Frantziako Asanbleak uko egin dio poliziek armak erabiltzea errazten duen legearen kontrako eskaria eztabaidatzeari

Batasun Nazionalak, eskuinak eta macronistek baztertu dute legea berriz aztertzea, 730.000 herritarrek izenpetutako eskariari muzin eginez. Legea indarrean da, beraz.

Frantziako Polizia, Baionan, artxiboko irudi batean. NAHIA GARAT
Frantziako Polizia, Baionan, artxiboko irudi batean. NAHIA GARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko uztailaren 22a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

730.000 herritarren desadostasuna ez da nahikoa izan Frantziako Poliziari suzko armak erabiltzea errazten dion legeari bidea mozteko. Uztailaren 7an egin zuten lege proposamenaren alde RN Batasun Nazionaleko diputatuek, Errepublikanoetakoek eta macronistek. Legearen kontrakoek, ordea, esperantza printza bat bazuten oraino: legea bigarren aldiz eztabaidatzeko aukera ireki zitzaien atzo, legearen kontrako eskariak bildu izenpe kopuruak ahalbidetuta —500.000 izenpetzetik gora direnean irekitzen da eztabaidatzeko aukera—. Baina Frantziako Asanbleako legeen komisioak ez du onartu eztabaida berriz irekitzea, eta muzin egin diote eskariari: Batasun Nazionalak, Errepublikanoek eta macronistek uko egin diote eztabaida bigarrenez irekitzeari. Beraz, indarrean sartuko da poliziei bidezko defentsa presuntzioa onartzen dien legea.

Estatu indarkeriaren zenbait biktimaren familiek «hiltzeko baimena» izendatu dute legea. Izan ere, bi aldaketa nagusi ekarriko ditu legeak, 2017tik dagoen legediari gaina hartuz. Bat: orain arte poliziek «behar-beharrezkoa» zenean baizik ezin zuten tiro egin; lege berriaren arabera, edozein tiro legaltzat edo «zilegitzat» joko dute. Bi: orain arte polizia batek tiroz inor hiltzen zuelarik, estatuari zegokion frogak aurkeztea, baieztatzeko, hain zuzen ere, tiroa «behar-beharrezkoa» izan zela. Lege berriak tiro oro zilegitzen badu, ordea, biktimen familiak eta hurbilekoek lortu beharko dituzte froga horiek, eta haiei egokituko zaie defendatzea.

«Ez dago poliziek edo jendarmeek arma bat bidegabeki erabili izanaren susmatzerik». Hori da Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroaren ustea, Asanblea Nazionalean adierazi zuenez. Hain zuzen ere, eskuin muturreko RN Batasun Nazionalak macronistekin eta Errepublikanoekin eskuz esku bozkatutako legea da bidezko defentsa presuntzioarena; ezkerreko alderdiek, kontra egiten entseaturik ere, ez dute lortu legearen onartzea eragoztea. Bart gaueko saioan eztabaidatu eta bozkatu zuten eskaria, eta Asanbleako gehiengoak babestu zuen polizien aldeko legea: 351 parlamentarik babestu zuten, eta 179k egin zuten kontra. Elkarrizketarako aukera guti ukan dute, Nuñezek 44.3 artikulua erabili baitu legea bozkarazteko: horrela, «boz blokeatua» egin dute, zuzenketarik aurkezteko aukerarik utzi gabe, eta eztabaidarako biderik eman gabe.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA