Pilota gure herrian euskal pilota izenez ezagutzen da. Kirol honen jatorria Euskal Herria da, gure herrietako plazetan eta pareten kontra eraiki baita belaunaldiz belaunaldi. Horregatik ulergaitza da gaur egun Euskal Herriko selekziorik ez izatea nazioarteko txapelketetan.
Guk, Euskal Herriko selekzio baten alde, argi erran nahi dugu: nazioarteko federazioak (FIPV) antolatzen dituen lehiaketen ereduaren kontra jartzen gara. Abertzale kontsideratzen diren Iparraldeko edo Nafarroako pilotari guziei ateak hetsiak zaizkio. Ez da kirol arazo bat, baizik eta hautu politiko baten ondorioa. Paradoxa handia da. Iaz, zesta-puntako munduko txapelketak Basque Pilota izena hartu zuten. Euskal Herriko pilotari guziek ezin izan zuten beren koloreekin jokatu. Horrek ez du zentzurik ez historikoki, ez kulturalki, ezta kirolaren ikuspegitik ere.
Baina garrantzitsuena da beste eredu bat existitzen dela. Azken hilabeteetan iragan beste txapelketa baten berri eman nahi genuke. Apirilaren 12an bukatu zen CIJBk antolatutako Munduko Txapelketa, Mendozan (Argentina), eta Euskal Herriko Selekzioak emaitza onak lortu zituen. Jokatutako zortzi modalitateetan, 8 domina eskuratu ditu: emazteek hiru urre eta zilar bat; gizonek urre bat, bi zilar eta brontze bat.Â
CIJB, eskuzko one-wall eta joko zuzeneko lehiaketak antolatzen dituen federazioak bere lehiaketan Euskal Herriko selekzioa onartzen du. Esperientzia horrek frogatzen du posible dela nazioarteko txapelketak antolatzea euskal selekzioa baztertu gabe. Parte hartu duten Iparraldeko pilotarientzat parada izan da egiazko selekzio prozesu batean sartzeko, euskaraz eta zazpi probintzietatik etorri jokalariekin entrenamenduetan parte hartuz. Haien hitzetan, loriaturik sartu ziren, berriz parte hartzeko gogo handiarekin.
CIJBren eredua modernoagoa eta irekiagoa da. Errealitate historiko eta kulturalak errespetatzen ditu eta aniztasuna aberastasun bezala ulertzen du. Kontrara, FIPVk proposatzen duen eredua gure herrialdean ezagutzen dugun pilotatik geroz eta gehiago urruntzen da. Ez dugu pribilegiorik eskatzen, aitortza eta koherentzia baizik. Horregatik segituko dugu euskal selekzioaren alde.Â