'Euskara' eta 'politika' ber erranaldian sartzeko presa

Axut antzerki kolektiboaren Harituz mintegien hirugarren eta azken aldia izan da. Euskararen eta kulturaren etorkizunari begira jarri dira, eta ondorioztatu dute «ziklo historiko baten bukaera» iritsi dela; gaia politizatzeko aldarria ere egin dute.

Ezkerretik eskuinera: Gurrutxaga, Fuchs, Gorri eta Eskisabel, Axut antzerki kolektiboak antolaturiko Harituz mintegietan, Luhuson. GUILLAUME FAUVEAU
Ezkerretik eskuinera: Gurrutxaga, Fuchs, Gorri eta Eskisabel, Axut antzerki kolektiboak antolaturiko Harituz mintegietan, Luhuson. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
LUHUSO
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez omen dela gatazkarik sortu behar. Ba omen dela positibo agertu behar, sustut ez negargarri. Oraingo haurren belaunaldia ote euskaraz biziko den azkena? Kultura izanen da azken arnasguneetako bat. Baina zer kultura, euskal kultura definitzea ere ez badu lortzen bere herriak? Beste erakunderik sortu beharko da: zilegitasuna, larderia, konfiantza; euskara eta politika hitzak ber erranaldian erabiltzen ausartzeko garaia da. Larrialdiaren diagnostikoa... eta orain zer? Mintegiaren izenak berak ez zuen etorkizunerako argitasun handirik iragartzen, baina bai aitzina egiteko gogoa. Gogo horren iturriak eta eginbeharrak aztertu zituzten, hain zuzen, Axut antzerki kolektiboak antolaturiko Harituz mintegietan, joan den asteburuan, Luhuson.

Mahai inguruan parte hartu zuten Amagoia Gurrutxaga Lanarteko koordinatzaileak, Ximun Fuchs Axut kolektiboko antzerki zuzendariak, Eneko Gorri Plazara kooperatibako kideak eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Azken horrek hartu zuen hitza lehenik, eta euskararena egoera orokorrago baten baitan kokatu zuen: «Hizkuntza supremazismoa beti egon da, gehiago edo gutiago. Orain globalizazio hiper-kapitalista batean gaudela, denetan eragiten du, baita hizkuntzaren alorrean ere». Alde batetik, «ziklo historiko baten bukaera» aipatu du Eskisabelek, 1950eko hamarkadaz geroz Euskal Herrian gaindi euskararen alde aitzina eraman izan diren herri mugimenduei erreferentzia eginez; beste alde batetik, badu ustea munduko beste erronka guztiei aurre egin behar zaien garai honetan, euskararen alde egitea nehoiz baino zailagoa bilakatua dela. Hots, euskararen bizirauteari dagokionez, hizlariek kontsideratu dute historikoki erabakigarria den garaia dela honako hau; Gorrik erran du agian «biderik zailena» orain dela egitekoa.

1950eko hamarkadan abiatu zen pizkundean aitzina eraman ziren dinamika eta egitasmoetarik «oraino ere jasotzen dira» ekarpenak: frankismo garai betea zela Hegoaldean, eta jakobinismoarena Iparraldean, «euskararen susperraldia» gertatu zen herri mugimenduak bultzatua; euskalgintzaren jarduera antolatu zen arte, eta kontzeptua bera emeki-emeki zabaldu. Urteak aitzina, erakundetzeari bide eman zitzaion, eta orduko gogoetek argi zuten euskarak biziraun zezan euskal hiztun kopuruak gora egin beharko zuela; baina horrek ez zuen erabileran ekarpenik egin, Eskisabelen ustez. Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, hots, «kexu irakurketa» egin du iragan diren hamarkada horietako norabideaz: «Euskalgintzaren kalkulua izan da euskara eta politika ez ber erranaldian sartzea, baina orain geratzen gara ia tresnarik gabe; destrebatu gara».

Kontrako norabidean sinesten du Eskisabelek, eta hiru puntutan laburbildu du, Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, euskararen etorkizunera begira hartu beharreko postura: «Egiturazko arazoaren kontzientzia hartzea, auzi politikoa egitea, eta Euskal Herri osoko perspektibatik aritzea».

Igerilekua ala euskara?

Egiturazkoa bada arazoa, eta auzi politikoa egin behar bazaio arazo horri, orduan saihetsezina da instituzioei eta politikariei noiz edo noiz begira jartzea. Baina zer jarrerarekin? Gurrutxagak umorez zerrendatu ditu euskaldunei urteetan galdegin zaizkien jokabideak, inplizituki edo ez; asperturik ufaka eta begiak zerura altxatuz, ohartarazi du beti «seduzitu» behar dela, «ez gatazkarik sortu, ez negarrik egin». Aldi berean, gaitzetsi du jokabide horien arabera ariturik ere politika integralik ez lortu izana. Lanarteko koordinatzailea da Gurrutxaga, euskararen langile profesionalen elkartekoa, hain zuzen. Harituz mintegiak Axut antzerki kolektiboak bultzatzen dituenez, eta euskal kulturgintzarekin zerikusia dutelako, Gurrutxagak salatu du «gertakarigintzan» baratzen dela kulturari eskaintzen zaion politika, eta ez duela borondaterik ikusten euskararen alde «modu zuzen eta publikoan» eragiteko.

Fuchsi heldu zaio hitza hartzeko txanda gero, eta zuzenean galdegin die mintegira hurbildutakoei: «Igerilekua, kaka edo euskara?». Fite zehaztu du ez dela soziologoa ezta linguista ere, baina bere esperientziatik mintzatu da, eta bere hausnarketa bururaino eramateko, erreferentzia egin die azken urteetan Ipar Euskal Herrian eraiki dituzten zenbait azpiegiturari: «Hamaika milioi euroko igerileku bat, hemezortzi milioiko beste bat... Eta, turismoa badelako udan Ipar Euskal Herrian, itsaso guzia kutsatua da: desmasia gastrikoak garbitzeko, Bidarten, azpiegitura bat egin berri dute, bost milioi euro eta pikokoa. Dirua, bada!». Zalantzan jarri du non inbertitzen den diru hori. 2026ko herriko bozei begira, kazetariei galdegin die hautetsiei galdegitea euskal kulturaren alde posizionatzen badira hori nola zenbatzen duten, hots, zenbat euro inbertitzeko prest diren kultura horren alde.

Eta, mintegia bukatzera zihoala, Gorrik hartu du hitza azkenik. «Diagnostikoarekin denak ados gara, baina oso modu atomizatuan ari gara. Orain da biderik zailena, agian, baina gauzak aldatzeko gaitasuna badugu». Aldarrikatu du bakoitzak bere erregaia izatea aitzina egiteko: tunel puntako argiak bultzaturik doala bat aitzina, eta etsimenduan bestea, baina biak doazela aitzina; bakoitza ekitera, lan egitera, plazara ateratzera eta sortzera deitu du. Haatik, argi du ekintza elkarrekin egitekoa dela, nolabaiteko interdependentziatik: dela euskaltzale baten eta bestearena, edo hizkuntza eta kulturaren artekoa.

Harituz mintegien hirugarren aldia izan zen joan den asteburukoa, eta azkena ere bazen. Axutek komunikatu du Euskal Hirigune Elkargotik dirurik nahikoa ez dutela gehiago jasoko proiektua beste zenbait urtez aitzina eramateko. Nekaturik eta kexu ageri ziren eragileak, baina badirudi orain zer egiteko dagoen bere buruari galdetzeko indarra geratu zaiola euskalgintzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.