Bakoitzak baditugu gure tenoreak irratia entzuteko, batzuek goizetan autoan lanera joatean, besteek sukaldean goizetik arrats, beste batzuek oraino lanean, jezteko denboran edo atelierrean.
Hautua bada, bai, irratietan; alta, entzuten da gazteek gehienik berriak pantailetarik biltzen dituztela, eta kazetak guti irakurtzen.
Lege berri bat aipatzen da 15 urtez petiko gazteei sare sozialak debekatzeko.
«Sare sozialek menpekotasuna eragin dezakete. Gehiegizko erabilerak antsietate eta depresio maila handiagoak ekar ditzake, baita loaren nahasmenduak ere, eta baita autoestimu arazoak eta bakartze soziala ere».
Hemen nahi nuke baliatu errateko baduela urte batzuk Euskal Irratiak entzutean ez dudala sekula holako lanjerik sentitu! Gure irratiek lan zama handia eramaten dute eguneroko edo bertako berrien zabaltzeko, beti egokitzen ari dira gure herri ttipien gertakariak edo kirolak, kultura edo gure lurraldeko iniziatibak aipatzeko, eta abar...
Zenbat jende ustez-eta ezagunak nituen, elkarrizketei esker beste gisa batera ikusten ditut... Euskal Herriko jendarteko sare hori begiratzen dutelako.
Egun guziz euskara entzuteko parada ematean, hemengo irratiei esker, bada euskalki desberdinen baliatzeko eta entzuteko manera ere, zer aberastasuna dugun!
Alta, irratietan lan egiten duten langileen lanari esker orain arte ukan dugun xantza arriskuan da. Diruztatze publikoa azkarki murriztua izan da, jendeek diru gutiago ematen dute, alabaina denendako memento zailak baitira.
Gogoan atxiki dezagun hala ere zer zerbitzu ederra ekartzen diguten, alaitasunean eta elkartasunean.
Euskaldun guziek sos indar ttipi hori ez dezagun ahantzi egitea, urtero...