Pettan Prebende: «Ekilorea tinkatu, pausatzen utzi, eta filtratzen dugu: ez dugu batere eraldatze kimikorik»

2009an sortu zen Nouste Ekilili kooperatiba, eta tailer berria ireki du Gabadin. Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko laborariek ekilore eta koltza olioak ekoizten dituzte elkarrekin.

Pettan Prebende Nouste Ekilili kooperatiban, Gabadin, iragan astean. PATXI BELTZAIZ
Pettan Prebende Nouste Ekilili kooperatiban, Gabadin, iragan astean. PATXI BELTZAIZ
Olaia Borda Uhalde
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nouste Ekilili kooperatibako kide da Pettan Prebende laboraria (Donapaleu, 1986). 2009. urtearen bukaeran sortu zen kooperatiba hori. Nouste hitzak gure erran nahi du gaskoiz, eta ekilili hitzak ekiloreari erreferentzia egiten dio. Izenak kooperatibaren dinamika argitan uzten du, hots, Euskal Herriko eta Biarnoko laborarien arteko elkarlana. Tailer bat estreinatu berri dute; leku horretan, jateko olioen komertzializazioa gauzatzen dute, bakoitzak bere lurretan erein ekiloreetatik abiatuz produzitzen duten olioarena. 

Noiz eta nola sortu zen kooperatiba ?

2009an sortu zen. Hiru urte lehenago, horren sortzeko gogoeta hasi zen, eta ondotik, 2014an, elikadurarako olioen ekoizpena, laborari batzuek lekuan lekuko proteina egin nahi baitzuten. Ordura arte, ardi eta behientzat bereziki, agroindustriari erosten zioten turtoa, horrek baitie ematen proteina kabalei. Galdea zen nola egin hemengo turtoa, eta orduan agertu zen ekilorearen ideia. Horrez gain, gehienek artoa ekoizten zuten, eta bazen beste labore mota bat egiteko gogoeta. Hau da, gai kimiko eta ur gutxiago erabiltzen zuen zerbait. Ekiloreak bi problematika horiei erantzuten die. Gogoeta hori bagenuen Gabadi inguruko batzuek, baina Biarnoko laborari batzuek ere ber problematika zuten. Orduan, biak batu ginen kooperatiban, eta EHLGren laguntzarekin proiektua muntatu. 

Zenbat partaide zarete?

Hamazazpi partaide gara orain: sei edo zazpi Biarnon, eta gaineratekoak Ipar Euskal Herrian. Denetarik bagara, behi hazleak, ardi hazleak... eta ni oilo hazlea naiz. Berriki sartu dira hazkuntzarik ez duten batzuk, baina zerealak eta laboreak ekoizten dituztenak eta ondotik turtoa saltzen dutenak. Ekilorea erein, landu eta biltzen dugu, eta, azkenik, bihia tinkatzen du ekoizle bakoitzak. Kooperatibak badu behar den tresneria horren gauzatzeko. Prozesu horretatik, olioa ateratzen da, eta laborariak kooperatibari saltzen dio ekoizpen hori. Gero, kooperatibak du kudeatzen produktuaren prestaketa eta salmenta. Bestalde, tinkatua gelditzen den ekilorea, olioa ez dena, turtoa da, eta laborariek hartzen dute kabalei proteina gisa emateko. 

Zer helburu dituzue? 

Lehen helburua laborariek beren proteina ekoiztea zen. Gero, emeki-emeki, proiektua garatuz joan da, eta, orain, elikadurarako olioa egiten dugu baldintza agiri berezi batekin: olio biologikoa eta lekukoa egitea dugu helburu, eta salmenta ere lekukoa izatea. Gaur egun, ekoizpenaren %95 Euskal Herrian eta Biarnon saltzen dugu. Bestalde, lur hauetan, arto anitz ekoizten zen, gehienbat Lur Berrirentzat. Baina egia da labore aski zorrotza dela, bai ongarri anitz behar duelako, baita ur anitz behar duelako ere. Monolaborantzan egiten dute artoarena, eta interesgarria iruditzen zitzaigun beste labore bat sartzea eta alorren errotazioa egitea. Aurten, are gehiago ikusi dugu: nahiz eta gure gogoeta aspaldikoa den, bagenekien ekiloreak ur gutxiago behar zuela, eta, idorte urtea izanik ere, uzta aski onak ukan ditugu. 

Norentzat da elikadurarako ekoizpena?

Olioa hainbat sukaldaritza kolektibitateri saltzen diegu: zahar etxeei, kantinei... Horiek dira gure bezero nagusiak. Entseatzen gara ostatuei ere saltzera, baina aski zaila da. Gehienak olio industrialarekin lan egitera ohituak dira. Prezio aldetik karioago da gurea, baina gure olioak fabrikatzeko manerak eragiten du. Ekilorea tinkatu, pausatzen utzi, eta filtratzen dugu: ez dugu batere eraldatze kimikorik. Beraz, gure olioak badu gustua, naturala da. Norbanakoei saltzean, maiz esplikatu behar diegu, ez baitute gehiago ohiturarik gustua duen olio baten baliatzeko. Olio industrialekin aritzen direnek, aldiz, behin tinkatuta, oraindik olio gehiago ateratzen dute gai kimikoen bitartez. Horrek, batetik, osagarriari kalte egiten dio. Bestetik, eragiten du olioak gusturik ez izatea, usaina eta gustua kentzen baitizkiote olioari, arras neutroa izan dadin. 

Zertan da kooperatiba egun?

Zerbitzu sanitarioen kontrol bat ukan genuen, eta hor atera zen tailer berri baten beharra genuela. Hasteko, arauen arabera ezartzeko beharra baikenuen, baita lan tresnak berrikustekoa eta hobetzekoa ere. Beraz, obra aski handiak egin ditugu, eta lokala berritu. Arauak betetzeko, beharrezkoa zen, eta gure lana errazteko eta kalitatea hobetzeko ere bai, olioen tinkatze prozesuan adibidez. Horrek balio izan du laborariek ere denbora irabazteko, azpimarratzekoa baita laborariek dutela kooperatiba martxan atxikitzen. Salmenta egiteko pertsona bat badugu lanean astean hiru egunez, baina gaineratekoa laborariek dute kudeatzen. Horretarako tresna eraginkorragoen ukaitea genuen xede, denen onerako. Inbertsioak egin ditugunez, ekoizpen bolumena emendatu behar izan dugu, inbertsio horien estaltzeko. Dei bat zabaldu genuen partaide batzuen xerkatzeko, eta kontent gara, aurten hiru partaide sartu baitira. Azpimarratu behar da inbertsio horien egiteko Euskal Hirigune Elkargoak eta Aturri-Garona Ur Agentziak segitu gaituztela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA