Ongi etorri botere exekutiboak atxikitzen duen ostatuaren ebaluaziora. Zerrenda dezagun azken asteetan proposatutakoa: desoreka sozialaren azkartzea; errealitatearen ukatzea eta berridaztea; poliziaren indarkeria zuritzea; oinarrizko eskubideen murriztea; justizian esku hartzea; eraso arrazisten gutiestea. Menu oparoa!
Botere politikoak bere jokabidea justifikatzen segitzen du, sekula neurtu gabe, errezeta finkoa balitz bezala. Kritikarik ezin da egin, nahiz eta manifestatzean hainbat jende larriki zauritua izan den eta norbait hil. Uste nuen heriotzak muga bat ezartzen zuela, eztabaidaezina. Tronpatu nintzen.
Hogei urtez, aberatsek sartze nabarmena egin dute hedabide handietan beren proiektu politikoa sustatzeko. Overtonen leihoa irekitzen lagundu dute, eskuin muturraren ideia zikinenei zapore ona emateko.
Azken hamar urteetan, macronistek zerbitzatutako platerean osagai berriak gehitu dira, autoritarismo gustukoak. Atzo, zuzenbide estatua zalantzan jarri zuten. Gaur, alderdi demokratiko baten existentzia zilegi ote den galdetzen dute. Bihar, kondenatuei bozkatzeko eskubidea kenduko diete.
30 urte ditut, eta nire desertak zapore gazi-gozoa du. Azken indarrak, eta autoritarismoak ateak zabal-zabalik atzemanen ditu. Gazteek hainbat pankarta eta banderolarekin erakusten digute. Lagunek argi dute. Osabak, aldiz, ez. Nola konbentzitu jatetxe hau uzteko?
Familiako bazkariak gero eta luzeagoak egiten zaizkit.