Frantziako Gobernuak ikasleei ordainarazi nahi dizkie lizeotarren istiluetan izandako kalte materialak

Lizeoetako ikasleak jasaten dituzten baldintza kaskarrengatik ari dira protestan, eta hona Frantziako Gobernuaren erantzuna: istiluetan sortzen diren hondatzeak ikasleen bizkar jartzea. Urriaren 27an aurkeztuko dute lege proposamena.

Lizeotarren mobilizazioa, joan zen astean, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Lizeotarren mobilizazioa, joan zen astean, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
kristina martin
2026ko urriaren 5a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantzia osoko lizeoetako milaka ikasle protestak egiten ari dira azken bi asteotan, gobernuaren zorroztasun politiken ondorioz hezkuntza zentroetan dituzten baldintza txarren aurka. Ordezko irakasleen falta, gela beteegiak eta eraikinen egoera kaskarra dira, nagusiki, protestarako arrazoiak. Herrialde osoko lizeoetako ikasleek kalera atera dituzte beren eskariak, eta istiluak izan dira ikasleen eta Poliziaren artean. Frantziako Gobernuko iturriek emandako datuen arabera, 5.000 lagun atxilotu dituzte orain arteko protestetan. Edouard Geffray Hezkuntza ministroak jakinarazi duenez, Frantziako bigarren hezkuntzako 500 bat ikastetxe erabat edo partez itxita daude istilu horien ondorioz. Frantziako lizeotarren oldarraldiari lotu zaizkie Ipar Euskal Herriko ikasleak, eta mobilizazioak egiten ari dira bertako lizeoetan ere. 

Protesta giro horretan, Frantziako Gobernuaren eta ikasle mugimenduen arteko bilerak izan dira, eta ikasleek beren eskaerak helarazi dizkiete agintariei. Gobernuaren erantzunak, ostera, ez ditu ase ikasleak. Are gehiago, protesta horietan izandako suteak eta hondatze materialak direla eta, gobernuak iragarri du ikasleen bizkar jarriko duela horien ordainketa. Maud Bregeon gobernuko bozeramaileak zehaztu duenez, urriaren 27an eramango dute lege proposamena Senatura. Lege ekinbideari hausleak ordaintzaile deitu diote, eta haren helburua da manifestazioetan sortu diren kalte materialak ikasleek eurek ordaintzea. Bregeonek ikasleen aldarrikapen «legitimoak» eta «bortizkeriak sortutako hondatzeak» bereizi ditu. Esan duenez, «mugimendu bortitzek» hiri altzarietan eta hezkuntza zentroetan «dozenaka milioiren kalteak» eragin dituzte. Hortaz, lege proposamenak aurreikusten du baimenik gabeko elkarretaratze batean parte hartzen dutenek isunak eta kalte ordainak «erantzukizun kolektiboaren bidez» ordaintzea.

Proposamen horrekin batera, aurpegi samurragoa ere erakutsi nahi izan du gobernuak, ikasleen haserrea baretu nahian. Hartara, Sebastien Lecornu lehen ministroak ikasleen eskaerak asetzeko bide orri bat aurkeztu zuen atzo, eta ministroei ere eskatu zien neurri sorta bat aurkezteko hilabetearen amaierarako. Promestu du irakasleen gaixoaldi edo baimen luzeak ordezkatuko dituztela, eskolen jarraitutasuna bermatu, azpiegiturak hobetu, eta unibertsitatera sartzeko prozeduren gardentasuna handitu. Lecornu bihar bertan elkartuko da Frantziako eskualdeetako presidenteekin hezkuntza azpiegiturak berritzea aztertzeko. Esan du Hezkuntza Ministerioak 1.200 milioi euro gehiago izango dituela 2027rako.

Bihar, mobilizazio handien eguna

Ikasleen mugimenduek, baina, ez dute protestak gelditzeko asmorik, eta mobilizazioak antolatu dituzte biharko ere. Ikasleen mugimenduari, gainera, langileen zenbait sindikatu ere batu zaizkio. CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek —Ipar Euskal Herriko adarrak barne— bat egingo dute biharko protestetan. CGTkoek ondorengoa adierazi dute Xko beren kontuan: «Gaur egungo lizeotar eta ikasleak biharko langileak dira; ez dute zorroztasun politiken jasaterik».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA