Hainbat urtez Kanboko eta Baionako mediateketan liburuzain ibili ondoan, azken horietan topatzen ez zuen giro «eroso eta hurbila» sortzeko xedez, liburu denda eta aldi berean ostatu izanen zen gune bat irekitzeko ideia piztu zitzazion Aines Hariztoiri. Zazpi urtez, gogoetan eta halako beste ostatu-dendak bisitatzen ibili da, proiektua irudikatzeko. Erreferente izan ditu Ortzaizeko Menta eta Iruñeko Katakrak liburu dendak, besteak beste. Azken urtean, lokala topatu eta hilabete pare batez arraberritu ostean, jendearen «Noiz irekiko?» galderari erantzun zion ekainean, eta Et'abar ostatua eta liburu denda zabaldu.
Harat sartzean, karrikara ematen duen kanpoko terrazan ematen dira lehen pausoak. Aitzinera egin ahala, ostatu xokora sartzen da berehala, mahaien eta tabernaren artera.
Laukizuzena da barnea, eta liburuen apalak bi maila gorago kokatuak dira, lokalaren puntan. Hori bera gustatu zitzaion Hariztoiri: «Bi maila gorago jarri izanak perspektiba bat ematen dio liburu dendari, kanpotik ikusten baita. Liburuak agerian ezartzen dira. Azpimarratzen dira». Guneak berak ez du muga zorrotzik; liburu dendan egon baitaiteke tabernari kasurik egin gabe, eta alderantziz; giro desberdina duten bi eremu lasai sortu ditu, bi urratsek tartekaturik. Bi giro horiek elkarren osagarri suertatu dira, bai ekonomikoki —egun nekeza baita liburuak salduz bakarrik bizitzea—, baita sozialki ere, herritarren elkargune bilakatzen baita.
Ohiz kanpoko eskaintza
Liburu dendak berak mezu bat igortzen du, koloreen hautaketatik hasita: ubela da, ia osoki. Hariztoik segurtatu du halako lekuak beharrezkoak direla «garai ilun eta beldurgarrietan», eta «gotorleku» direla, euskararentzat batetik, eta «ideia politiko zakarren» kontra, bestetik. Funtsean, euskarari lehentasuna ematen dion eta orori irekia zaion leku «sinple eta libre» bat sortu nahi izan du proiektu horren bidez. Baina ez hori bakarrik: ohiz kanpoko eskaintza literarioa plazaratuz, irakurleari gogoetetan murgiltzeko bidea ematen dio, eta gogoeta horien inguruan solastatzeko «errespetu eta askatasun» giroa bermatu.
Ostatu xokoan, jendeek parada dute ohiko kafe, edari bero eta bestelakoak bixkotx zati batekin batean dastatzeko, eta liburu xokoan, berriz, aldi berean eskaintza plurala eta hein batean ezohikoa topa daiteke. «Liburu denda ttipia dut, eta tokiaren araberakoa da liburu bilduma». Horien artean, haurrentzako, nerabeentzako eta helduentzako hainbat literatur genero badira: eleberriak, komikiak, poesia bildumak... baita haurrentzako albumak ere. Marrazkiak ere hautaketa irizpide dira Hariztoientzat: «Hitzak maite ditut, baina marrazkiei ere biziki sentsiblea natzaie».

Ez-fikziozko liburuek ere betetzen dituzte Et'abar dendako apalak: «Ene kutsuko gaiak jorratzen dituztenak izan ohi dira, hala nola literatura feminista, lan munduari eta sindikalismoari buruzkoak, militantziaren ingurukoak... Funtsean, jendarte erronkei lotuak zaizkien liburu dokumentatuak dira». Soziologia, ekologia, artea, argazkilaritza eta margolaritza jorratzen dituzten liburuak ere badira. Eskaintzaren herena baino gehiago euskara hutsezkoa da, eta gainerateko bi herenak, frantsesezkoak.
Liburuzain edo saltzaile ororen erronka irakurleen interesa piztuko duten bildumak dendaratzea den honetan, dendan egon direnek begi onez ikusi dute Et'abar liburu dendako hautaketa. «Ohartzen dira badela kutsu bat beste lekuetan arras atzematen ez dena». Nolabait, hautaketa horrek baldintzatzen du zer jende sartzen den ere, Hariztoiren erranetan.
Ondoko ekitaldiak
Et'abar liburu denda eta ostatua ez da literatur erakusleiho hutsa, ezta ostatu hutsa ere; kultura biziarazten duen burbuila bat ere bada. Udatik hainbat kultur ekitaldi egin dituzte jadanik: kantaldiak, solasaldiak... Urrian, lehen liburu aurkezpena antolatu zuen Hariztoik, Jone Bordato idazle hazpandarraren Erroen izerdia liburuarena. Eta segida luzea izanen delakoan da Hariztoi, gunearen izenarekin bat eginez.
Abendua ere hitzorduz josia izanen da. Hilaren 12an, ostiralean, Renaud de Chaumarayren liburu aurkezpena izanen dute, arratsaldeko zazpietan hasirik. Hazparneko mediatekan elkartuko dira, mediatekako langileek eta Hariztoik berak pentsatu eta dinamizatuko baitute.
Horrekin loturik, liburuzainak gaineratu du liburu gomendioak entzun eta jasotzeko prest dela, eta horretarako ere irekia dela gunea. Bestalde, eguberri garaiotan bereziki, liburuak manatzea posible dela aipatu du, betiere kontuan hartuz aldi oro zerrenda bat osatu ondoan egiten dituela manaketak, kostuak apaltzeko gisan. Bada, ororen ekarpenak bilduz, Et'abar leku goxo eta librea izateko lanean segituko dute hemendik goiti ere.