardun horrek ez duela Canon Français zuzenki diruztatzen, nahiz eta onartu duen enpresaren parte batzuk erosi dizkiela, eta segurtatu du Sterinek ez duela antolakuntzan «eskurik sartzen».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA