EHEk desobedientziarako deia egin du, estatu «linguizidak» auzitan jartzeko

Berrehun pertsona inguru bildu dira Pirinio Atlantikoetako Departamenduko egoitzaren aitzinean, Baionan. «Euskara desagerrarazi» nahi duten estatuei desobeditzera eta hizkuntza eskubideen alde borrokatzera deitu dute.

EHEren elkarretaratzea, gaur goizean, Baionan. NAHIA GARAT
EHEren elkarretaratzea, gaur goizean, Baionan. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki - Xalbat Alzugarai Etxeberri
Baiona
2026ko urtarrilaren 31
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskaraz, bizi nahi dugu!» oihukatuz hasi dute EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek deitu elkarretaratzea. Euri eta haize erauntsiek ez dituzte ahuldu Euskal Herri osotik jin berrehun euskaltzale inguru horiek. Euskararen kontrako zapalkuntza salatzeko jin dira Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren Baionako egoitzaren aitzinera, eta datorren astean epaituko dituzten ekintzaileei babesa adieraztera. EHEko kide Markel Adinek, Euskararen Errepublika ipar hartuta, euskaldunen hizkuntza eskubideen alde desobedientziaren bidea jorratzea defendatu du: «Ezarritako boterearen aginduak desobeditzen ditugu, gizarte hobe baten eta gure eskubideen alde». 

Iazko irailean, EHEko lau kidek margoketa bat egin zuten Pirinio Atlantikoetako egoitzaren paretan. Berehala atxilotu zituen Frantziako Poliziak, eta heldu den ostegunean epaituko dituzte Baionako Auzitegian. Euskaraz bizi nahi dugu leloa margotu zuten ekintzaileek. «Euskaraz bizitzea ez da hautu askea; aitzitik, erabakiguneetatik eta botereguneetatik ukatzen diguten eskubidea da; zehazki, Frantziako eta Espainiako agintariak dira bizi dugun zapalkuntzaren erantzule nagusiak», salatu du Adinek.

Abenduan agerraldia egin zuten auzipetuek Baionako auzitegiaren aitzinean, azken hilabeteetan epailearen aitzinean euskaraz deklaratzea ukatu dieten hainbat militanterekin batera. Gutun ofiziala eraman zieten ondoren, euskaraz deklaratzeko eskaera egiteko, baina ordutik ez dute erantzunik izan. Adinek baieztatu du orain arteko jarrera berarekin agertuko direla auzipetuak epailearen aitzinera: «Seguruenik ez zaie euskaraz deklaratzen utziko, eta ezin izango dute euren burua euskaraz defendatu. Beraz, ekintzaileek, aurrekoan egin moduan, uko egingo diote beren burua frantsesez edo gazteleraz defendatzeari, eta horrek eduki ditzakeen ondorioak beren gain hartuko dituzte». Gisa horretara, euskararen aldeko borroka epaitegi barnera eraman gogo dute, «berriz ere adierazteko nola tratatzen dituen Frantziako legediak euskaldunak».

«Euskaraz bizitzea ez da hautu askea; aitzitik, erabakiguneetatik eta botereguneetatik ukatzen diguten eskubidea da; zehazki, Frantziako eta Espainiako agintariak dira bizi dugun zapalkuntzaren erantzule nagusiak»

MARKEL ADIN EHEko eleduna

Euskararen bazterketa «egiturazkoa» dela erran du EHEk, eta deitoratu du Euskal Herria zatitzen duten «bi estatu kolonizatzaileek» bazterketa hori sistematikoki «elikatzen eta erreproduzitzen» dutela. «Horregatik, euskaraz bizitzeko hautua egitea ezinbesteko desobedientzia ariketa da linguizidak diren estatu horiek auzitan jartzeko eta Euskal Herri justuago eta askeago bat eraikitzeko».

Haatik, euskararen biziberritzea gauzatzeko, funtsezkotzat jo dute Euskal Herriko instituzio publikoen eta alderdi politikoen egiaz inplikatzea, «egun gertatzen ez den gisan». EHEko kide Intza Gurrutxagak oroitarazi du urte bat baino gehiago iragan dela euskalgintzak euskara larrialdian dela deklaratu zuenetik, eta berretsi du larrialditik indarraldirako norabidean jarri beharra dagoela, abenduaren 27an milaka euskaltzale batu zituen pizkunderako ekitaldia gogoan. «Mobilizazio hau ere testuinguru horretan ulertzen dugu: herritarren kontzientziazioa eta aktibazioa behar ditugu». Funtsezkotzat jo du euskararen alde antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzea, eta euskararen aldarria erdigunean jarrita kalera ateratzea: «Gure eskubideen alde». 

Euskal Errepublika helburu

EHEk irailean egin zuen ekintzak salatu nahi zuen EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuaren inguruan «itxurakerian» ari zirela hura osatzen duten egiturak, eta ez zirela behar zen heinean erantzuten ari. Euskaraz bizi nahi dugu! leloa margotu zuten departamenduaren egoitzaren gainean. Azkenerako, abenduan erabaki zuten aurrekontua, euskalgintzak eskatutakoa baino aise apalagoa, eta euskararen biziberritzeak behar duenetik urrun. 

(ID_15736166) (/Nahia Garat) (;Nahia Garat)
EHEko kide bat, pegatinak kolatzen Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren egoitzaren atean. NAHIA GARAT

Frantziako Estatuaren jarrera jarri du jomugan Gurrutxagak: «Euskara eta hizkuntza gutxituak zapaltzen ditu; estatu linguizida da», erran du. «Estatu horren barnean urteak daramatzagu eskatzen, baina beti horma beraren kontra egiten dugu talka. Frantziako eta Espainiako konstituzioek euskara bigarren mailako hizkuntza gisara tratatzen dute». Euskararen normalizazio prozesua oztopatzeaz gain, «euskara desagerrarazteko» borondatea ikusten du. Hori dago euskararen alde jar daitezkeen baliabide ekonomikoetan mugak jartzearen atzean, EHEko kideen iritziz. 

Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna lortzea ezinbestekoa iruditzen bazaie ere, Gurrutxagak erran du gaur egun agerian daudela ofizialtasunak berak dituen mugak. «EHEk Euskararen Errepublika du ortzi mugan, Euskal Herriaren independentzia; lege propioa behar dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.