Urte gutian biztanle anitz irabazi dituzten herrietako bat da Donapaleu (Nafarroa Beherea), eta azpiegiturak araberan antolatzea izan da azken sei urteotako agintaldiko erronka nagusia. Charles Mazondo izan da auzapeza: 2020an hura atera zen garaile, Amikuzeko eskualdean franko ezaguna den Barthelemy Agerre enpresari eskuindarraren parean. Izan ere, Mazondok eta abertzaleek zerrenda bakarra aurkeztea erabaki zuten, Agerreri lekurik ez uzteko asmoz. Abertzaleak Mazondoren oposizioko zerrendari batu zitzaizkion, «beste kapitulu baten abiatzeko» xedearekin. EH Baik Mazondoren zerrendaren alde bozkatzeko deia zabaldu zuen orduan, «egoera berezi horretan» Agerreri ateak hesteko. Eta hala gertatu zen, Mazondok bozen %63 bildu baitzituen.
Agintaldian, beraz, Mazondorekin eskuz esku aritu dira aitzinetik abertzale zerrendak aurkeztu izan dituztenak: aldi honetan, baturik joanen dira erabat, hots, garai batean bi zerrendaren aliantza zena zerrenda bakar bilakaturik. Mazondo ez da berriz partituko, aldiz —nahiz eta zerrendan izan—, eta Pettan Aizagerri pasatu nahi dio lekukoa: EH Baiko kide da Aizager, sei urtez Mazondoren axuant egona. Aitzina Donapaleu zerrenda osatu dute. «Ez da zerrenda abertzale bat bere horretan, baina ni hala naiz, eta erran nezake osatu dugun zerrenda elkartasunezko zerrenda bat dela, plurala, elkarren arteko konfiantza oinarri duena», laburbildu du Aizagerrek.
Parean, Mayie Dagerre izanen du Aizagerrek; gehiengoko axuant izan zen 2023ra arte, jakinez abertzaleen inguruan osaturiko zerrendatik heldu zela Mazondoren zerrendara. Baina, kudeaketa desadostasun batzuen ondorioz, dimisioa eman zuen 2023ko udan, eta zerrenda aurkeztea erabaki du orain, Aizagerrekin lehiatzeko.
«Ez da zerrenda abertzale bat bere horretan, baina ni hala naiz, eta erran nezake osatu dugun zerrenda elkartasunezko zerrenda bat dela, plurala, elkarren arteko konfiantza oinarri duena»Â
PETTAN AIZAGERÂ Aitzina Donapaleu zerrendako burua
«Harrigarri» egin zaio berria Aizagerri, batez ere kontuan harturik Barthelemy Agerrek 2020an osatu zuen eskuineko zerrendako jende batzuk hartu dituela Dagerrek bere zerrendan, besteak beste azken sei urteotan oposizioan egon diren hiru hautetsi. Dagerrek segurtatu du «forman eta edukian» izandako desadostasun batzuengatik utzi zuela kargua, baina azken agintaldian oposizioan egon direnekin «zentzuz lan egin» ondotik erabaki duela haiekin batean aurkeztea: Donapaleu Elkarrekin izanen da haren zerrenda. «Jendea aldatzen da, gauza berriak egiten ditu. Lehen jendea zurrunagoa zen, baina gauzak aldatuz doaz. Uste dut abilki lan egiteko gai garela denak», segurtatu du.
Bilana eta erronkak
Aizagerrek, irabaztekotan ondoko sei urteetan izanen dituen erronkak aipatu aitzin, aitzineko agintaldiaren bilana egin du: aisialdi guneak egin dituzte, kultur eskaintza garatu, eta herriko azpiegitura batzuk zaharberritu. Dagerrek onartu du «gauza anitz» eginak izan direla sei urtez, baina uste du «komunikazioan» hutsuneak izan direla.Â
Hizkuntza politikari dagokionez, Aizagerrek erran du aitzineko agintaldietan «deus ez» zela egina izan, eta «orri zuri batetik abiatu» behar izan dutela. Hortaz, aitzinamendu «anitz» izan direla segurtatu du: seinaletikan, karriken izenak ele bitan ezartzeko lanean, eta euskara eta euskal kultura sostengatzen dituzten ekinaldietan, besteak beste. Euskal Hirigune Elkargoaren hizkuntza politikari dagokion Hobekuntza Plana segitu zuten, bestalde, eta herriko etxeko langileen euskara maila aztertu. Euskal Konfederazioaren barometroa izenpetu du Aizagerren zerrendak. Dagerrek erran du ez duela ukan dokumentu horren berri, baina euskararen alde eta euskal kulturaren «alde» dagoela, eta hainbat urtez euskararen alde jarduten duten elkarteetan aritu dela lanean, hala nola Seaskako guraso gisa. Aitzineko agintaldian euskararen alde egin den lana txalotu du.Â
Dagerreren ustez, etxebizitzaren arloa da Donapaleuko erronka nagusietako bat. «Herritar anitz jin dira, bizitegi programa handiak garatu baitira. Guk uste dugu Donapaleu zentroan diren 70 bat etxebizitza berritu beharko liratekeela, eta lan hori eraman nahiko genuke», erran du. Aizagerrek ere erran du demografia anitz garatu dela: sei urtean beste hirurehun biztanle hartu ditu herriak. «Ondorioa da azpiegiturak falta izan direla, eta horregatik direnak garatu behar izan direla, eta horiek garatzen segitu nahi genukeela», esplikatu du. Hala ere, erran du ez direla «gudukatuko» herrian jende gehiago biltzeko. Aizager: «Uste dut PLUI herriarteko tokiko hirigintza plan berria bozkaturik naturalki lehortuko dela fenomeno hori».
«Neurriz egin behar dira gauzak: ez dut uste Donapaleuk 3.000 biztanle baino gehiago har ditzakeenik. Baina, gerora begira, kontuan hartu behar da populazioa zahartzen ari dela, eta araberako zerbitzuak zaindu behar direla»Â
MAYIE DAGERRE Donapaleu Elkarrekin zerrendako burua
Dagerrek ere uste du Donapaleuk ezin duela herritar askoz gehiago xurgatu. «Neurriz egin behar dira gauzak, baina batez ere gerora begira: ez dut uste Donapaleuk 3.000 biztanle baino gehiago har ditzakeenik. Baina, gerora begira, kontuan hartu behar da populazioa zahartzen ari dela, eta araberako zerbitzuak zaindu behar direla, hala nola ospitalea eta adin guziendako aisialdi lekuak». Dagerrek, nolanahi ere, edozein proiektu proposatu aitzin, kontu ikuskatze bat egin nahi luke lehentasunez, «jakiteko zehazki zer egin daitekeen eta zer ez». Eta proiektu berriak garatzekotan ezinbestekoa zaio lehenik herritarrekin mintzatzea.
Dena den, garraioa eta oinezkoen segurtasuna hobetu behar direla argi dute bi hautagaiek. Batez ere, hautatua izanen den taldeak proiektu handi bati harrera egin beharko diolako ondoko sei urteetan: VVF bakantza gunea zenaren lekuan —berrogei urtez hutsik egona da—, Seaskako lizeo berria, SOS Village d’Enfants haurrendako harrera egoitza eta musika eskolaren eta aisialdi zentroaren egoitza eginen dituzte hor. Aldaketa handia izanen da, eta ezinbestekoa izanen da inguru horretan zirkulazioa egokitzea.
Elkargoari dagokionez, Dagerrek segurtatu du «adi» so eginen diela bilkurei, eta Amikuzeko lurralde eremuaren barnean «zintzoki» lan egiteko prest agertuko dela, Donapaleuren eta Amikuzeko beste herrien arteko elkarlana sustatuz. Aizagerrek ez du elkargorako hautetsi postua hartuko, «ardurak» banatzeko, eta, horretarako, beharrezkoa ikusten du elkargorako espresuki ordezkari bat izendatzea: irabazten badute, Arnaud Etxepareborda hautetsia igorriko dute elkargora herriaren izenean.
DATUAK
- Demografia. 2.291 biztanle (herriko etxeak emandako datua); 2016an 1.842 ziren.Â
- Bozka zerrenda. 1.318 herritarrek emana zuten izena 2022ko Frantziako Asanblearako bozetan bozkatzeko.
- Herriko kontseilua. Hemeretzi hautetsi dira orotara.
- Elkargoa. Ordezkari bakarra.
- 2020ko emaitzak. Charles Mazondo:Â %63 (hamasei hautetsi);Â Barthelemy Agerre: %37 (hiru hautetsi).Â
- 2026ko hautagaiak. Pettan Aizager eta Mayie Dagerre.