Baltsan

Euskaraz baikara

Ladix Arrosagarai eta Maddi Zubeldia
2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez ditugu zerrendatuko azken urteetako euskararen aurkako erasoak mugaren bi aldeetan: euskaraz bizitzeko eskubidearen kontrako oldarraldi juridiko-politikoa batetik, euskararen agonia luzatu eta desagertzera eramateko politika, bestetik. Batean euskararen herrian euskaraz normaltasunez bizi nahi izateagatik baztertzaile eta diskriminatzaile omen gara, eta bestean linguizidio hitza erabiltzerainoko esker txarrekoak gara, Pirinio Atlantikoko prefetak, hots, administrari kolonialak, gaztigatu zigun bezala: bai, bwana?

Eraso orokor eta koordinatua da, larrialdira eraman gaituena, euskararen berreskurapenari arrasta eman eta azken hamarkadetako lanek ekarri aitzinamenduak kamustuz edota ahulduz. Baina badu meritu bat bederen: ohartarazten gaitu deus ez dela betiko lortua eta lokartzen bagara nekez irabazitakoa aise gal daitekeela atzeraldira sartuz.

Jarraitu behar dugu, bistan da, gobernatzen gaituztenei gure eskubideen aitortza, euskararen aldeko neurriak, baliabideak, lege babesa eta ofizialtasuna eskatzen.

Baina zain egon gabe, bakoitza lozorrotik atera eta pasibo izatetik aktibo izatera pasatuz. Ofentsibara pasatu behar dugu eta horretarako euskara bera dugu armarik onena: eman euskarari lehentasuna maila pertsonalean, sozialean zein politikoan auziari zor zaion garrantzia eskainiz; hasi ofizialtasuna praktikatzen familian, lagunartean, auzoan, lanean edota elkartean, eta euskarari nagusitasuna emanen dioten eremuak eta denborak sortzen eta biderkatzen. 

Euskarak eta euskal hiztunek arnasguneak eta arnas uneak behar ditugu, askatasun eta nagusitasun leku eta mementoak, hizkuntza ohiturak garatzeko, belaunaldien arteko transmisioa errazteko, hiztun berriak sozializatzeko eta erabileran trebatzeko, hizkuntzaren prestigioa eta erabilera aktiboa sustatzeko. Hots, euskara euskaratik eta euskaraz elikatzeko.

Egun bat osoa euskaraz normalki, lasaiki eta naturalki bizi ahal izatea, hizkuntza diskriminatzaile hegemonikoen interferentziarik eta estres linguistikorik gabe; arnas(g)une bat, euskarazko literatura eta, oro har, sorkuntza sustatu eta haren aniztasun eta aberastasunaz gozatzeko, xumea bezain baitezpadakoa: hori duzue Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka, arnas une eta euskarazko sorkuntzaren plaza, euskarak egiten gaituelako herri eta kulturak herri bizi, etorkizunari buruz itzulia.

Euskaraz baikara, eta euskaraz izan nahi dugulako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE