Esku Pilotako eta Plekariko pilotariak lehiatuko dira Garaziko lehen Masters txapelketan

Lehen aldiz, Masters mailako esku-huskako lehiaketak egingo dituzte Garaziko besten karietara, Garatenea trinketean. Plekari elkartea sortu denetik, lehen aldia da Esku Pilotako pilotarien aurka arituko direla. Antolaketa berriari bidea irekiko lioke.

Andoni Iphar eta Mathieu Ospital txapeldunak, aurtengo Baionako Masters lehiaketan. GUILLAUME FAUVEAU
Andoni Iphar eta Mathieu Ospital txapeldunak, aurtengo Baionako Masters lehiaketan. GUILLAUME FAUVEAU
Donibane Garazi
2026ko abuztuaren 5a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alde batetik, Mathieu Ospital eta Andoni Iphar, Plekari pilota elkarteko kamiseta jantzita. Eta bestetik, Julen Mariluz, Iker Espinal eta Eneko Maiz, Esku Pilotako jantzia soinean. Lehen aldiz, Donibane Garaziko besten karietara, Masters txapelketa antolatuko du Esku Pilotak, agorrilaren 10etik 17ra, Garatenea trinketean, eta hura aurkezteko bildu ziren agorrilaren 3an txapelketa jokatuko den trinketean, bakoitza bere aldean ongi bereizirik. Christophe Mariluz eta Serge Maite Esku Pilotako zuzendariek azalpenak eman zituzten berezkoen zirkuituari buruzko aktualitatea dela eta. Galdera eta arrangura anitzi erantzun behar izan diete. 

Sorpresa agertu da bikoteen osaketan. Plekari elkarte berria sortu denetik, lehen aldia da Esku Pilotako pilotariekin txapelketa berean lehiatuko direla pilotari guziak. Hau da, Plekariko pilotari eta Baionako Mastersaren txapeldun Mathieu Ospitalek eta Andoni Ipharrek Garatenean lehiatzeko parada ukanen dutela. Antolatzaileei «garrantzitsua» izan zaie haiei gonbidapena egitea, tokiko pilotariak direlako eta garai eta maila «onean» daudelako. Ipharrek aitortu du egoera «berezia» dela, baina Garaziko Mastersean jokatzeko motibatua agertu da, eta «harrotasun handia» sentitzen du bere publikoaren aitzinean lehiatzeko, Garaziko Goizeko Izarra klubean aritua baita.

Masters txapelketari dagokionez, Elite Pro mailako eta Espoir gazteen mailako bi lehiaketa prestatu dituzte. Elite Pro mailan, final laurden «faltsu bat» eginen dute, eta horretako irabazleak jadanik finkatua den finalerdiko Luis Sanchez eta Eneko Maiz bikotearen aurka lehiatuko dira. Gazteen lehiaketan, haatik, ohiko bi finalerdi izanen dira. Bi txapelketen finalak agorrilaren 17an izanen dira, astelehenarekin, Garatenean, usaian bezala.

Masters izendapenak prezio bat badu: 20.000 euro. Antolatzaile orok gutienezko aurrekontu hori aurkeztu behar du Masters izena jarri nahi badio bere txapelketari.

Serge Maite antolatzailearen ustez, urteko txapelketarik «hoberena» den Super Prestige delakoari binakako formatua falta zitzaion, eta horretarako sortu dute Garaziko Mastersa, nahiz eta jadanik Baionako besten Mastersak badauden duela urte zonbaitzuk. Baina Masters izendapenak prezio bat badu: 20.000 euro. Antolatzaile orok gutienezko aurrekontu hori aurkeztu behar du Masters izena jarri nahi badio bere txapelketari. Garazin aurrekontua honela banatuko dute: irabazleek 4.000 euro eskuratuko dituzte, finalistek 3.000 euro, eta finalerdietan galdu dutenek 1.500 euro pilotari bakoitzeko.

Txapelketaren diruztatzeko, antolatzaileek «leialak» izan diren babesleak eskertu dituzte. Gauza bera adierazi dute esku-huskako zirkuitu profesionaleko txapelketen antolatzaileentzat, hots, Esku Pilotari «leialtasunez eta errespetuz» jarraitzeagatik. Batzuei esker onak eman, eta argi gelditu da Plekariri buruz joan diren antolatzaileekiko desadostasuna eta mesfidantza ageri zela prentsaurrekoan. Gisa horretako mezu gordeak behin baino gehiagotan bota dituzte Mariluzek zein Maitek, Plekariko Ospital eta Iphar ondoan izanik ere.

Bi elkarteko zirkuiturantz

Hala ere, Maitek trinketeko zirkuitu profesionalari buruz berri baikorrak helarazi ditu. Duela bi aste, Frantziako Pilota Federazioak pilotaren inguruko eragile guziak bildu zituen. Bertara joan ziren Esku Pilotako eta Plekariko arduradunak, baina lehen trukaketa horretatik ez zen gauza handirik atera. Ondotik, Lionel Mazars Plekariko sortzaileak, eta Maitek, Esku Pilotakoak, adostu zuten txapelketa guzietan pilotari bakoitzak bere elkarteko kamiseta jarriko duela. Plekarik antolaturiko Baionako Mastersetan, Luis Sanchezek ezin izan zuen jokatu, Esku Pilotak bere kamisetarekin aritzera behartu nahi zuelako, eta hori Mazarsek ez zuen onartu.

Orain, Maiteren ustez, eztabaidak norabide «onean» doaz. «Elkarrizketarako garaia da. Egokitzen gara, eta pilotaren zerbitzuko segituko dugu. Pentsatzen dugu bi entitateen arteko lehiakortasun sanoa izan daitekeela», zehaztu du Esku Pilotako zuzendariak. Adierazpen horrek iradokitzen du bi elkarteen kohabitazioak iraunen lukeela etorkizunean. Horrela, trinketeko zirkuitu profesionalaren egutegiko txapelketen esku egonen litzateke pilotarien hautatzea eta jokaraztea edozein taldetakoa izanik ere. Egun Hego Euskal Herrian aurki daitekeen antzeko sistema izanen litzateke: pilota enpresa bakoitzak txapelketa nagusientzat —lau eta erdikoa, buruz burukoa eta binakakoa— bere pilotariak aurkezten ditu, edota Caixabank Mastersean bezala, enpresa guzietako pilotariak nahasten dituzte bikoteen osatzeko.

«Elkarrizketarako garaia da. Egokitzen gara, eta pilotaren zerbitzuko segituko dugu. Pentsatzen dugu bi entitateen arteko lehiakortasun sanoa izan daitekeela»

SERGE MAITE Esku Pilotako zuzendaria

Baina, gauzak egun diren bezala, nolabaiteko desoreka egongo litzateke. Izan ere, Plekarik kasik hogei pilotari ukanen lituzke kontratupean, eta Esku Pilotak bost bakarrik. Nahiz eta Mariluzek eta Maitek segurtatu duten beste zazpi pilotari maila profesionalera igo nahi dituztela, bi elkarteek ez lituzkete pilotari kopuru berdinak. Hori problematikoa izan daiteke, pilotari guziek ez baitute jolasteko aukera bera ukanen. Gainera, Esku Pilotakoek adierazi dute hamabi pilotariko taldea egokia zaiela. Ororen buru, azken urteotan hogei bat pilotari kudeatzea «zaila» iruditu zaie, eta jakinak dira Plekarira ailegatu diren pilotariekin ukan dituzten arazoak eta gatazkak. Egoera honekin konformatzen zirenez galdekaturik, «egokitzea» tokatu zitzaiela ihardetsi dute.

GARAZIKO MASTERSAK

  • Agorrilaren 10ean, 16:00etan. Aitzin partida. 
  • Agorrilaren 10ean, 17:00etan. Elite Pro: Julen Mariluz eta Andoni Larre - Peio Larretxea eta Inhar Ugarte.
  • Agorrilaren 13an, 19:00etan. Gazteak: Aingeru De la Fuente eta Oihan Gonzalez - Mattin Etxeberri eta Arai Murillo.
  • Agorrilaren 13an, 20:00etan. Elite Pro: Mathieu Ospital eta Andoni Iphar - Eneko Maiz eta Luis Sanchez.
  • Agorrilaren 15ean, 19:00etan. Gazteak: Peio Hiribarne eta Ibai Etxeberri Bortheiri - Mikel Aurrekoetxea eta Iker Rekalde.
  • Agorrilaren 15ean, 20:00etan. Elite Pro: Asteleheneko garaileak - Iker Espinal eta Peio Guichandut.
  • Agorrilaren 17an, 17:00etan. Gazteak:  Finala.
  • Agorrilaren 17an, 18:00etan. Elite Pro: Finala.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA