Zinegin

Fikzioaren indarraz

Joana Duhalde, Eztitxu Barbas, Laura Osdoit, Mirentxu Etxeberri, Maialen Hegi-Luku
2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bada halako magia bat sortzen dena, ilunpean, film baten ikustera zinemara goazenean. Badakigu ikusten duguna ez dela errealitatea, baina filmak iraunen duen denboran, «sinetsiko» dugu kontatzen zaigun istorioan, eta emozioak biziaraziko dizkigu: poza, beldurra, harridura edo negarra. Bettelheim psikoanalistak zioen ipuinen bidez haurrei erreperio inkontzienteak eta irakaspen gordeak transmititzen zaizkiela. Eta helduentzat ere hala balitz? Fikzioen bidez, bizi ez ditugun egoerak ezagutzen eta sentitzen ahal ditugu.

Batzuek diote fikzio-izakiak garela, istoriozaleak, munduaren baitan mundu berriak asmatzen dituzten izakiak, eta beharbada ez gara ohartzen fikzioa zein heinetaraino barneratua dugun egunerokoan: filmak ikusterakoan, jokoetan, bertsoetan, gezurrak erratean, proiektu bat imajinatzean, gure ametsak kontatzean edo beste.

Amets batetik abiatu zen gaurkoan aipatu nahi genizuen film sorta: Antton Ezeiza donostiarrak koordinaturik, zinemagile talde batek 1978an Ikuska dokumental sorta gauzatu zuen. Helburua: euskal zinemaren oinarriak jartzea. Ikuska osatzen duten hogei dokumental laburrek urte haietako Euskal Herriaren erradiografia bat egiten dute, bere osotasun eta aniztasunean. Jorratzen diren gaietan: ikastolak eskola publiko bilakatzeko borroka, emazteen egoera Euskal Herrian, euskal telebistaren lehen urratsak, Donibane Lohizuneko arrantzale ttipien egoera, 1978ko erreferenduma, Zuberoako esnetegi handien eta artzainen arteko gatazka, Euskal kantagintza berriaren figurak, hirietako espekulazioa… Ikuska gutienez bi aldiz proiektatu genuen Zinegin festibalean eta penaturik gara oraindik biziki ezezaguna dela ikusteaz. Kuriosentzat, jakin ezazue Euskal Encondingsen osoki atzematen ahal duzuela. Dokumental sorta guti hedatua izan zen, eta diru-laguntza publikorik gabe egina.

Fikzioen bidez pertsonen bai eta herrien irudimena, borrokak eta ametsak islatzen dira. Baliabide eskasekin bada ere. Hona aurtengo Zineginen izan dugun adibidea: Sara Fantovaren Jone, batzuetan fikzioa bi astez filmatu zuten Bilboko jaietan, aktore ez-profesional anitzekin. Beñat Iturriozen Enarak dokumentalak eskulan eta asmamen anitzez historian zehar bidaiatzera eramaten gaitu. Eta beste zenbat halako? Gutirekin asko egiten dutenak anitz baitira euskal zineman, eskertu nahi genituzke gaur, ematen diguten indarra gure ametsen pizgarri izanen baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA