Poliziek suzko armak erabiltzea errazten duen legearen bigarren bozketa egingo dute gaur Frantziako Asanblean

Lehen bozketan, eskuin muturraren, macronisten eta Errepublikanoen botoekin onartu zuten legea; 700.000 herritar baino gehiagoren sinadurek behartuta, bigarren aldiz bozkatuko dute gaur.

Polizia operazio bat urtarrilean, Baiona iparraldean. NAHIA GARAT
Polizia operazio bat urtarrilean, Baiona iparraldean. NAHIA GARAT
2026ko uztailaren 21a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen bueltan atea ireki zioten; gaur ikusiko da zabal-zabalik uzten dioten ala ez. Frantziako Asanblea Nazionalak berriz bozkatuko du gaur «polizien bidezko defentsaren presuntzioa» ezartzen duen lege proposamena, estatu indarkeriaren zenbait biktimaren familiek «hiltzeko baimena» izendatu dutena eta, funtsean, poliziei suzko armak erabiltzea erraztuko diena. Uztailaren 7an onartu zuten lehen aldiz, Batasun Nazionalaren, macronisten eta Errepublikanoen botoekin. Ezkerrak kontra egin zien arren, batuta, ez zuen eskuratu testua geldiarazteko behar adina boto. Legearen kontrako 700.000 sinadura baino gehiago bildu izanak behartuta, bigarren bozketa egingo dute gaur diputatuen ganberan.

Zehazki, legeak zera aldatzen du: poliziek eta jendarmeek suzko armak erabiltzen dituztenean irekitzen diren auzi penalen prozedura. Alegia, 2017ko legediaren arabera, poliziek soilik «behar-beharrezkoa» denean egin dezakete tiro. Ondorioz, poliziak tiro batez norbait hilez gero, estatuari dagokio tiro horren «beharrezkotasuna» frogatzea. Aldiz, lege proposamenaren arabera, edozein tiro hartuko dute zilegitzat, «beren jardunean suzko armak erabiltzen dituzten agenteak automatikoki ez auzipetzeko». Horrek ondorio argia du: biktimen familiak eta hurbilekoek frogatu beharko dute tiro hori ez zela «beharrezkoa».  

Lege proposamenak aurreko asteetan piztutako eztabaida ez da baretu. Kontrara, oposizio indartsua igar daiteke kalean. Horren adierazle dira testuaren kontra bildutako sinadurak: 700.000tik gora.

«Inpunitaterik ez»

Batasun Nazionalak proposatu arren, gobernuak bere bizkarrean hartu du legearen defentsa. Lehen bozketan Laurent Nuñez Barne ministroak adierazi zuenez, legeak aurre egin nahi dio prozedura penala «automatikoki» abiatzeari behin agenteek armak erabilita. Hain zuzen ere, hori berretsi du Nuñezek, gaur bertan Le Monde egunkarian argitaratu duen iritzi artikuluan. Legeak sor dezakeen inpunitate arriskua erabat alboratu du ministroak: haren esanetan, erreformak ez du «ez pribilegiorik, ez inpunitaterik» sortzen, «polizian eta jendarmerian konfiantza izateak ez baitu esan nahi kontrol judizialetik kanpo uztea».

Ministroak nabarmendu du gaurko sistema zuzendu guran proposatu dutela testua: izan ere, egungo sistemak prozedura penala abiatzen du armak erabili ondotik. Legea indarrean jarriz gero, agente horiek ez dituzte auzipetuko baldin eta hasieratik elementuak antzematen badira jarduera legearen barruan egin dela ondorioztatzeko.

Eztabaidagai nagusiak izan ez diren arren, legeak bestelako neurriak ere jasotzen ditu segurtasun publikoaren arloan. Besteak beste, drogak kontsumitzeagatik ezartzen den isun finkoa 500 eurora igotzen du.

Gaurko bozketak argituko du lehenengoan osatutako gehiengo parlamentarioak bere hartan dirauen ala gizarte mobilizazioek behartu duten ganberako zenbait tokiz mugitzera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA