Elealai, haur eta familei euskara eskura

Elealai eguna eginen dute Urruñan, euskara zerbitzuak antolaturik, haurrei eta familiei eskolatik kanpoko euskarazko gune bat eskaintzeko. Ekainearen 7an eginen dute, 10:00etatik 18:00etara, Zokoako aisialdi gunean.

Iazko Elealai festibaleko ikusgarri bat, Zokoan. HITZA
Iazko Elealai festibaleko ikusgarri bat, Zokoan. HITZA
julene muruaga
2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elea eta alaitasuna uztartzen ditu Elealai festibalak, eta haren hirugarren aldia eginen dute igandean, Urruñan. Txotxongiloak, antzerkia, ipuin kontaketak eta kantuak izanen dira ardatz, haurrek eta burasoek euskara eskolako lau murruetatik kanpo ere eskura ukan dezaten. 10:00etatik 18:00etara iraganen da eguna, Zokoako aisialdi gunean. 

Urruñako Herriko Etxeko euskara zerbitzuak zuen festibalaren ideia ukan, eta plantan eman. Hain zuzen, herriko etxeak duen euskara planaren barnean den ardatz batetik jalgi zen ideia: transmisioa egitea. Ione Josie Urruñako euskara teknikariak azaldu du Urruñako haurren %72k euskararekin harremana dutela eskolan, baina horrek ez duela «bermatzen» egunerokoan euskararen erabiltzea. Herriko hizkuntza politikaren barnean «ezinbestekotzat» jo dute eskolatik kanpo euskara biziaraztea, herritarrei euskara entzunarazteko eta euskaraz gozatu ahal izateko. «Gure haurren unibertsoa euskaldundu behar dugu. Eskolatik kanpoko aisialdi eta momentuak antolatu behar dira, haurrek euskara ez dezaten bakarrik hartu kurtsoetako gai bezala».

Transmisioaren ardura burasoei lotzen du urruñarrak: «Uste dut burasoek badutela eragina, euskararekiko duten hizkuntza portaerak eraginen duela haurrak euskaraz hitz egiteko ukanen duen motibazioan, eta euskararekiko duten harremana indartuko duela». Burasoak euskaldunak izan ala ez, euskara transmititu behar zaiela uste du. Horregatik sortu zuten Elealai festibala. Josiek kontatu du Angelun den Les Jours Heureux festibalean inspiratu zirela: «Festibal horretara izan nintzen, eta izugarri polita eta kalitate handikoa da. Baina ez da fitsik euskaraz. Beraz, iruditu zitzaigun aukera bat izan zitekeela horrelako festibal bat antolatzea, baina euskara hutsean».

Egitaraua, erronka

Egitaraua prestatzerakoan, hainbat irizpide izan dituzte; helburua da erakustea euskal kultura «badela» eta, bereziki, «kalitatezkoa» dela. Elealai festibalak euskaraz egiten den ekoizpenen «erakusleiho» izan nahi duela azaldu du antolatzaileak. Horregatik, dena urririk egiten dute, euskal kultura denen eskura izateko. Lehen erronka berritasunen xerka joatea da, eta hori ez dela «erraza» azaldu du euskara teknikariak: «Zailtasun bat da, haurrentzat eskaintza eta proposamen guti badelako». Ondotik, proposamena euskara hutsean izatea «derrigorrezkotzat» daukate, eta proposamenek adin tarte guziei zuzenduak izan behar dute. «Azken irizpidea arlo teknikoa da. Hain zuzen ere, Urruñak ez du materialik, edo behintzat biziki guti. Ez dugu soinu sistemarik, ez dugu ekipamendu kulturalik, ez dugu antzokirik. Beraz, bortxaz jinarazten ditugu behar eta baliabide ttipiak dituzten konpainiak». 

Hirugarren aldia da festibala eginen dutela, Urruñako eskola guzien laguntzarekin; Erlaitza eskolaren eta Urruñako ikastolaren laguntza goraipatu du bereziki. Iazko eta duela bi urteko edizioetan 300 bat pertsona bildu ziren. Baina Urruñako eskolen laguntzarekin egiten bada ere, helburua dute inguruko herrietako familiei ere egitaraua zabaltzea. «Urteak joan ahala, gero eta jende gehiago hurbiltzen da, eta espero dugu horrela iraunen duela. Halere, festibal xumea da, ez dugu pretentsio handirik».

Eguna 10:00etan hasiko da, Nanoua konpainiarekin, Tumbalatum ikusgarri «poetikoarekin», 8 hilabete eta 3 urte bitarteko haurrentzat. 10:30ean, 4 urtetik gorako haurrek Goazen oihanera ikusgarrian parte hartu ahalko dute, sofrologiaren eta oihanaren ezagutzaren inguruan. 11:00etan, Tor & Txoborroren Aztikeriak antzerki eta magia emanaldia izanen da. 12:00etan, Elirale konpainiak bere emanaldi berria aurkeztuko du, Txiotxioka, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendua.

Arratsaldean, 13:30ean, Arbolpeko ipuinak kontaketa izanen da. 14:30ean, Erromako zubia ikusgarria emanen dute. 15:00etan, Osaba untxia eta koiotearen abenturak txotxongilo emanaldia izanen da. Eta, azkenik, eguna 16:00etan bukatuko da Gurashow taldearen kontzertuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE