Gutienez zazpi gazte gehiago atxiki dituzte gaur lizeotarren mobilizazioen harira

Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoan eta Angeluko Cantaun izan dira gaurko istilu nagusiak; polizia ugari izan dira Baionan ere. Frantziako ikasle sindikatuak mobilizazioetan parte hartzera deitu du heldu den asterako. Sindikatuak batuko zaizkie.

Lizeotarren mobilizazioa, joan zen astean, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Lizeotarren mobilizazioa, gaur, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko urriaren 2a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren blokeo eguna izan da Ipar Euskal Herriko lizeotarrentzat. Mobilizazioei oraino lotu ez bazitzaizkien atzo, Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoa blokeatu dute gaur hango ikasleek: sei gazte atxiki ditu Frantziako Poliziak, zenbait istiluren ondotik. Angeluko Cantau lizeoan ere tentsioak izan dira, atzo gertatu bezala. Lizeoa, haatik, aurrez hetsia zuten, Baionako Cassin, Paul Bert, Louis-de-Foix eta Etxepare bezala.

Bezperako gertakarien ondotik eta andeatze gehiagoren beldur, Baionako lizeo gehienetako zuzendaritzek ikastetxeak hetsiak atxikitzea deliberatu zuten gaurko. Cantau lizeoan ere erabaki hori hartua zuten, baina halere gazteak ikastetxearen aitzinean elkartu dira, mobilizazioen bidez salatu nahi dutenak eragiten dien kexua beste behin adieraztera. Hain zuzen, Frantziako lizeotarren oldarraldiari lotu zitzaizkien Ipar Euskal Herriko ikasleak atzo. Hezkuntzarako baliabide gehiago eskatu, eta babesa adierazi azken egunetan Poliziaren indarkeria jasan duten Frantziako ikasleei: horiek dituzte motibazioak.

Eguna aitzina, gaur ere Baiona zentroan batu dira hainbat lizeotako ikasleak. Eta manifestazio inprobisatuari ekin diote arratsaldean zehar. Giroa atzokoa baino anpleagoa izan bada ere, polizia ugari egon dira. Tentsioa igotzen ari zela, Poliziak gazte bat gehiago atxiki du, eta galdekatzeko eraman, Baionako Ikasle Antolakunde Sozialistaren arabera.

Orotara, beraz, gutienez zazpi gazte atxiki dituzte gaur; horrek erran nahi du hamazazpi gazte eraman dituztela atzotik. Baionako fiskaltzak atzo atxikitako hamar gazteen kopurua baieztatu zuen, baina gaurkoen daturik ez, oraingoz. Bardako agirian zorrozki adierazi zuen: «Aferak auzitara doaz sistematikoki, baita lehen delitua dutenen kasuan ere, hau baita hautua: berehalako erantzun penala ematea posible den bakoitzean».

IASek ere agiri bat zabaldu du gaur, ikasleen aldarriak babestu eta Frantziako Poliziaren bortizkeria salatzeko: «Hezkuntza sistema kapitalistak porrot egin du: batetik, murrizketa ekonomikoen ondorioz, hezkuntzaren kalitatean begi bistako kaxkartzea gertatzen ari da; bestetik, ikasle langileon aurkako erasoaldi horren aurrean altxa eta borrokatzen dugun ikasleoi jazartzen eta erasotzen digute, eta atxilotuak gara, hezkuntzaren izaera diziplinatzailean sakonduz».

Hain zuzen ere, atzo denbora guti behar izan zen astelehenetik geroz sareetan zabaldu diren indarkeria kasuen irudiak Ipar Euskal Herrikoan ere ikusteko. Lapurdiko hiriburuan gaindi, poliziek borraz jo zituzten zenbait ikasle, eta negar gasa zabaldu zuten taldeen barreiatzeko; ikasle bat begitartean zauritu dute, gazteak baieztatu duenez flashball tiro bat errezibituta begian.

Urriaren 6a

Ikasteko baldintza eskasak, irakasle falta, ikasgela beteegiak, azpiegituren andeatzea... Ikasleak haien asea oihukatzera atera dira karrikara azken egunetan. Gaur, agiri bidez, Ipar Euskal Herriko LAB, FSU, CFDT, Sud eta FO sindikatuek babesa adierazi diete protestan diren ikasleei: «Gazteen aldarrikapenak ez dira berriak. Urteak dira ikasteko baldintzen auzia mahai gainean dagoela, bai ikasleen aldetik, bai langileen aldetik. [...] Egoera horren aitzinean, lizeoetako ikasleen haserrea zilegia da. Haien aldarrikapenei erantzutea premiazkoa da».

Poliziak erabilitako indarkeria salatu du intersindikalak ere. «Indarraren erabilera ezin da haserrearen edo aldarrikapenen adierazpenari emandako erantzuna izan. Ikastetxeek ez dute bihurtu behar leku bat zeinean intimidazioa, zigorra eta errepresioa erabiltzen diren beren desadostasuna adierazi eta proposamen zilegiak egiten dituztenen aurka».

datuak

2.000

Zenbat pertsona atxilotu dituzten. Frantziako iturri ofizialek atzo jakinarazi zutenez, 2.000 lagun inguru atxilotu ditu Frantziako Poliziak ikasleen protestetan —%90 adingabeak dira—. Horrez gain, jakinarazi zuen gutxienez 65 lagun zauritu dituztela istiluetan; horietako berrogei, irakasleak.

Frantziako Hezkuntza ministroak adierazi duenez, laurehun bat ikastetxe hetsiak egon dira gaur mobilizazioen ondorioz. Arratsaldean, ikasle antolakundeek bilkura ukan dute ministroarekin, eta, «neurri konkreturik» proposatu ez zaien heinean, blokeoak eta mobilizazioak egiten segitzera deitu dute.

Zehazki, mobilizazio egun nazionalera deitu dute urriaren 6rako, hots, heldu den astearterako. Hainbat sindikatuk adierazi dutenez, mobilizazioei lotuko zaizkie haiek ere, hala nola CGT, FSU eta Solidaires sindikatuak —Ipar Euskal Herriko adarrak barne—. CGTkoek hau adierazi dute beren X kontuan: «Biharko langileak dira gaur egungo lizeotar eta ikasleak; ez dute zorroztasun politiken jasaterik».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA