Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Hazparnen hasi zen, irailean. Denek begiratu diogu leku desberdinetatik txapelketari. Batzuentzat, agian, haien biziko hilabeterik luzeenak izan dira larrazkeneko hiru hauek; beste batzuei, hasi bezain laster bukatzera doala irudituko zaigu.Â
Dena dela, lau urtean behin iragaten den ekimenak ez du hausnarketa gairik falta. Eta bada ohar bat anitz entzun dudana txapelketa osoan zehar, eta fase aldaketen momentuan areagotzen dena: emakumeak gizonak baino hobeak direla bertsotan. Azken urteetan lan handia egin izan den arren, badakigu bertsolaritzan emazteen lekua gizonena baino txikiagoa dela oraindik. Alta, txapelketaren panoramari begiratuz, bi tranpatan eror gaitezke: ustezko orekaren tranpan eta performantzia hobearen zepoan.Â
50 bertsolarik parte hartu dute txapelketan: 28 gizon eta 22 emazte. Finalerdietako bigarren itzulian ondokoak izango dira zenbakiak: bederatzi gizon eta bederatzi emazte. Baina ez gaitezen itsutu parekidetasun matematiko kasik perfektu horrekin.
Bigarren tranpari dagokionez, inor ez zen generoagatik bertsolari onaren genearekin sortu. Baina txapelketara ateratzen diren emakumeak biziki onak direlako ateratzen dira. Bertan lekua ukanen luketenak, baina puntuazio gorekin ez liratekeenak etxera itzuliko, itzalean egoten dira sarri, bertso idatziak idazten edo herriko taldekako txapelketan parte hartzen.Â
Zenbakiek ez dute erakusten, edozein esparrutan, beti berek galdera gehiago pausatzen dizkiotela beren buruari, eta, leku batean egotekotan, behar adina arrazoi sendo inposatzen dizkiogula guhauren buruari, hor egoteko.