Euskararen garaia da lelopean, indar erakustaldia egin nahi du Ipar Euskal Herriko euskalgintzak larunbat honetan Baionako karriketan. Milaka herritar espero dituzte, azken asteetan Frantziako Estatuko ordezkariek egin dituzten erasoak salatu eta euskarak lege babesa behar duela eskatzeko. 16:00etan abiatuko da manifestazioa Lauga kiroldegitik, baina egun osoko egitaraua antolatu dute Baionan. Azken hilabeteetan, atxikimendu zabala jaso dute alde guztietarik, eta orain hori karrikara eraman nahi dutela adierazi du Sebastien Castet Euskal Konfederazioko koordinatzaileak. «Guretzat manifestaldi hori ez da helmuga bat; abiapuntu bat izan dadin nahi dugu, euskararen aldeko beste aro bat irekitzeko».
Lau eskakizun nagusi plazaratu ditu Euskal Konfederazioak biharko mobilizaziorako. Euskararen koofizialtasuna da horietan lehena; Ipar Euskal Herrian euskarak frantsesaren ber heineko lekua izan dezan, eta euskara eskubide gisa aitortua izan dadin. Horretarako, ezinbestekoa da Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea, horren arabera frantsesa baita Frantziako Errepublikan onartua eta baimendua den hizkuntza bakarra. Horrez gain, hizkuntza gutxituen aldeko lege bat beharrezkotzat jo du euskalgintzak, euskarari lege babesa emateaz gain, eskubide jakin batzuk lortzeko. Eta azkenik, euskara biziberritzeko plan integral bat eskatu dute. Alegia, Ipar Euskal Herriko instituzioek euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan ezartzea; norabide eta bide orri argi batekin, eta helburu zenbakituekin.
Azken urteetako inkesta soziolinguistikoek plazaratu dituzten datuak oroitu ditu Castetek, euskararen larrialdi egoera azpimarratzeko. Ipar Euskal Herrian, herritarren %20,1 da euskalduna: kopuru absolutuetan datuak egonkortu badira ere, proportzioan apaldu eta apaldu ari da azken urteetan. Erabilera ere behera doala erakusten dute datuek. «Alarma piztu dugu datu kezkagarri hauei begira. Gaur egun plantan ezarria den hizkuntza politika ez da eraginkorra», adierazi du Castetek. Azken hogei urteetan aitzinamendu batzuk izan badira ere, orain egoera blokeatuta dagoela iritzi dio. «Horregatik diogu euskararen garaia dela. Beste hizkuntza politika bati ekiteko, hiztunak masiboki sortzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko garaia da».
«Helburua finkatu du EEPk, baina orain zinezko plangintza bat behar dugu hark jarritako erronka horretara iritsi ahal izateko»
SEBASTIEN CASTETÂ Euskal Konfederazioko koordinatzailea
Iazko abenduan egin zuten biltzar nagusian, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontua doi bat emendatzea erabaki zuten hura osatzen duten erakunde instituzionalek, baina euskalgintzak salatu zuen horrek ez diela erantzuten hizkuntza politikak dituen beharrei. Haatik, ontzat jo zuten EEPk erronka gisa finkatu izana 2050erako Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 izatea. «Helburua finkatu du EEPk, baina orain zinezko plangintza bat behar dugu hark jarritako erronka horretara iritsi ahal izateko», gehitu du Castetek. Izan ere, EEPk berak egindako prospektiba lanaren arabera, 40.000 euskaldun gehiago beharko lirateke helburu hori lortzeko. Hezkuntza arautuan eta helduen euskalduntzean nabarmen hobetu beharko lirateke gaur egungo datuak horra iristeko.Â
Horregatik, Euskal Konfederazioko koordinatzaileak funtsezkotzat jo ditu euskararen aldeko lege babesa eta baliabide ekonomikoak. «EEP osatzen duten erakundeek nabarmen igo behar dute diru ekarpena». Era berean, euskalgintzak babesa adierazi die Frantziako Konstituzioa aldatzeko lege proposamena egin duten Peio Dufau eta Paul Molac diputatuei. «Frantsesa ez da euskara baino gehiago, ezin dugu desberdintasunik egin herritarren artean. Frantsesei aitortzen zaizkien hizkuntza eskubide berak aitortu behar zaizkigu euskaldunei ere», borobildu du Castetek.
Atxikimendu zabala
Urtarrilean iragarri zuen Euskal Konfederazioak udazken honetan mobilizazio handi bat egiteko xedea, eta ordutik atxikimenduak biltzen aritu da. 1.700 sinadura bildu ditu ekainean aurkeztu zuten manifestuak; horien artean Ipar Euskal Herriko tendentzia politiko guzietako hirurehun hautetsik eman diote babesa. 250 eragile inguru bildu dira deialdira. Talde politiko, sozial eta sindikalez gain, tokian tokiko kirol eta kultur talde andanak deitu dute manifestazioan parte hartzera. «Manifestaldia ahalik eta zabalena izatea nahi genuen. Manifestua izenpetu dutenen aniztasuna ikusirik, erran dezakegu momentuz helburua kausitu dugula», erran du Castetek.
Euskal Konfederazioko eledunak zehaztu du manifestaldia ez dela euskaldunentzako bakarrik. Egunerokoan euskararen aldeko hautua egiten duten guziak batu nahi dituztela adierazi du. «Euskaldun gisa egunerokoan euskararen hautua egiten dugu, euskara transmitituz, erabiliz, mintzatuz, irakatsiz eta abar. Baina badira euskaldunak izan gabe euskararen hautua egiten dutenak ere, beren haurrak ikastolan edo sare elebidunean matrikulatuz, euskarazko aisialdi zentroetan ezarriz... Eta horiei ere dei egin diegu manifestaldian parte har dezaten».Â
«Lege bidez finkatu behar ditugu euskarari buruzko betebeharrak administrazioetan, zerbitzu publikoetan, arlo soziolinguistikoan... Horrekin lortuko baitugu euskararen aldeko urratsak egitea eta euskal hiztunok ditugun hizkuntz eskubideak errespetatzea»
SEBASTIEN CASTETÂ Euskal Konfederazioko koordinatzailea
Azken urteetako inkestek erakutsi dute euskarak atxikimendu zabala duela Ipar Euskal Herrian. Bestelakoa da haatik Frantziako Estatuko ordezkariek duten jarrera. EEPren barnean izan diren tirabiren berri eman zuten urri hasieran, baina harrabots handiagoa egin dute epaitegietara eraman dituzten aferek. Euskara ofizialki aitortzea erabaki duten hainbat herriko etxeren kontra egin du prefetak udatik hona, eta deliberoak bertan behera utzi ditu oraingoz Paueko Administrazio Auzitegiak. «Aitortza ofizial horien kontra helegitea ezartzea Euskal Herriko errealitate historikoa ukatzea da», Casteten hitzetan. Beste herri batzuetan, prefeturak barne araudiak aldatzera behartu nahi ditu herriko etxeak, hautetsiek euskaraz egiteko duten aukera mugatzeko; hala nola Beskoitzen, Hendaian eta Gamarten. Larresoron, karrika izenak euskaraz ematearen kontra egin du. «Frantziako Estatuaren ordezkaria da prefeta; eraso hauek ez dira kasualitatea. Gutxiengoen kontra Frantziako Estatuan ikusten den erreakzioan kokatzen dugu».
Estatuko ordezkariek euskararen kontra egin dituzten eraso horiek erakusten dute, Casteten hitzetan, ezinbestekoa dela Ipar Euskal Herrian euskarak legezko babesa eskura dezan. «Lege bidez finkatu behar ditugu euskarari buruzko betebeharrak administrazioetan, zerbitzu publikoetan, arlo soziolinguistikoan eta abar. Horrekin lortuko baitugu euskararen aldeko urratsak egitea eta euskal hiztunok ditugun hizkuntz eskubideak errespetatzea».Â
Kronologia
- 11:00 Pankarta tailerra. ZĂ¼zĂ¼lĂ¼ elkartean.
- 12:00 Bertso saioa. Biltxoko elkartean.
- 12:30 Bulegoren kontzertua. Kalostrape ostatuan.
- 14:30 Baionan kantuz. Biltxoko elkartean
- 16:00 Manifestazioa. Lauga kiroldegitik abiatuta.
- 18:00 Dizkobolo elektrotxaranga. Jacques Portes plaza.
- 21:00 Gaualdia. Zizpa gaztetxea.