Claudine Hegiaphal

Eko-elkartasuna

2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eko-antsietatea. Nahasmendu mentala. Etsipena. Herstura psikologikoa. Loezina. Sutea. Agortea. Bakardadea. Eta gaixotasun mentaltzat aurkezten dena sasoi osasuntsu eta argia izan balitz?

Zalantza bazutenentzat, igaro dugun udak erakutsi digu klima aldaketa ez dela ekologista batzuen delirio hutsa, baizik eta eromen suntsitzaileari Lurrak emandako erantzun ezinbestekoa. Sorgin gurpil batetan sartu gara: beroagatik ura gutxitzen, baserri aldea idortzen, zuhaitzak erretzen, airea kutsatzen, giroa berotzen. Bizitza agortzen.

Funtsezko eztabaidarik ez: aisetasuna ura baino premiatsuagoa bihurtu da. Dena errazagoa da, adimen artifizialak azaltzen digunean nola jan, nola edan, nola hitz egin, nola kaka egin. Kontsumismoa zelulen nukleoraino barneratu dugu. Mundua pantailetatik begiratzen dugu. Harremanak zaindu gabe, lagunez axolatu gabe.

Mundua oker doa, eta beste nonbait begiratzen ez dutenak zoro astuntzat hartzen ditugu. Baina zuzen baleude, zer? Gaurko loeritik atera behar genuke. Esnatuz eta lan dorpe batean sartuz, jokabide guztiak aldatu behar genituzke, autosuntsipena murrizteko. Bizilagun anitzen beharra bagenuke bide berri bat hartzeko.

Iraultza piztekotan, alaia izan dadila. Eko-elkartasuna. Lurraren atsedena. Bizitzaren babesa ez da inozoa. Lazturaren aurka joateko, goazen ekintza zehatzetara. Zuhaitz sortzea. Eko-alaitasuna. Ibai oparoa. Probatu ez dugun mundu bat eraiki dezagun, bizipozez eta elkar-babesez egina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA