Soziologoa

Natacha Chetcuti: «Emazte preso guziek zera dute komun: genero indarkeriaren 'continuum'-ak egituratzen dituela»

Ezagutza Kokatuen Jardunaldiak eginen dituzte Bidarrain urriaren 27tik 30era. Chetcuti soziologoa antolatzaileetariko bat da: lesbianismoaren eta kartzelaren inguruan lan egin du. Jakitatea artearen bidez zabaldu nahi dute jardunaldietan.

Natacha Chetcuti, Bidarrain, iragan astean. NATHALIE GUIRONNET
Natacha Chetcuti, Bidarrain, iragan astean. NATHALIE GUIRONNET
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kartzeletan egindako ikerketa batzuen bitartez sortu zuen Euskal Herriarekin harremana Natacha Chetcuti soziologoak (Tolosa, Okzitania, 1970). Euskal preso batzuekin harremana egin zuen, eta miresmen handia du ordutik Euskal Herriarendako. Gero, Tarnoseko (Landak) Emmaus-Beaudonne emazte presoen birgizarteratzeko baserrian lan egin zuen bulta batez. Orain, Bidarraira etorria da bizitzera, eta bigarren aldiko, Ezagutza Kokatuen Jardunaldiak antolatzen ibili da: urriaren 27tik 30era eginen dute, Bidarrain, eta hainbat hitzaldi, tailer eta film proiekzio izanen dira. 

Soziologoa zara, eta bi arlo nagusiren inguruan egin duzu lan: kartzela eta lesbianismoa. 

Ene hasierako ikerketek norberaren burua izendatzea, lesbianismoa eta teoria politikoa zituzten ardatz, feminismo materialista eta lesbianismo materialista ikasketa eremu legitimoak direla defendatu nahi nuelako. Lesbianek beren burua izendatzeari buruzko tesia egin nuen, eta Se dire lesbienne liburua idatzi nuen. Haria da dominazio mekanismoen inguruan egiten dudala lan, baina beti horien aurka ezartzen diren erresistentziak aztertuz. Soziologiari diodan maitasuna hortik heldu da, baina urte luzaz postu akademikorik gabe egon naiz, ikerketa munduan frankotan gertatzen den bezala. Tarte horretan anitz lan egin dut Parisko aldirietako lizeoetan, eta kartzeletan ere bai. Horrek, emeki-emeki, kartzelen inguruko lan bat egitera eraman nau, eta horretan zentratu naiz luzaz. 

Zer ikerketa egin duzu kartzelan? 

Paris inguruko espetxe bateko zuzendariak proposatu zidan tailerrak egitea emazteen moduluan; hasieran, emazteen gorputzen eta kartzelaren arteko harremanen inguruan lan egiteko zen. Baina ene ikerketa ildoa ez da batere horretan kokatzen, alderantziz baizik. Gizon eta emazte kategorien desnaturalizazioaren ikuspegitik egiten dut lan, kategoria horiek, preseski, botere harremanak mantentzen eta justifikatzen dituztelako. Naturalizazio horrek inposatzen ditu botere harremanak. Nolanahi ere, lan horren egitea onartu nuen. Marisol Iparragirre eta Ainhoa Ozaeta euskal preso politikoak ezagutu nituen orduan, eta sekulako mugarri bat izan zen ene ibilbidean. Bi urtez, ikerketa etnografikoa egin nuen espetxean. Zera aztertu nuen: zigorren ebaluazio sistemak nola baldintzatzen dituen presoen ateratzeko baimenak eta baldintzapean aske geratzeko aukerak, eta nola egiten dioten aurre presoek sistema horri. Zuzenbide arrunteko presoen egoera eta beren burua preso politikotzat duten euskal emakumeen egoera alderatu nituen, eta ikerketa horretatik Femmes en prison et violences de genre, résistance à perpétuité liburua idatzi nuen. 

Preseski, zertan da berezia emazteek presondegian duten zapalkuntza?

Ezagutu ditudan emazte preso guziek —beren burua preso politikotzat daukatenak alde batera utzita— zera dute komun: genero indarkeriaren continuum-ak egituratzen dituela, edozein dela ere egin duten delitua. Emazte horiek indarkeria sistematiko hori naturaltzat daukan gizarte batean sozializatzen dira. Arazoa da jasaten duten indarkeria continuum hori ez dela kontuan hartzen prozedura eta epai penaletan. Funtsean, prozedura penala egilearen eta biktimaren arteko errealitate baten gainean eraikia da, eta kategoria horiek ez dute kontuan hartzen genero indarkeria. Ezagutu ditudan emazte anitzek —indarkeria horretaz jabetzen direnek, behintzat—  beren burua genero indarkeriaren biktimatzat daukate lehen-lehenik. Alta, ez dira nehoiz biktima gisa aitortuak izan, eta kartzelan delitu egile gisa aitortzea eskatzen zaie: haustura bat da haientzat. 

Eta kartzelan duten egunerokoan ere sumatzen da? 

Bai: biziki guti dira espresuki emazteentzat pentsatuak diren kartzelak. Beraz, gehienetan, gizonentzako presondegietan dira, modulu berezi batzuetan. Horrek eragiten du haien askatasuna are mugatuagoa izatea, edozein lekualdatze are zainduago baita. Hori ez da hala gizonendako. Kartzela sistemaren obsesioetariko bat da gizonak eta emazteak bereiztea eta nehoiz ez gurutzatzea. Bestalde, lanerako eta tailerretarako sarbidea askoz ere mugatuagoa dute, lehentasuna gizonek dutelako. Arta jasotzeko ere gauza bera da; ene ikerketako emazteen kasuan, astean behin jasotzen ahal zuten arta, besterik ez. Euskal preso politikoei gehitzen zitzaien urruntze geografikoa eta estatus berezia. 

Erran duzu beren burua preso politikotzat zeukatenen eta preso sozial deitzen zaienen artean diferentziak badirela. Zeintzuk? 

Nork bere burua nola izendatzen duen funtsezkoa da preso politikoentzat, beren burua sistema judizialak ezarritako kategorietatik bereizteko, hala nola «terrorista» izendapenetik. Gainera, espetxe barneko antolaketa, borroka eta erresistentzia kolektiboa segitzeko aukera ematen die horrek. Kartzelari kritika antikapitalista eta feminista egiten diote, eta zigor sistemaren abolizionismoaren aldeko jarrera dute. 

Zure lanean nork bere burua izendatzeko manera ikertu duzu. Lesbianismoaren inguruko ikerketetan ere horri erreparatu zenion. 

Sistema heterosexualak ezarritako feminitate ereduetatik urruntzeko prozesuak aztertu ditut, baita lesbianek beren burua izendatzeko moduak ere. Izan ere, nork bere burua lesbiana izendatzea ez da sexu orientazioa adieraztea bakarrik: gizartean beste leku bat hartzea eta norberaren nortasuna beste modu batera eraikitzea ere bada. Izendatzeko moduak aldatzen dira testuinguruen arabera. Emakumeengan presio heterosexuala handiagoa dela nabarmena da, amatasunari lotutako arau sozialen eta lesbianismoaren ikusezintasunaren ondorioz. Azkenik, nork bere burua lesbiana izendatzeak norberaren burua aurkezteko manera eta gizartearekiko harremanak izateko manera eraldatzen dituela erakutsi dut ikerketetan. 

Ezagutza Kokatuen Jardunaldien bigarren aldia antolatu duzue. Zein da xedea? 

Jakintza kokatuaren kontzeptuak dio ikerketa oro ikertzailearen kokapen sozialak, bizipenek eta aukeratutako ikuspegiak baldintzatzen dutela; beraz, ez dago ikerketa guztiz neutralik. Garrantzitsua da norberak nondik hitz egiten duen eta zer ikuspegitatik aztertzen duen azaltzea, aurreiritzi klasistei, kolonialei eta sexistei ihes egiteko. Horren barnean kokatzen dira gure jardunaldiak. Eta garrantzitsua iruditzen zaigu ikerketa esparru akademikoan ez gelditzea: uste dugu artearen eta sorkuntzaren bidez hedatzeak zerbait ekartzen duela. Hori egiten entseatuko gara aurten. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA