Familia ereduak birpentsatu, beste eredu batzuk sortuz

Festifamilia festibala antolatu dute PAF elkarte feministak eta Sutan kolektibo transfeministak datorren astebururako. Familia esparru politikoa dela aldarrikatuko dute, eta familia ereduak pluralak direla erakutsi.

2023ko maiatzean Loverdose festibalaren karietara PAFek antolatutako tailer bat. GUILLAUME FAUVEAU
2023ko maiatzean Loverdose festibalaren karietara PAFek antolatutako tailer bat. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aita bat, ama bat, bi haur, eta txakur bat. Familia nuklearraren eredu idealaren irudi estereotipatua da, heteropatriarkatuak sustatua. Hautatua izan daiteke, noski, baina eredu normatiboa den heinean, zilegi da galdetzea zenbateraino den benetan hautuzkoa. Gainera, eredu horretatik kanpo gelditzen dira pertsona eta harreman mota anitz. Preseski, galdera horien inguruan hausnartzeko parada eskaini nahi dute PAF elkarte feministak eta Sutan kolektibo transfeministak Festifamilia festibalaren bidez. Abenduaren 4an eta 5ean izanen da festibala, Baionan. Familia ereduak birpentsatzeko, familia osatzeko bestelako moldeak ezarri nahi dituzte agerian. 

Loverdose festibala antolatu zuen PAF elkarteak 2023an, maitasun formei buruzko gogoetak egiteko. Arrakastatsua izan zen, eta halako ekinaldi bat berriz egiteko gogoz ziren militanteak. Hiru urte berantago, Sutan kolektibo transfeministarengana jo, eta familiaren inguruko festibal bat antolatzea proposatu zieten. «Familiaz galderako egiteko xedea nahiko naturala eta berezkoa izan da. Familia nuklearretik at, familia osatzeko modu anitz badira, eta beharrezkoa iruditzen zitzaigun horiek aitzinean ezartzea», esplikatu du Rose Peirin-Savaris PAF elkarteko kideak. Horren inguruan aritzeko denbora hartzea garrantzitsua zitzaien antolatzaileei. «Iruditzen zaigu denbora hartu behar dela hausnarketarako, baita gure artean elkartzeko ere». Horretarako, mahai inguru bat, tailerrak eta bestelako animazioak ere plantan ezarri dituzte. 

«Bakoitzak bere familia hauta dezakeen bezala, jatorrizko familia desautatu daiteke, baita hautatutakoa ere, noski, ez baitu zertan zurruna izan. Familia eredu anitz badira, eta norberari dagokiona da zilegi. Horretarako, eredu posibleak agerian ezartzea da Festifamiliaren helburua; ereduak erakutsi behar ditugu, erreferentziak sortu behar baititugu», esplikatu du Peirin-Savarisek. Familia heteropatriarkalak dakarren «pisua» zalantzan ezarri nahi dute, bestalde, baina beti bestelako eredu posibleak aipatuz.

«Erakutsi nahi dugu hainbat modu daudela odol loturatik kanpo familiak eta elkarbizitza ereduak osatzeko. Agian horiek ere mugak izanen dituzte, baina beharrezkoa ikusten dugu beste aukera batzuk badaudela erakustea»

MADDI KINTANA Sutan kolektiboko militantea

Maddi Kintana Sutan kolektiboko militanteari iruditzen zaio familiaren gaia «pil-pilean» dagoela. Uste du hainbat gai lotzen ahal zaizkiola familiaren gaiari, hala nola zaintza, indarkeria... «Izan ere, familia heteropatriarkalean, indarkeria matxista eta haurren kontrako indarkeria gertatzen dira. Indarkeria gehienak etxean gertatzen dira; familia arrisku faktore bat da. Beraz, guk erakutsi nahi dugu hainbat modu daudela odol loturatik kanpo familiak eta elkarbizitza ereduak osatzeko. Agian horiek ere mugak izanen dituzte, baina beharrezkoa ikusten dugu beste aukera batzuk badaudela erakustea», aldarrikatu du. 

Eredu posible anitz

Preseski, hori izanen da abenduaren 5ean antolatu duten mahai inguruaren gaia; Familia beste modu batera osatu, eredu tradizionalaren aurrean izendatu dute. Hiru hizlari bilduko dituzte solasaldian: Marta Luxan Serrano soziologo eta demografoa (EHU), Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo auzapeza (Gipuzkoa), eta Julia Chretien ikertzaile eta militante lesbofeminista. Luxanek eramandako lanek agerian uzten dute adiskidetasuna elkarrekikotasun eta zaintza forma politiko bat dela. Solaberrieta Mesak Usurbilgo Txirikorda proiektua aurkeztuko du: belaunaldi arteko etxebizitza komunitario publikoa da, zahartzeko eta komunitate hautatuak osatzeko eredu berri bat plantan ezartzen duena. Chretienek ikerketa etnografiko bat egina du emazte zahar lesbianekin: zaintza, adiskidetasuna, intimitatea eta zahartzea aztertu ditu, baita bestelako familia ereduak praktikan nola ezartzen dituzten ere eguneroko bizimoduan.  

Julia Chretienek 55 eta 80 urte arteko emakume lesbianen bizipenak ikertu ditu bi urtez; zehazkiago, haien sozializazio espazioak, zaintza harremanak eta zahartzaroari buruzko ikuspegiak aztertu ditu, besteak beste. «Helburua ez da soilik kolektibo horren berezitasunak agerian ezartzea, baizik eta haien esperientzietatik abiatuta gizartearen arau hegemonikoak zalantzan jartzea. Hala, lesbianen zahartzea aztertzeak aukera ematen du zahartzeko eta zaintzeko beste modu batzuk irudikatzeko, eta, aldi berean, familia eredu normatiboa ikuspegi feministatik berriz pentsatzeko», azaldu du. 

«Bestela erranik, familia ez da beti odol loturen edo bikote harremanen inguruan eraikitzen, eta adiskidetasun sareak eta elkarren zaintza ere familia egiteko modu bihur daitezke»

JULIA CHRETIEN Ikertzailea

Egindako ikerketan, bestelako familia ereduen adibide batzuk ikusi ahal izan ditu Chretienek. «Familia egiteko modu alternatibo eta subertsiboak ikusi ahal izan ditut, baina ez nahitaez espero nituen lekuetan. Hainbat moldez gauzatzen dira: familia hautatuen bidez, bizikidetza partekatuekin, espazio autogestionatuekin, elkarteekin... Bestela erranik, familia ez da beti odol loturen edo bikote harremanen inguruan eraikitzen, eta adiskidetasun sareak eta elkarren zaintza ere familia egiteko modu bihur daitezke».

Bestalde, esplikatu du instituzioak eta legeak modu estrategiko eta subertsiboan erabiltzeko joera ere ikusi duela. «Pandemiaren ondotik, hainbat emakume lesbianak ezkontzea erabaki zuten, ez horretarako berezko nahikaria zutelako, baizik eta zahartzaroari eta osasun arazoei begira legezko babesa izateko: ospitaleko erabakietan, herentzia kontuetan eta jatorrizko familiarekin sor zitezkeen gatazketan». Are gehiago, ezkontzaren tresna juridikoa erabiltzeko beste forma batzuk ere topatu zituen bere ikerketan. Adibide hunkigarri bat ekarri du gogora: harreman sentimentalik ez zuten bi lagun lesbianak ezkontzea erabaki zuten, haietako bat hilzorian zelako eta bere ondasun apurrak egoera prekarioan zegoen lagunari utzi nahi zizkiolako. «Horrela, esperientzia horiek erakusten dute familia pentsatzeko eta eraikitzeko hainbat modu daudela heterosexualitatearen eta bikote harremanaren logikatik kanpo», borobildu du ikertzaileak. 

Teoriatik praktikara

Kintanak eta Peirin-Savarisek erran dute mahai inguruaren helburua, oinarri teoriko batzuk emateaz gain, eredu praktikoak ere agerian ezartzea dela. Eta hala, larunbatean antolatuko dituzten tailerren bidez, bestelako familia ereduak osatzen dituzten pertsonen lekukotasunak izanen dira entzungai, hala nola hautuz ama bakar direnenak. Bestalde, ama ez izateko hautua egin dutenen lekukotasunak jasotzen dituen Je pense que j'en aurai pas komikiari buruzko tailer bat ere prestatu dute. Haurrendako tailer bat ere izanen da, Enfantiste kolektiboarekin. «Azkenean, ama izatea eta ez izatea ez dira kontrajarriak. Eredu anitz dira posible, eta denei hitza ematea da helburua, erakusteko eredu eta erreferentzia anitz izaten ahal direla», trenkatu du Peirin-Savarisek. Antzerki tailer bat ere eginen dute, jatorrizko familian izan daitezkeen galdera eta komentario deseroso eta erasotzaileei aurre egiten ikasteko. «Agian ezin da dena aldatu, baina erantzuteko eta gauzak desberdinki egiteko tresnak ezarri nahi ditugu parte hartzaileen eskura», esplikatu du Peirin-Savarisek. Tailerretan parte hartzeko, izena eman behar da Helloasso plataformaren webgunearen bidez. 

«Ama izatea eta ez izatea ez dira kontrajarriak. Eredu anitz dira posible, eta denei hitza ematea da helburua, erakusteko eredu eta erreferentzia anitz izaten ahal direla»

ROSE PEIRIN-SAVARIS Paf elkarteko militantea

Antolatzaileek, bestalde, azpimarratu nahi izan dute familiaren eta laguntasunaren arteko mugak lausoak direla. Frantziako diputatu Clemence Guettek, erraterako, lagunei estatus juridiko bat emateko lege proposamen bat ondu du, eta Kintanaren arabera, lege babesik gabe ere, hainbat esparrutan jadanik «egingarria» da neurriak hartzea, hala nola elkarte munduan. «Ezkontzeagatik opor egunak baldin badira, zergatik ezin dira lagun bat eri denean edo hiltzen denean egun batzuk hartu?», galdetu du. Hortaz, agerian utzi du laguntasun harremanak ere familia gisa kontsideratu daitezkeela. 

Egitarauan ikusgarri eta animazioak ere izanen dira. Ostiral arratsean, erraterako, bakarrizketa gaualdia eginen dute. Larunbat arratsean, afari autogestionatua antolatuko dute, eta arratsean, drag ikusgarria, kontzertuak eta DJak izanen dira. Ekinaldi gehienak Baionako Zizpa gaztetxean izanen dira, eta gainerateko xehetasunak PAF eta Sutan taldeen Instagram kontuan emanen dituzte. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA