Erreakzioa zabaltzen ari da, mugimendu faxista berri bat indartzen ari da, eta estatuak geroz eta autoritarioagoak dira. Joera horiek, maiz irrazionalak badirudite ere, kapitalaren ikuspegitik zentzua dute: oligarkiari bide ekonomikoak ez zaizkio gehiago aski akumulazioa epe luzean segurtatzeko, eta, horregatik, estatuek gerrazaletasuna berpizten dute beren posizio inperialista mantentzeko; langile klasearen bizi baldintzen kontrako neurriak hartzen dituzte etekinak handitzeko; estatu poliziala ezartzen ari dira ez dezagun gure egoeraren kaskartzearen kontra borrokatzeko aukerarik ukan; mugimendu faxista berri bat indartzen dute prozesu hori ideologikoki zilegiztatu eta bizkortzeko; eta, jendartean ideia erreakzionarioak zabalduz doaz horren guztiaren sostengu soziala hedatuz. Frantziako Estatuaren deszentralizazio zantzuak autoritarizazio prozesu garaian gertatzen ari dira, beraz ezin da hauengandik demokratizazio handirik espero izan.
Testuinguru horretan gertatuko dira herrietako hauteskundeak Ipar Euskal Herrian, eta aipaturiko tendentziek lur hartzen dute hemen ere. Izan ere, esplotazioan zein hainbat zapalkuntzatan oinarritua den sistema ekonomiko eta jendarte eredua da kapitalismoa, eta bortizten ari da. Horrek posizioak erradikalizatzea behartzen du: kapitalismoaren bortiztea gauzatu, edo burgesia eta bere programaren kontra konfrontatzeko indarrak antolatu?Â
Militarismoari dagokionez, tendentzia politiko guztietako hautetsiek armagintza sustatzeko bide orria onartu dute. Bestalde, geroz eta handiagoa den presentzia militarra inork ez du problematizatzen, ezta beren propaganda ere. Estatu poliziala maila lokalean ere ezartzen da: kameren orokortzea, polizia munizipalaren armatzea, poliziarekin kolaborazioa eta jendearen arteko mesfidantza zein zelatatzea sustatzen duten «auzo erneak» (frantsesez, voisins vigilants) dispositiboak… Hauteskundeetan, karrikan, prentsan eta sare sozialetan erreakzioak eta faxismoak gora egiten dute.
Kapitalismoan, estatuaren funtzioa —maila lokalean ere— akumulaziorako baldintzak segurtatzea da, eta auzapezen jarduna logika orokorrago horren menpe da. Horrek, oro har, ordena zapaltzailea kudeatzera bultzatzen du; gaur egun erran nahi baitu miseria soziala kudeatzea eta erreforma autoritarioa lekuan leku aplikatzea.
Geroz eta lausoagoak diren fronte elektoralek faxismoari alternatiba bakar gisa aurkezten uzten diote. Faxismoari eta estatuen autoritarismoari aurre egiteko, beharrezkoa da jendarte horren alternatiba militantziatik eta eguneroko karrikako lanetik eraikitzea, langileriaren intereseko auziak lehen mailan ezarriz. Horretarako beharrezkoa da Euskal Herrian zein nazioartean langile klasearen interesak defendatzeko antolakunde iraultzaile handiak eratzea, eta horrekin batera, langile klaseko kolektiboak eta gizabanakoak batuko dituen fronte handi bat osatzea, autoritarismoaren kontra egiteko. Hauek dira eguneroko jardun politiko antifaxista —baita lokala ere— bideratu behar luketen premiak.